OTXANDIO | Otxandio jaietan murgilduko da asteburuan

Uztaila 16, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Otxandioko Santamaña jaiak zapatuan hasi eta hilaren 25rarte iraungo dute. Asteburu honetan Esne Beltza, Trikizio eta Joselu Anaien kontzertuak, gazte bazkari eta olinpiadak, folk kontzertua, “Olympikas” antzerki obra, umeentzako jolas zein puzgarriak eta Mikel Goñi protagonista izango den pilota partidua izango dira nagusi.

Jaiak, uztailaren 17an, zapatuan, hasiko badira ere, barikuan 20:30etan bertso desafioa izango da. Arabarrak eta Bizkaitarrak leian jarriko dituen bertso desafio horretan Aramaioko eta Iurretako bertsolariak arituko dira.

Uztailaren 17an, zapatuan, jaiak oraindik hasi gabe egongo direla ere, Guraso Elkartekoek umeentzako jolasak prestatuko dituzte goizerako. Eguerdi aldera, gazteek testigua hartu, eta gazte bazkaria eta olinpiadak burutuko dituzte. Gaueko bederatzietan, orduan bai, jaiei hasiera emateko momentua iritsiko da. Ordu horretantxe, Urduri Dantza taldeak aurten 50.urte bete dituenez, jaietako txupinazoa jaurtiko du. Jarraian, urteroko danborrak herriko bazterrak zeharkatu ditu. Gauerako Esne Beltza eta Trikizio taldeen kontzertuak prestatu dituzte.

 Domekan, Santamaña eguna ospatuko da. Goizean zehar, txistularien eta herriko banderan kalejirak eta Urduri dantza taldearen ekitaldia izango dira. Arratsaldean berriz, Mainondoko frontoian kadeteen pilota partidua eta gero, Mikel Goñi protagonista duen partidua izango da. Hori bukatuta, herriko plazan Iñaki Plazak eta Ion Garmendiak “20 Hatz Proiekt” izeneko ikuskizuna eskainiko dute. Gauen Joselu Anaiak taldearen eskutik dantzaldia izango da.

 Astelehena, umeentzako eguna izanik, 11:00etan umeentzako parkea, 12:00etan Iluntxo pelota eskolaren partiduak eta 17:30etan Poxpolo ta konpainia pailazo taldearen “Segi jotzen” ikuskizun berria izango dira egitarauaren oinarri. Umeak alde batera utzita, gazte eta helduentzako, 20:00etan, Hortzmuga antzerki taldeak “Olympikas 2012” izeneko obra eskainiko du.

Idatzi zure iruzkina