IURRETA| Segurtasun neurri duinak eskatu dituzte
Kontzentrazioa burutu dute ezbeharra gertatu den Euskal Kataforesis enpresaren aurrean segurtasun neurri duinak eskatzeko.
Ostiralean emakume bat hil zen Iurretako Arriandi Industrialdean dagoen Euskal Kataforesis enpresan. Ezbeharra makina jasotzaile batek zeraman karga galdu zuenean gertatu zen, areatzako 39 urteko emakumea bertan hil zelarik. Hau horrela, astelehen goizean sindikatuek eta langieleek kontzentrazioa burutu dute enpresaren aurrean.

Sindikatuak bat datoz ezbeharra aspalditik gain produkzioagatik langileak jasaten ari diren lan erritmo gogorraren ondorio dela. LAB sindikatuak jakinarazi izan digunez, egoeraren larritasuna ikusita, iazko abenduan salaketa bat jarri zuen gizarte-segurantzako ikuskatzaileek enpresako arazoan esku har zezaten, egoera konpondu asmotan. Gizarte-segurantzako administrazioak ordea, ez zuen salaketa aintzat hartu, jasotako salaketan ez zirelako ordurarteko ezbeharren gertakariak aipatzen eta enpresako gehiengo sindikalak ez zuelako salaketa bideratu. Sindikatuaren arabera, “jarrera honekin administrazioa gertatutakoaren konplize ere bada”.
Bestalde, astelehen arratsaldean 25 lagun batu ziren Iurretan, prekarietateak hil egiten duela salatzeko eta era berean beharrezkoak diren segurtasun neurriak eskatzeko.
IURRETA| Langile bat hil da
Euskal Kataforesis enpresako emakumezko langile bat hil da gaur goizean.
Goizeko 11:00 aldera Iurretako Arriandi Industrialdean dagoen Euskal Kataforesis enpresan gertatu da ezbeharra. Makina-jasotzaile batek zeraman zama galdu egin du eta 39 urteko emakume areatzarraren gainera erori da bertan hil delarik.
Lab sindikatuak jakinarazi izan digunez enpresa batzordeak hainbat alditan salatu izan du enpresan ematen ari ziren lan baldintza gogorrak. “Langileek lan erritmo gogorrak pairatzen dituzte gain produkzio izugarriaren ondorioz eta bestalde prebentzio neurriak falta dira”.

