Galder Gonzalez |
BIGARREN ZATIA HASI ORDUKO! |
Mayor Orejak badaki zer esaten duen. Zakur zaharrak inperioko suak nola piztu aspaldian du ikasia. Partidaren deskantsuan gaudela dio, bigarren zatia prestatzen. Bakoitza bere txokoan (batzuk gerizpean). Berdinketak meritua zeukan baina luzeegi jo du antza (77tik bueltaka dabiltzanentzat batez ere), entrenatzaileek jokaldiak marrazteko arbelak zuritu dituzte, estrategia berria idazten hasteko. Hausnarketa: Orain artekoek, gaur egun, ez dute irabazteko balio.
Egigureni arbelean idaztea gustatzen zaio, bereak dira lerro gehienak. Azken urteetan gaiztoetan gaiztoena ez dela irudikatu digun arren, komisarietan bortxatzen jarraitzen dela badaki eta estatuko aparatuei darien kiratsak ez dio aurpegia aldarazten. Polizia txarra eta onaren teknika zaharra bezain efektiboa. Behar bada konponbideak seduzitu zuen behin, baina garaipenaz mozkortu nahian dabil oraingoan.
Konstituzionalistek argi dute alineazio berria. Zapaltzaileak ez ditu ordu luzetako hausnarketak egiten, zapaldu eta listo, erabaki erraza.
1.Lerroan. Errepresioa.
Hauek ez ditugu inoiz bankiloan eseriko! Beldurra zabaltzen, mehatxuekin eta traban daudenak erditik kentzen jarraitu behar dugu! Idatzi dute (Aresi lerdea dario, mendeku gosez ari da).
2.Lerroan. Espainoletan espainolenak ondoan.
Fatxak, manporreroak eta eliza ahal bada. Apustua estrategiko bilakatu da, epe luzera begirakoa, inork ez dezala kontrakorik pentsa. Bi urte barru seguruenik PP gobernuan. Bai, hobe gaurdanik bidea elkarrekin egitea.
Urkullu oraingoz bankiloan (holakorik hasieran ez genuen espero). Lasai egon, bere minutuak izango ditu eta. Partida borobiltzeko ezinbesteko pieza dela esan diote belarrira.
3.Lerroan. Deseraikuntza nazionala.
Nafarroako modeloa praktikan jarri. “Herri honetan ez da sekula gatazkarik izan”. Historia aldatzea posible da, beste era batera idatzi eta irakatsiko duen norbait badaukazu. Hormigoiarekin Europako herririk zaharrenetakoaren aztarnak estal daitezke, abertzaleek zeri heldu izan ez dezaten. Euskarari garrantzia kentzen joan behar zaio, Patxik jada euskaltegia utzia dauka.
Ajuria Eneako aldageletan “Hay que salir con la roja” entzuten da, euforia puntu batekin ari direnik ezin uka. Baina ez dituzu sekula mitin batean ¡Viva España! arro oihukatzen entzungo.
Diktadura batetik jaiotako “demokrazia” honek ez ditu bere arazo historikoak konpondu. Fusilatuen zerraldoen gainean lur nahikorik ez zuten bota. Hil zituztenen arrazoiek bere horretan diraute. Irabazleen bakeak agintzen duenean, beldurra ezagutu zutenen isiltasunaz eta inpotentziaz errealitatea desitxuratzen saia zaitezke, baina sekula ez duzu zure helburua lortuko. Irakaspen hau denentzat baliagarri.
Trantsizioan ezker abertzaleak, gizarteko sektore batzuetan gailendu zen inpotentzia eta inkonformismoari eutsiaz, bere ibilbidearekin jarraitzea erabaki zuen. Erregimen aldaketaren aurrean galtzaile sentitzeari uko egin eta aurrera jo zuen lanerako espazio ezberdinak sortzen jarraituz, herri honetan sinesten zutenei baliabideak eskainiz, borrokarako eremuak zabalduz eta territorio askeak sortuz. Horiek izan dira gure ezaugarriak. Konplexurik gabe, sistemak eskaintzen zituen goxoki pozoituei erreparatu gabe.
