DURANGALDEA| Musikagaztetxeroa proiektua abian

Uztaila 13, 2010 by altzoan1  
Filed under Gaiak | Durangaldea, General

Durangaldeko eta Lemoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladek ekimen berria jarri dute abian: Musikagaztetxeroa. Musika taldeen eta Koordinadoraren arteko truke bezala planteatzen dute. Bidean, azaroan egingo den maratoi bat eta Durangoko Azokan aurkeztuko den disko bat izango dira.

80ko hamarkadako garaiak gogoratuz, “musika taldeak inposatutako jendarte ereduaren kontra agertzeko tresna” izan direla azaldu dute oharrean. Baina horretarako hainbat arazo eta oztopo dituztela, musika komertzialari zabaltzen dizkiolako ateak bakarrik gaur egungo sistemak. Horregatik, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadorak laguntza eskaintzen die, truke eran. Hau da, disko batean parte hartzeko aukera ematen diete taldeei, baina bueltan kontzertu bat eskainiko dute Koordinadorak azaroan antolatuko duen kontzertu-maratoian.

“Proiektu honek musika estilo eta sormen guztiak onartzen ditu”, eta antolatzaileek parte hartzeko baldintzak azaldu dituzte:

“- Taldeko kideak Durangaldekoak edo Arratiakoak izan behar dute.

- Grabatu behar den abestia derrigor izan behar da euskaraz, haubaita gure hizkuntza.

- Grabatzen duen taldeak kontzertua eskaini beharko du azaroan Durangon, antolatuko den maratoian.”

Azaldu dutenaren arabera, uzatailaren 30a da proiektuan izena emateko azken eguna, eta musikagaztetxeroa@gmail.com helbidera bidali behar dira datuak (taldearen izena, partaideak, istorio laburra, herria, ze instrumentu eta argazki bat ere bai).

Idatzi zure iruzkina