ELORRIO | Aralarren azpijoko politikoa salatu du Ezker Abertzaleak

Iraila 3, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Pasa den abuztuan gehiengo osoarekin onartutako Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren (HAPN) inguruan EHA Udal taldea egiten ari den joko zikina eta talde horren baitan dagoen Aralarrek aurrera daraman azpijoko politikoa salatu du Elorrioko Ezker Abertzaleak bere azken Berrikoian.

Ezker Abertzaleak argitaratzen duen berri paperaren 56. zenbakiaren izenburu nagusia esanguratsua da oso; “Nahikua da”, diote letra larriz. Artikuluaren hasieran bertan azaltzen da zergatia: “Denbora asko daramagu “independienteen” gezurrak, irainak, mespretxuak, manipulazioak, iruzurrak eta era guztietako lelokeriak aguantatzen. Gure pazientzia agortu gura dute beraien gai bakarreko –Elorrio San Antonetik San Antonera iristen da- buletin errepikakorrekin. Lanean gabiltzalako egon gara isilik orain artean, erantzukizunak ditugulako, ez diegulako, beraien amarruan jausita, ez daukaten protagonismorik eman nahi… baina nahikua da!”

Berrikoiak Alkateak Sprilurrekin izandako harreman guztiak argitzen ditu bere barneko orrialdetan, eta ez duela inoiz inolako konpromisorik hartu edo akordiorik egin eurekin. Halaber, Ezker Abertzaleak ez duela gezurrik esan azpimarratzen da.

Aralar taldeari buruz hitz egiteko “Baina hau guztia…zergatik?” izenburua erabili dute: “Aralarrek diseinatutako azpijoko politiko baten aurrean gaude. Azkarrak izan dira. Ezer ez izatetik EHAren zerrendan, satorrak bezala infiltratu, eta “koalizio” hori eurena egiten ari dira apurka apurka. Aurretik “Independiente duen zera guztia ezabatu, horrekin batera Ezker Batua. Eta azkenik, eurak apenas ezer jarri barik, koalizioaren jabe egin dira. Euren helburuak lortze aldera, Aralarrek ez du aurpegirik ipiniko, “marka zuriak” erabiltzen dituzte. Plataforma horiek dela Auzo Koordinadora dela San Anton Bizirik, Ezker Abertzalea ahultzeko, iraintzeko eta Niko Moreno gure alkatea zikintzeko erabili ditu.

Hori horrela, euren kalkulu elektoralak egin dituzte. Alde batetik, itxura batean, ez dute desgasterik jaso izan,  eta bestetik, hainbeste amesten duten Ezker Abertzalearen ilegalizazioa gertatuko balitz, Elorrioko aukera herrikoi moduan aurkeztuko lirateke. Putreak!!! Igarrita dauz, baina. Harria bota eta eskua gorde… Iraindu, manipulatu, azpijokoan ibili. Aspaldiko estrategia. EHA ez da esistitzen. Bitartean eurak gerizpean gordeta, amurrusten, azeriak bezala. Aralarrekoak. Ez dira gauza izan, plenoetan   euren iritzia  emateko. Aurpegia emateko. Hori, aukera? Hori eta eskubete euli …!!!”

ELORRIO | Harrera beroa jaso du Urdin Ugartek bizikletan munduari bira eman ostean

Abuztua 31, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Urte eta erdi luze behar izan ditu aspaldiko ametsa eta erronka bete ahal izateko. Urdin Ugarte elorriarrak munduari buelta eman dio bizikleta gainean eta pasa den larunbatean,  biraren azken txanpan, senide eta lagun talde handiak harrera beroa egin zioten Elorrion.  1000 milla izena zuen bere ekimenak baina mila horiek baino askoz milla gehiago egin dituzte Urdinek eta Izaro neska lagunak.

