EUSKAL HERRIA| Euskal gazteen aurkako errepresioa salatu dute Bruselako kaleetan
Maiatza 30, 2010 by otxandio
Filed under Euskal Herria, General
Euskal Herriko manifestazioetan ohikoak diren aldarriak entzun dira Bruselako kaleetan. GaztEHerriak deituta, manifestazioa egin zuten atzo ehunka gaztek. Euskal gazteriaren aurkako «errepresioa» salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde egin zuten, Freedom for the Basque Country. Civil and political rights for the basque youth lelopean (Askatasuna Euskal Herriarentzat. Eskubide zibil eta politikoak euskal gazteentzat). GaztEHerria ekimenak nazioartean eginiko kanpainaren emaitza da manifestazioa. Hori hala, nazioarteko hainbat gazte erakundetako ordezkariek hartu zuten parte.
GaztEHerriakoek jakinarazi dutenez, Euskal Herritik hamabi autobus joan ziren hara. Bruselara iritsi zirenean, han bizi diren hainbat euskal herritar eta nazioarteko hainbat eragile zituzten zain, eta txaloka hartu zituzten.
Manifestazioa 15:30 inguruan abiatu zen Roi Albert bulebarretik. Euskal presoen aldeko banderak, argazkiak, ikurrinak eta Nafarroako banderak ikus zitezkeen. Euskal gazteria aurrera; independentzia; utzi bakean euskal gazteria; gazteak gara, ez terroristak eta antzeko leloak oihukatu zituzten. Era berean, zenbait gaztek eskuorriak banatu zituzten Bruselako herritarren artean. GaztEHerriak nazioarteko eragileekin euskal gazteen eskubide zibil eta politikoen alde eginiko agiriaren edukien berri eman zuten orri horien bitartez.
17:45 aldera bukatu zen manifestazioa, hiriguneko Albertinaplein plazan. Bertan, ekitaldi berezi bat egin zuten, eta Ogra Sinn Feineko kide batek eta GaztEHerriako ordezkariek hartu zuten hitza.
Andoni Rojok eta Itxaso Cuevasek, GaztEHerriaren izenean, elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten. «Denok lanean, bakoitza beretik, baina denok batera, elkarlanean lortuko dugu ametsa zena errealitate bihurtzea», adierazi zuten.
Salatu zuten independentziaren aldeko lana ez dagoela egiterik askatasun osoz. GaztEHerriako kideen arabera, Espainiako eta Frantziako estatuek independentziaren aldeko elkarlanari «beldur» diotelako «atxilotu eta torturatzen» dituzte gazte eragileak.
Ogra Sinn Feineko kideak, berriz, «autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria aurrera eraman duten eta daramaten herri txikien lana» nabarmendu zuen, eta bereziki euskal gazteriaren lana txalotu zuen. «Europan zehar gaitasun handiena duen gazte mugimendua» dela esan zuen. Eusko Gudariak abestuz amaitu zen ekitaldia.
Poliziak errepidean
Ehunka lagun irten ziren herenegun Hego Euskal Herriko hiriburuetatik GaztEHerriak antolatutako hamabi autobusetan. Bidaia luzea zuten aurretik. Gaua autobusean igaro eta eguerdian Bruselara iristea zen antolatzaileen asmoa. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugara iristean, baina, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak jarritako errepide kontrolekin egin zuten topo. Autobusak geldiarazi zituzten, eta horietako batzuk ordu eta erdiz eduki zituzten atxikita.
GaztEHerriako kideek jakinarazi dutenez, Espainiako Poliziaren kontrolean gazte guztiak jaitsarazi zituzten autobusetatik, eta, banan-banan, izena eta abizenak esanarazi zizkieten bideo kamerekin haien aurpegiak grabatzen zituzten bitartean.