Garai hartan hartutako konpromisoaren ondorioz, gehiengoak Euskal Herriaren ideia burutik ken dezan zenbat belaunaldi beharko dituzten kalkulatzeko ez dira kapaz espainolak, ibilbide orria argi duten arren, asimilazioak zenbat denbora eramango dien ezin begitandu. Horratx gure garaipenetako bat!
Partida ez da bukatu. Irribarrea etsaiak ez digu sekula aurpegitik kendu, baina deskantsura nahiko zizko eginda iritsi garela ezin daiteke uka. Gure aldagela klandestinoan hausnartu dugu; pixka bat. Aspalditik ez dugula golik sartzen.
Jokaldien arbelean norbaitek idazteari ekin dio. Entrenatzailerik gabeko ekipoa da gurea, bada ezpada, ezen ez baitute asko irauten. Ezin izenik eman, alineazioa are gutxiago. Bankiloan nor geratu behar den argi dute batzuk, denek ez alegia.
SlowFood=Astiro jan: ez atragantatzeko filosofia oso interesgarria. Estrategia berri bat idazten duzunean kontsentsua ezinbestekoa da, bestela ez da ondo aterako. “Kontsentsuak denbora behar du ezinbestean”, dio ekipoko psikologoak, beraz goazen lasai ibiltzera.
1.Zutabea. Atezain berria; Herria.
Horrela ez digute golik sartuko. Logika dauka baina Katalunian ez du funtzionatu gehiengoa diren arren. Herri aktibazioa nola lortu definitua ez dutelako, beste gauza batzuen artean. Guk ere definitu beharko genuke. Herri aktibazioa, jarrerak, baliabideak, desobedientzia… noraino iristeko prest gauden argi erakutsi behar dugu ekipoan sartu nahi dugun guztiok. Kasik hau da denen artean definitu beharreko lehen gauza, egiteke duguna.
2.Zutabea. Errepresioa jokoz kanpo utzi.
Herri honetan tortura desagertzen denean joko zelaia goitik behera aldatuko da. Etsaiak badaki inkomunikazioak hezurretaraino beldurtzen gaituela, paralisia sortuz eta belaunaldi berriak zokoratuz. Beraz esfortzuak merezi du.
Presoen kolektiboari indarra eman, bisitaz bisita, etsaiak garaipenaren zirrikitua zabaldu nahi baitu barruan. “Divide y vencerás”; senideok behintzat ez gaitzatela honetarako erabili.
3.Zutabea. Eraikuntza nazionala.
Durangaldean, bihotza jarri ezkero, izerdia botatzeko nahikoa lan eremu daudela badakigu. Hamarnaka arlo estrategikotan eragiteko eta eraikitzeko kapaz gara, udaletxe barrutik zein kanpotik.
2011ko hauteskundeetan ez gara legalak izango. Arbelean idazteke geratzen da behingoz egoera honetan, instituzioak nola borrokatu. Azken urteotan legaltasunean baina Damoklesen ezpata alderik alde sartuta aritzeak ere zer pentsatua eman digu.
4.Zutabea. Estranjeruak fitxatu.
Sudafrikarrek asko omen dakite, mundiala antolatzen ari direlako akaso. Hasieratik zelairatu ordez azken jokaldia borobiltzeko balira, neure uztez, hobeto. Gutxienez penaltiak jaurti, faltak bota edo hesian jarriko diren argi esplika diezagula norbaitek. Hasia nago pentsatzen etsaia despistatzen saiatzea baino, etxekoei esplikazio guztiak ematea hobeto ez ote den. Motibazioaren asuntoagatik batez ere.
Jokaldiak denek berdin ulertzen ez ditugunean golak nork bere atean sartzea gerta daiteke.
Partida asten denean, seguruenik lehen gola etsaiak egingo duelakoaren sentsazioa daukat. Baina partidak jarraituko du deskantsu gabe. Aurrerago egonen dira gol psikologikoak, baliogabetuak eta antologikoren bat edo beste. Txartel hori eta gorriak asko eta non-nahi seguru. Baina luzea izango den bigarren zatian, pazientziaz jokatu behar dugu, epe laburreko jokaldiekin obsesionatu gabe. Eta hor, saio luze horretan, izan behar gara konstante eta nekaezin, arrazoiak ematen digun indarrak, irabazle eginen gaituelako.









