OTXANDIO | Euskal Herria desagerrarazteko gurutzadaren aurrean, herritarrek Euskal Herri handi bat marraztu dute jaietako kartelean.

Uztaila 15, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Nafarroako eta E.A.E.ko gobernuek zein estatu frantses zein espainiarrak, testu-liburu, ikastetxe eta orohar edozein lekutik Euskal Herria terminoa kendu nahi duten honetan, Otxandioko Jai Batzordeak Euskal Herria oinarri duen jaietako kartela aukeratu du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, herritarren nahien gainetik, ikurrinaren ondoan bandera espainiarra jarri dutela edota Euskal Herria terminoa ikuspegi sozial kultural huts batera mugatu dutela jakina da. Era berean ere, jakina da Nafarroa Garaian ikurrinaren eta euskal identitatearen aurka jotzen dutela, euskararen eremu geografikoa mugatuz eta Olentzero kalera ateratzeko trabak jarriz adibidez. Berdintsu Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, euskal nortasuna eta identitatea zuzenean folklorearekin lotzera mugatzen direlarik.

Errealitatea desitxuratzeko saiakera honen aurrean, eta Otxandioko jaiak hastear dauden honetan, herritarrek Euskal Herria terminoarengatik eta euskal nortasunarengatik apustu sendoa egin dute. Horretarako jaietako kartelean Euskal Herri handi bat marraztu dute. Era berean, eta euskal nortasunari dagokionez, jai batzordeak festetako egitarau guztia euskara eta euskal kultura oinarri izanda garatu duela ziurtatu du.

Otxandioko Santamaña jaiak uztailaren 16an hasi eta uztailaren 25an amaituko dira.

Idatzi zure iruzkina