Bidaia iazko neguan hasi zuen, Frantziatik Italiarako bidea hartuz. Elorriotik irten zenean, 2009ko urtarrilaren 10ean, dena elurtuta zegoen. Maiatza aldera Grezian zegoela bere neska laguna Izaro Martinezekin bildu eta elkarrekin jarraitu zuten Himalaiarantz. Urte bete behar izan zuten Nepalera iristeko baina han bertan erabaki zuten lurrari buelta emango ziotela. Hegazkina hartu eta Bangkokera iritsita, Thailandia zeharkatu zuten. Eta gauza bera egin zuten Zelanda Berriko hegoaldeko uharteetan.

Hegazkinez Kaliforniara iritsi eta Amerika osoan ibili ondoren Izarok Durangorako bidea hartu zuen. Urdin Kanada herrialdera abiatzen zen bitartean. Montrealen hartu zuen azken hegazkina. Lisboara heldu bezain pronto, ziztu bizian eta  iparra galdu gabe, Portugal, Galizia, Asturias eta Kantabria zeharkatu zituen. Azken egunak Euskal Herriko beste herri batzuetako lagun eta senideak agurtu ondoren, larunbatean iritsi zen Elorriora.

Harrera goizeko 11etan izan zen. Bikoteak lore sorta jaso zuen eta txalo zaparrada ere. Ondoren hamaiketakoa egin zuten guztiek. Esperientzia izugarria izan dela eta une zoragarriak gozatu dituztela adierazi digu Urdinek. Hala ere, arazo latzak ere izan dituztela aitortu zigun, Indian esate baterako lapurren erasoa jasan zuten baina erasotzaileei aurre egin eta alde egiteko aukera izan zuten. Hurrengo egunetan materiala berreskuratu ahal izan zuten. Ia bidaia osoan kanpin dendan egin dute lo. Egun hauetan bere ohe gozo eta bigunean merezitako atsedena gozatzen egongo dela suposatzen dugu. Zorionak Urdin eta Izaro!

ELORRIO | Raimundo Amador Ferixa Nagusien atarian

Abuztua 30, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Elorrioko Ferixa Nagusiak datorren barikuan hasiko dira eta Raimundo Amador kitarrajole eta abeslari ezagunaren kontzertua izango da, dudarik gabe, lehen jai egun honek jendetza gehien bilduko duen ikuskizuna. Jaiak irailaren 3an hasi eta hilaren 12arte luzatuko dira. Egitaraua zabala da eta denetarik izango dugu. Larunbatean mailaz igo den futbol taldeko jokalariek jaurtiko dute txupina.

“Urtero lez, burugogorrak eurak, beti gure zain eta gu beti euren zain, opor batzuk izan eta gero, hementxe dauzkagu Ferixa Nausikoak”. Modu honetan hasten da Elorrioko Udalak eta jai Batzordeak antolatutako jaien egitaraua. Igandean, irailak 5, XXVII. Abere eta Nekazaritza azoka izango da. Arratsaldean esku pilota partidak, musika eta dantza ikuskizunak, sardina jana, bilbainadak, mariachiak, suzko zezena…

Astelehenean koadrilen eguna da eta Aldatsekuako bazkarian parte hatzeko, mahai eta aulki banaketa goizeko 9etatik aurrera egingo dela ohartarazten du Jai batzordeak. Berdintasunaren eta jai parekideen aldeko aldarri berezia egin gura izan da aurten. Pinak eta antisorgailuak banatuko dira eta egitarauan preseski agertzen den bezala, “Jaiak denontzat dira, emakumeok ere gozatu gura dogu” aldarrikatzen da

Ferixa Nagusiotan kontutan hartzeko beste ohar batzuk eman ditu Udaleko Jai Batzordeak. Batetik, umeen jolas parkeak eta pilota partidak kiroldegian izango dira, euria egiten badu. Bestetik, sukalki egunean parte hartzeko izen ematea eta erreserbak goizeko 8etatik 10ak arte egin beharko dira.. Karrozen jaitsieran parte hartzeko, izena emateko aukera Iturri Kultur Etxean, irailaren 9a baino lehen. Jaietako zapia betiko denda eta tabernetan izango da salgai.

