Ezker abertzaleak uste du “ETAk prozesu demokratikoarekiko apustua” egin duela

Martxoa 23, 2010 by otxandio  
Filed under Euskal Herria

Txelui Morenori “garrantzitsua” iruditu zaio erakunde armatuaren azkeneko agiria. ETAk dio “aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna” dauka.

Txelui Moreno ezker abertzaleako kideak adierazi du “oso posiitboa” dela ETAk atzo kaleratutako agiria, “prozesu demokratikoa garatzeko apustua” egin duelakoan erakunde armatuak. ETAk agirian dio “aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna” daukala. Ezker abertzaleak asteazkenean, egun bat lehenago ustezko etakideek Frantziako polizia bat hil ondotik, “prozesu demokratikoarekiko konpromiso argi eta zehatzak” hartzeko eskatu zion ETAri. Honen agiria, dena dela, Jon Anzaren gorpua agertu eta Frantziako tiroketa gertatu aurretik bidalitakoa da, martxoaren 10ekoa.

“Agiria garrantzitsua dela iruditzen zaigu”, esan du gaur Morenok Herri Irratia Loyola Median, “beste pauso bat da prozesua bukaerara iristeko”, eta “beste aldeari” gauza bera egiteko eskatu dio, “ETArena bezala mugimendu txikiak badira ere”. Espainiako Estatuari zuzendu zaio, batik bat, ezker abertzaleko kidea, eta errepresioa eta eskubideen murrizketa geratzeko galdegin dio. Hark dioenez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak “nahikoa baliabidea badu ezker abertzalearen pausoak oso garrantzitsuak direla jakiteko”.

Anoetako metodologia berretsi du Morenok: bi mahaikoa. “Horietako batean ETAk eta Espainiako Gobernuak segur aski armez eta presoez hitz egin beharko lukete”.

Haren arabera, Frantziako polizia hil izana “larria” da, baina berriro esan du ez direla halakoak gaitzesten hasiko, “ezker abertzalea kriminalizatzeko estrategia delako hori”.

Idatzi zure iruzkina