Enpresa batzordeak datorren astelehenerako lanuztea deitu du eta 12:00etan kontzentrazioa burutuko da enpresa aurrean.
Arratsaldeko 19:00etan berriz, Iurretako Azkondo kalean kontzentrazioa burutuko da prekarietateak hil egiten duela salatzeko eta lan istripu gehiago gerta ez daitezen beharrezkoak diren neurriak eskatzeko.
IURRETA| Amatza auzoko San Martin jaiak asteburu honetan
Bihar emango diote hasiera San Martin 2010 jaiei Amatzako auzokideek
Larunbatean arratsaldeko 19:00etan Donien atzaren igoerarekin bat hasiko dira amatzako 2010-eko San Martin jaiak. Ondoren auzoko dantzariek azken entsaioa burutuko dute. 20:30etan berriz tortila txapelketa hasiko da eta prestatutako tortilekin afaria izango da bertsolari eta guzti.
Igandean goizeko 11:00etatik aurrera trikitilariek burutuko duten kalejirarekin Amatzako auzoa alaituko dute. 12:00etan meza nagusiaren ostean dantzariak arituko dira eta bertaratutakoentzat luntxa egongo da. 15:00etan bazkari herrikoia izango da eta arratsaldean berriz karta lehiaketa, igel txapelketa eta umeentzako jolasak egongo dira.
GREBA OROKORRA| Komertzio gehienak itxita Iurretan
Tabernak itxita aurkitu ditugu Iurretan, eta komertzio gehienek ere pertsiana behean izan dute.
Kalean jende gutxi zegoen eta, eta Arriandiko poligono industrialean ere enpresa gehienek bat egin dute grebarekin. Mugimendu gutxi ikusi ahal izan da Iurretako industrialdean.
Arratsaldean Durangoko manifestazioarekin bat egingo dute iurretarrek, 17:30ean.
IURRETA | Eñaut Aiartzaguena preso politikoak irabazi du jaietako kartel lehiaketa
Emakumezko dantzari bat du oinarri Navalcarneron preso dagoen iurretarraren kartelak. Bere irudiak koloreztatuko ditu aurtengo Sanmigelak.
Iazko azaroan atxilotu zuten Eñaut Aiartzaguena, Espainiko polizia nazionalak eta Guardia Zibilak gazteria independentistaren kontra buruturiko razzia polizialean. Bere egoera dela eta, herriarekin lotura bermatu nahi izan du, eta kartel lehiaketara aurkeztu zen. Bere irudia boto bidez aukeratu dute herritarrek. Bederatzi kartel izan dira lehian, eta 50 bozka eman dituzte kultur etxera bertaratutakoek.
IURRETA| Giro ederra San Juan gauean
Jende mordoa gerturatu zen plaza ingurura San Juan gauaz gozatzeko.
Urtero bezala Mikel Deuna kultur taldeak antolatutako gau berezi honetaz gozatzeko aukera ezin hobea izaten dute Iurretarrek.
Arratsalde partean, pixkanaka pixkanaka plazako mahai eta aulki guztiak jendez bete ziren afaltzeko tokia hartzeko asmoz. Bakoitzak kuadrilaka, familiartean edo lagunartean etxean prestaturiko janari gozoak zein azken orduan janari azkarreko enpresaren bati deia eginez jasotakoa jarri zuten mahai gainean. Edaria berriz antolakuntzaren esku izaten da eta zegoen jende guztia ikusita, bertaratutakoak bizkor ibili ziren botila gabe geratzeko beldurretan. Bapo afaldu ostean, Luhartz taldeak ekin zion erromerriari. Gaztetxoenak izan ziren lehenak dantzatzen eta Takolo, Pirritx eta Porrotx-en abesti famatuenekin edarto batean pasatu zuten.

Erromeria atsedenaldira iritzi zenean, jendea eliza ostera hurbildu zen San Juan gaueko sua ikusteko irrikaz. Kostata, azkenean aste guztian batutako paper eta egur metak su hartu zuen eta jendeak “San Juan, San Juan, arrautza bi kolkuan…” kopla zaharra abesteari ekin zion ohitura zaharrei eutsiz.