ELORRIO | Gazte Jaia eta kale-futbitoaren finala larunbatean

Uztaila 20, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Elorrioko gaztetxeak  datorren larunbatean ospatuko den gazte jaia prestatzen ari da. Kale futbitoaren final erdiak eta finala bera eguerdian jokatuko dira eta ondoren bazkaria izango da. Futbito txapelketaren sariak arratsaldez banatuko dira herriko frontoian eta jarraian bertso saioa eta kalejira izango dira. Musika atalari dagokionez, Bergarako Emon eta Elorrioko “Harrikada” taldeek kontzertua eskainiko dute eta gauerditik aurrera DJ gaua hasiko da.

Gazte ugari ibili da azken egun hauetan praka motzak jantzita. Izan ere, talde askok hartu dute parte aurtengo futibito txapelketan. Eguraldiaren arabera partidak herriko frontoian eta kiroldegiko kantxan jokatu dira orain arte eta sekulako giroa sortu da, jende andana bildu baita partidak ikustera eta jokalari lagunei hauspo ematera. Argazkian iazko txapelketako irabazleak

Beste alde batetik, “Udaz gozatzeko, etorri gaztetxera” lelopean ekintza ugari antolatu ditu gazte asanbladak abuzturako. Piriniotara irteera, koadrilen arteko afariak, ostegunero film emanaldiak eta serigrafia tailerra antolatu dituzte, besteak beste.

ELORRIO | Castak irabazi du Ferixa Nausikoen kartel lehiaketa

Uztaila 16, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Asier Castañares herriko diseinatzaile gazteak irabazi du aurtengo Ferixa Nausikoak iragartzeko Udalak antolatutako kartel lehiaketa. Diseinu grafikoan, web diseinuan eta inprenta lanetan diharduen gaztearen afitxa “kolore biziak” deitzen da eta aurkeztu diren 14 lanen artean onena dela erabaki dute bai herriak berak, baita epaimahaiak ere.

Asierrek 29 urte ditu eta badira hiruzpalau herriko jaietarako kartel lehiaketan aurkezten dela. Orain artekoek ez diote inoiz saririk ekarri baina 2010ean Castak bete-betean asmatu duela esan daiteke. Irudian koadrodun zapia buruan duela jaietako soinuak zabaltzen dituen pertsona agertzen zaigu.  Herriko abesti ezagunari so egin dio Castak eta kartelean hamalau atsoak ez badira agertzen ere, tronpetek eta turutek ematen diote indarra eta esanahia.

“Jaiak beti dagoz kolorez beteta, kaleak kolorez jantzi egiten dira jaietan; koadrillen kamisetak direla, txapelak direla, txosnak, barrakak….Hortik dator  “Kolore biziak” izenburua” azaltzen du. Saria 500 euro dira eta oraindik diruaz zer egingo duen ez dakien arren, “urte eskasa da aurtengoa eta badago non erabili”. Asier Eibarreko inprenta baten irudi korporatiboa garatzen ari da. Tartean, ahal duen neurrian, ikasten jarraitzen du. Internet, HTML-5, marketiña, argazkilaritza.

Aurten berrikuntza bat izan da lanak epaitzeko orduan. Epaimahaiak jendearen iritzia aldez aurretik jakiteko aukera izan baitu. Epaimahaian Cristina Sierra kultura zinegotzia, Javier Salaberria eta Mari Carmen Muñoz beste udal alderdi batzuen ordezkaritzan, Maitane Iribar Udaleko berdintasun teknikaria eta Jose Ramón Lazkano eta Iñaki Larrañaga, jaietako batzordearen ordezkari moduan. Horiek guztiek Lorea Litrago diseinugilearen aholkularitzapean jardun dute

ELORRIO | Andoni Zengotitabengoa gose greban dago berriz ere

Uztaila 13, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Gaur laugarren eguna beteko du gose greba mugagabean Andoni Zengotitabengoa Elorrioko presoak. Uztailaren 10etik Portugalen preso duten elorriarrak isolamenduaren aurka eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko bigarrenez ekion dio gose grebari, eskura duen borroka mota bakarrenetakoari, hain zuzen ere.

