ELORRIO | Castak irabazi du Ferixa Nausikoen kartel lehiaketa
Asier Castañares herriko diseinatzaile gazteak irabazi du aurtengo Ferixa Nausikoak iragartzeko Udalak antolatutako kartel lehiaketa. Diseinu grafikoan, web diseinuan eta inprenta lanetan diharduen gaztearen afitxa “kolore biziak” deitzen da eta aurkeztu diren 14 lanen artean onena dela erabaki dute bai herriak berak, baita epaimahaiak ere.
Asierrek 29 urte ditu eta badira hiruzpalau herriko jaietarako kartel lehiaketan aurkezten dela. Orain artekoek ez diote inoiz saririk ekarri baina 2010ean Castak bete-betean asmatu duela esan daiteke. Irudian koadrodun zapia buruan duela jaietako soinuak zabaltzen dituen pertsona agertzen zaigu. Herriko abesti ezagunari so egin dio Castak eta kartelean hamalau atsoak ez badira agertzen ere, tronpetek eta turutek ematen diote indarra eta esanahia.
“Jaiak beti dagoz kolorez beteta, kaleak kolorez jantzi egiten dira jaietan; koadrillen kamisetak direla, txapelak direla, txosnak, barrakak….Hortik dator “Kolore biziak” izenburua” azaltzen du. Saria 500 euro dira eta oraindik diruaz zer egingo duen ez dakien arren, “urte eskasa da aurtengoa eta badago non erabili”. Asier Eibarreko inprenta baten irudi korporatiboa garatzen ari da. Tartean, ahal duen neurrian, ikasten jarraitzen du. Internet, HTML-5, marketiña, argazkilaritza.
Aurten berrikuntza bat izan da lanak epaitzeko orduan. Epaimahaiak jendearen iritzia aldez aurretik jakiteko aukera izan baitu. Epaimahaian Cristina Sierra kultura zinegotzia, Javier Salaberria eta Mari Carmen Muñoz beste udal alderdi batzuen ordezkaritzan, Maitane Iribar Udaleko berdintasun teknikaria eta Jose Ramón Lazkano eta Iñaki Larrañaga, jaietako batzordearen ordezkari moduan. Horiek guztiek Lorea Litrago diseinugilearen aholkularitzapean jardun dute









