Aitor Sarrionandia |

Maiatza 4, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

KONTSULTA INDEPENDENTZIAZ |Apirilaren 24an, domekan, Kataluniako milioi bat inguru lagunek aukera izan zuten Independentziaren inguruko kontsultan parte hartzeko. Komunikabideetan tarte handia eman zioten gaiari, eta behin eta berriro aipatu zuten ezker abertzalearen ordezkaritza Katalunian begirale zela.

2009ko irailean Areys de Munt izan zen Kontsulta antolatzen lehen herria. Ordutik hona hainbat herritan egin dute erreferenduma, Apirilaren 24ko deialdia izan zen orain arteko handiena. Parte hartzea, orain arte, %20 ingurukoa izan da, handiagoa herri txikietan eta txikiagoa hiriburutan. Ikusgarria izanten ari omen da jende nagusiaren eta aspalditxoan politikatik baztartutako jende baten parte hartzea.

Emaitzen inguruan, parte hartzearen gainetik garrantzia handia eman diote jende ezberdina biltzeko gaitasunari, eta antolaketan parte hartzeko bildutako jende piloari.

Euskal Herritik ikusita, eta Kataluniari buruz daukagun ezagutzarekin, hala ere, ez da erraza mobimendu hau bultzatzen duen indarra irudikatzea. Urte askotan politika instituzionalizatua eta ezker abertzalearen sakabanaketa izan dira Kataluniaren erreferentzia, eta herri mugimenduak indar handiz jarraitzen duen arren, kontsulta prozesu honen antolaketaren inguruko pista gehiago bilatzeko gogoz izan nintzen.

Tarragonako Montblancen urteetan zinegotzi independiente izandako David Vallverdúrengana jo nuen orain dela aste batzuk, bere herrian Otsailaren 28an izan zutelako kontsulta horietako bat. 5269 laguneko erroldan independentziaren aldeko 1278 boto (%96) jaso ziren bertan.. David Vallverdúri eskatu genion antolaketari buruzko azalpen bat, eta hau bidali zigun.

“MONTBLANC DECIDEIX”, CATALUNYA-KO INDEPENDENTZIAREN ALDEKO ERREFERENDUMA ANTOLATZEKO TALDEA.

“Montblanc Decideix” koordinadora 2009ko irailaren 13an Areys de Munten egindako independentziari buruzko kontsultaren eta Nazio Koordinakunde baten sostenguarekin 167 herri gehiagotan egindako kontsulten ondorioz sortu zen.

Kontsulta guzti hauek motibazio handiko jende eta erakundeek antolatu zituzten, beraien arteko alde eta haserreak alboan utzita elkarrekin helburu komun baten aldean lanean jartzeko: herriak Kataluniako Nazioaren etorkizuna era libre batean erabaki ahal izan dezala.

Montblanc-eko Udalak hauen antzeko kontsulta burutzeko borondatea erakutsi zuen, eta hala agertzen zen 2009ko irailaren 25ean onartutako mozioan. Bertan onartzen zen galdeketa antolatuko luketen erakundeei babesa ematea.

2009ko azaroaren 5ean hainbat banakoen eta erakundeen ordezkarien arteko bilera egin zen, Montblanc-en galdeketa antolatzeko aukerak aztertzeko. Bertan erakunde eta jende gehiagorekin harremana izatea adostu zen, hala Montblanc Decideix Koordinadora eratzeko.

Azaroaren 20an Koordinadora eratu, eta lantalde bakoitzaren arduradunak aukeratu ziren, hala hasi zelarik 2010eko otsailaren 28ko kontsultarako bidea. Bileran Montblanc Decideix Koordinadoraren sorrera manifestua adostu zen, erabaki eskubidea:

* Herri eta nazio guztien oinarrizko eskubide kolektibo bat dela, Nazio Batuek Giza eskubideen inguruko itunetan zehazten duten bezala
* Gure Herriko banakoen eta taldeen bizitza baldintzak hobetzearekin lotuta dago.
* Gizarte ariketa demokratikoa da batez ere, elkarrizketa eta elkar laguntza prozesua irekitzea derrigorrezko bihurtzen da, eta dinamika ireki eta parte-hartzaileak bultzatu behar dira, sozialki integratzaileak eta erabaki eskubidearen ariketa librerantz bidean aurrera egiteko errespetuz gainera. Aldi berean demokraziaren ideian muturrik oso, bukatu eta beteena da.

Bildutako erakunde eta jende guztiak adierazten du Koordinadorak herritarren ordezkaritza osoena izatea garrantzitsua dela; ahots propioa behar du, alderdi politikoen koloreetatik, erakundeen interes partikularretatik eta protagonismo asmoetatik aldenduz. Protagonismo hau Koordinadorarena berea izan behar du. Arrakasta Montblanc-eko herritarrena izango da, eta garrantzitsua da ahalik eta erakunde gehienak eta ahalik eta jende gehiena komisiora sartzea, kontsulta parte hartze arrakasta izan dadin.

Komisioa herritarren parte hartze zuzena da. Argi dago ideologia anitzetatik habiatuta Kataluniako gizartearen beharrak eta etorkizunerako helburuak betearazteko gure herritarrek beraien bizitza kolektiboaren inguruko kontuen inguruan iritzia emateko aukera behar dutela.

Oinarri horietatik abiatuta kontsulta eguna otsailaren 28rako zehaztu genuen, eta antolaketa lana hasi.

Kontsulta zuzena izan zedin, serioa eta iruzurrik gabekoa, herriko batzorde elektoral bat izendatu zen, herrian izen ona duten 5 lagunek osotuta: abokatu bat, gestorea erretiratutako maisu bat, historialari bat eta apaiz bat. Bostak izan ziren 28ko kontsulta egunean bertan eta aurreratutako bozka emate guztietan kontsultaren funtzionamentua bermatzeko arduradunak.

Kontsulta honetan erroldako daturik ez dugu eskura izan, eta horregatik programa informatiko baten laguntzaz egin izan dugu lan bakoitzak boto bat baino gehiago ematerik izan ez dezan.

Kontsultatan herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edonork hartu dezake parte.

Kontsulta egunerako Montblanc Decideix-ek 73 erakunde, talde, alderdi politiko eta sindikatuk manifestuaren alde agertzea lortu du, eta horrela kontsultaren alde agertzea.

Idatzi zure iruzkina