Durangaldean hauteskunde-kanpainian gaude |
Joan den barikuan PNV hauteskunde-kanpainaren atal berri bat ikusi genuen. Gure eskualdean Bizkaiko ahaldun nagusia izan genuen, herri-lanen ahaldunak lagunduta eta alderdi bereko inguruko hainbat kargu publikoren koruarekin.
Oraingoan dakarkiguten oparia hainbat kilometrotako autobide, sahiesbide eta autopista dira, beraien arabera gure mugikortasun arazo guztiak konponduko dituztenak.
450 milioi euro baino gehiago gastatu nahi dituzte azpiegitura berriak eraikitzeko, zeinak amaituta egon bezain laister erakutsiko duten arazoa areagotzeko besterik ez dutela balio, holako bat egiten duten bakoitzean gertatzen den moduan.
Oraingoan ere, Aldundian ez da inolako hausnarketarik egin garapen ereduaren inguruan, ezta garraio ereduari dagokionez ere. Honen moduko azpiegitura erraldoiak herritarrei galdetu barik planteatzen dutenek ez diote inolako kritikarik egiten euren buruari.
Gure eskualdean 450 milioi euro baino gehiago gastatuko dituztela diote, baina ez dute bertoko udalekin kontsultatu, ia autobideen ibilbidearekin ados dauden. Edo konstulta egin dute, baina guztia erabakita zegoenean. Hori bai, aurkezpenerako alkate guztiak gonbidetu dituzte, txalo egin dezaten, baina iritzia emateko aukera barik.
Ez da hau gure eskualderako nahi dugun eredua. Ez dugu gura 450 milioko “konponbiderik”, ezer konpondu barik arazoa areagotuko duena. Guztion dirua gastatuta betikoen negoziorako nahiak asetzeko planteatzen diren azpiegiturak oinarri dituen eredua ez da gurea.
Gure ustez eztabaida sakon eta zabala eman behar da, behar dugun gizarte eta garapen eredua erabakitzeko; garraio ereduaren ardatz nagusia garraio publikoa izango duena, berau benetan sustatuta, auzoak, lantegiak, ikastetxeak eta erosketa guneak behar dan moduan elkarlotuta. Berba baten, guztiok egunero erabiltzeko moduko garraio publikoa behar dugu, eta ez azpiegitura erraldoi gehiago, kotxearen erabilera pribatua sustatu besterik egiten ez dutenak, gure etorkizuna eta gure seme-alabena hipotekatzen dutenak. Eta eredu hori denon artean erabaki nahi dugu.
Durangaldea maite dugulako









