DURANGALDEA| Greba Orokorrarekin bat egin du Ezker abertzaleak

Ekaina 25, 2010 by altzoan1  
Filed under Gaiak | Durangaldea, General

Durangaldeko Ezker abertzaleak iritzia bidali digu, ekainaren 29ko greba deialdiarekin bat eginez.

Aldaketa politiko eta sozialaren alde: Zutik langileria! Zutik Durangaldea!

Egun bizi dugun krisi ekonomikoaren harira langileok inoiz ezagutu dugun erasorik bortitzena pairatzen ari gara. Aski ezaguna da egun indarrean dauden politika fiskal eta ekonomikoek jauntxoen zerbitzura egindako neurriak baino ez direla. Hau da, egun bizi dugun lan eskubideen inboluzio orokorra (“krisi ekonomikoa” izenez ezagutua) jauntxoen eta hauek ordezkatzen dituzten alderdi politikoen interesen arabera dagoela diseinatuta. Legeak gutxiengoa diren elite ekonomikoen interesen arabera daude eginak. Lege erreformaren kasuan, gehiengoa garen langileen beharrei erantzun beharrean, kapitalaren eta honen ordezkari diren elite politikoen interes eta helburuei baino ez die erantzuten

Gauzak honela, esku arrotzek euskal langileoi inposatu nahi diguten lan erreformak bi helburu nagusitan laburbildu ditzakegu.

1) Lan baldintza duinak dituzten langileak ordezkatu eta prekarietatean oinarritutako lanpostuak sortzea, helburu nagusi eta argi batekin: lanpostu prekarioen bitartez patronalaren etekinak nabarmen handitu eta kaleratze kostuak gutxitzea.

2) Lege erreforma honen bitartez patronalari aldebakarreko erabakiak hartzeko eskumena ematen zaio. Gehiengo garen langileon lan baldintzak aldatzeko gaitasuna ematen zaio, hitzarmen kolektiboen gainetik. Horrenbestez, lege erreforma honek, hitzarmen kolektiboak negoziatzeko dugun eskubidea urratzen du.

Ezker Abertzalean oso argi daukagu egun aurrera eraman nahi duten lege erreforma hau testuinguru zehatz batean kokatu behar dela: erabakitzeko eskubidearen ukazioan. Gure ustez, erreforma hau ez da krisiari aurre egiteko tresna eraginkorra. Alde batetik, egungo krisiak sorrera indarrean dagoen eredu neoliberalean duelako, eta ez kimatu nahi dituzten langileon oinarrizko eskubideetan. Eztabaidan jarri eta moldatu beharrekoa Euskal Herrian inposatu diguten eredu politiko eta sozio-ekonomikoa bera da, eta ez berez bortxatuak izaten ari diren oinarrizko eskubideak. Beste alde batetik, krisiaren sorrera, eraginak eta kudeaketa ereduak berriro argiki erakusten digute herri honek burujabetza beharrezkoa duela, arlo politiko zein sozio-ekonomikoan herri bezala dagozkigun erabakiak hartu ahal izateko, bai krisiari aurre egiteko bai berezko eredu politiko, ekonomiko eta soziala garatu ahal izateko.

‘Zutik Euskal Herria’ ebazpenean jasotzen dugun bezala, aldaketa politikoari aldaketa soziala gehitu nahi diogu: aldaketa sozialik gabeko aldaketa politikoa hankamotz geratuko litzatekeelako, eta aldaketa politikorik gabeko aldaketa soziala ezinezkoa delako. Beraz, eredu neoliberalak ezartzen duen bidegabekeriari aurre egitez gain, garatu beharreko ezkerreko borrokak herri zein langile sektoreen indar metaketa ahalbideratu behar du, gure eredu politiko eta sozio-ekonomikoa burujabetzatik eraikitzeko.

Zentzu honetan sindikalgintza burutzen ari den lana funtsezkoa da. Eta Durangaldeko Ezker Abertzaleak pausu garrantzitsua deritzo ekainaren 29an gehiengo sindikalak deitutako Greba Orokorrari. Deialdia aldaketa politiko eta sozialaren norabidean eta herri eta langile bezala ditugun eskubideen defentsan beste urrats bat den heinean Ezker Abertzaleak bat egiten du deialdiarekin. Aldi berean, aldaketa politiko eta soziala ezinbestekotzat jotzen duten herri sektore orori, greba egunean zein Bilbon eta herrietan burutuko diren mobilizazio desberdinetan parte hartzera dei egiten diogu. Herri honek beharrezkoa duen aldaketa politiko eta sozialean beste urrats txiki bezain sendoa emateko.

Aldaketa politiko eta sozialaren alde: Zutik Langileria! Zutik Durangaldea!
Ekainaren 29an Greba Orokorra, Durangaldea kalera!

Durangaldeko Ezker Abertzalea.

Idatzi zure iruzkina