Ondoren, hurrengo eguna lan eguna izan arren, askok ordu txikietararte dantzatzeko aukera izan zuten.
IURRETA| Bertsozaletasuna nagusi ostiraleko desafioan
Iurretako bertsolarien arteko desafioa jokatu zen ostiralean, ekainaren 18an. Talde bat nagusitu bazen ere, giro ona eta zaletasuna izan ziren irabazleak.
Unai Badiola, Ander Duñabeitia, Markel Onaindia, Kristina Mardaras ta Gorka Lazkanoren taldeak irabazi zuen lehia. Borroka orekatua izan arren, Mikel Gerediaga, Ander Salaberria, Justo Alberdi eta Eneko Abasolo Abarkasek osatutako taldea baino gehiago izan ziren puntuei dagokienez.
Espero baino maila hobea eman zuten bertsolariek, eta jendeak txalo beroekin eskertu zuen egindako ahalegina. 100 lagun inguru batu ziren Dantzari plazan ipinitako karpan, bi ordu inguru iraun zuen saioa jarraitzeko.
Txapela beharrean, zapi arabiarra jaso zuten bertsolari irabazleek. Galtzaileek txanpanarekin konformatu behar izan zuten. Saioa amaitzean, udalaren jarrera salatu zuten antolatzaileek, adierazi zutenez “oztopoak ipini zituelako” ekitaldia egiteko.
IURRETA| San Juanak Iurretan
Azken urteotan egin ohi duten bezala, San Juan bezperako ospakizunak indartu nahian ekitaldi desberdinak antolatu dituzte gazte asanbladakoek San Juan gauaren aurreko astebururako.
Ostiralean gaueko hamarretan Gure Barik bertso eskolakoen laguntzaz bertso desfioa izango da. Hamabi lagun arituko dira, seiko talde bitan elkarren aurka. Tartean Eneko Abasolo “Abarkas”, Gorka Lazkano, Kristina Mardaras, Justo Alberdi, Ander Salaberria eta Gure Barik bertso eskolan ibilitako eta momentu hontan bertsotan ikasten dabiltzanak arituko dira. Nerbioak nerbio, ondo pasatuz lagunartean bertsotan aritzea dute helburu.
Larunbatean berriz bazkaria izango da. Horretarako txartelak 7 euroren truke egongo dira salgai Gau Argi eta Intxaurre tabernetan. Bazkal ostean triki-poteoa egongo da Iurretako tabernetatik zehar eta iluntzean kontzertuak hasiko dira: The Mokers, Old Glories eta Desperdizio.
Ostiral eta larunbateko ekitaldiak, herrian bertan Dantzari plazan jarriko den karpa batean burutuko dira eta antolatzaileen esanetan taberna jarriko dute bertan.
San Juan bezpera
Mikel Deuna Kultur taldeak antolatuta herri afaria izango da Iurretako plazan. Bertaratutakoek jatekoa eraman behar izango dute, edaria dohainik izango delarik. Afaldu ondoren dantzatzeko aukera izango da Luhartz taldearen laguntzaz. Bukatzeko nola ez San Juan gaueko sua piztuko da.
IURRETA| AHTaren obren eraginez lurra hondoratu da
Iurretako San Andres auzoan lurra hondoratu da baserri batzuen ondoko landan, Larrinagatxutik Orozketara bitartean doan tunelaren obren ondorioz.
Inguruko baserrietakoek esandakoen arabera tunelean lanean zebiltzanak ohartu ziren lurra jausi zela eta atzo bertan ADIFeko zazpi auto bertaratu ziren ingurua aztertzera eta zuloa plastikozko hesi batez inguratu zuten.
Auzokide baten esanetan aste bitartean egunero jasan behar izaten dituzte lur azpiko leherketak. Honen ondorioz kristalek dardara egiten dute eta apaletatik gauzak erortzen ei dira.


Hau ikusita, AHT Gelditu! Elkarlanak gertatutakoa gogor salatu du, eta landa horretatik 200 metrora hainbat baserri daudela gogoratu du: “hondamendiren bat eragiten ez duten arte ez dute txikizioa geratuko?” galdetzen dute. Era berean Iurretako Udala eta EAJ alderdiarengana zuzendu da honen aurrean zein jarrera duten argitzeko.
Orozketan ere irregulartasunak
Ez da lehenengo aldia Iurretako auzokideak AHTaren obren irregulartasunak direla eta kexatzen direla. Gogoratu behar da duela hile bat Orozketako eskonbrera batean baimen gabe lurrak mugitu direla, bertatik pasatzen den erreka kutsatu dela eta eskonbrera aurkitzen den mendi magal osoak erortzeko duen arriskua salatu zutela Durangoko epaitegian.
IURRETA| Enpresa eraikitzailea eta ADIFen kontrako salaketa
Iurretako Orozketa auzoan, Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea egokitzeko eta bertan zabortegi bat ipintzeko obrak “Eusko Jaurlaritzaren beharrezko baimenik barik” egin zituztela salatu du herritar talde batek.
Salaketa herritar talde batek aurkeztu zuen pasa den astean Durangoko Epaitegian ADIFen zuzendaritza eta enpresa eraikitzailearen aurka.
Obrak hasi zituzten lurretan zabortegi bat egon zenez lehenago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 11/2005 legean jasotako baldintzak bete behar zituzten lur-mugimenduak hasi orduko, eta lurrak mugitzeko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren baimen bereziak behar zituzten arren, ADIFek kontratatutako enpresak inongo baimenik barik ekin ziola lurrak mugitzeari nabarmendu dute. Denuntzia-egileen arabera, metal pisutsuekin eta lixibagaz kutsatutako lokatzak zuzenean Kataño errekastora isuri zituzten, eta egindako lur-mugimenduen ondorioz, mendi magal osoa behera etortzeko arriskua dago.

Jakin ahal izan dugun moduan Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak bat egiten du herritarren salaketarekin.