Pasa den maiatzean 13 egun eman zituen gose greban baina osasun arazoak tarteko protestaldia utzi behar izan zuen. Jandori glukosa maila nabarmen jaitsi egin zitzaion eta koma hipogluzemikoa izateko arriskua zeukan. Horregatik erabaki zuen protestaldia bertan behera uztea. Orain berriz ekin dio mugabako gose grebari espetxean preso gisa dagozkion oinarrizko bizi baldintzak eta eskubideak berma daitezen eskatzeko.

Neskalagunarekin aurrez aurrekoak izatea onartu badiote ere, bere familia zuzenarekin, bere etxekoekin egoteko aukera ukatu egiten diote. Andonik eguneko 24 orduak bakarrik, isolaturik pasatzen ditu, eta horietatik 23 ziegan ematen ditu. Astean telefono dei bi egiteko aukera dauka. Izaera politikoa ukatzen diote eta ez dauka ikasteko aukerarik ere. Aurrez aurrekoaren ondoren, odol eta gernu frogak egiten dizkiote.

ELORRIO | Hamaika ume datoz aurten Saharatik

Uztaila 6, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Saharatik Euskal Herrira, badatoz bueltan herrira haur saharauiak. Oporrak bakean 2010 kanpaina abian jarri du aurten ere Elorrioko Udalak eta iaz zortzi haur etorri baziren ere, aurten marka gainditu da eta hamaika ume izango dira herriko beste hainbeste familien etxeetan.

Iazko martxoan Elorrioko Udalak Saharako Ausserd wilayako Mijek dairarekin adiskidetasun-hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen horretako ardatzetako bat herri saharauiari laguntza eta sostengua helaraztea zen. Horren baitan, eta saharauien delegazioko kideen deiari erantzunez, udan haurrak hartzeko kanpainari ekin zioten.

Proiektu hau gerraren irrazionaltasunak erbesterarazi dituen herri guztiekiko elkartasunaren benetako ikurra da. Bakearen, justiziaren eta askatasunaren aldeko aldarria. Saharauiek 35 urte daramatzate basamortuan bizi izaten, Aljerian dauden kanpamendu batzuetan errefuxiatuta, eta han, inguru horretan hazten dira hango ume hauek.

Oporrak Bakean proiektuaren helburua ia 500 haur saharauiei, basamortuaren gordintasunetik urrun, uda Euskal Herriko familiekin batera igarotzeko aukera ematea da. Hogeita hamabost urte dira euren askatasuna nahi izateagatik merezi ez duten zigor gogorra pairatzen. Hogeita hamabost urte ezerezaren erdian bizitzen. Han, udan, 50º C bitarteko tenperaturak pairatzeaz gain, ur eta janari arazo larriak ere badituzte.

Kanpaina honekin, aukera aparta dago haur horiei bi hilabetez (uztaila eta abuztua) horrenbeste behar dutena eskaintzeko: oporrak bakean, oporrak lasai pasatzea hain zuzen. Umea hartzen duen familiaren konpromiso bakarra haurrak hemen diren bitartean etxeko bati bezala zaintzea da; horrek, dituzten gabezietako batzuk leuntzen lagunduko baitie.

ELORRIO | Eskapararte, argazki erakusketa bitxia hasi da

Uztaila 2, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Elorrioko Argazki Taldeak antolatuta, atzo eman zitzaion hasiera Eskapararte erakusketa bitxiari. Ekimenaren izenburuak esaten duen moduan, herriko hogei bat argazkilarien lanak herriko komertzioen erakusleihoetan izango dira ikusgai hilabete honetan. Helburu nagusia argazkia herritarrei hurbiltzea da, argazkiak era desberdin eta berritzaile baten bitartez ikusteko proposamena.

EATk prentsara bidalitako oharrean azaltzen duenez, “ekimen honekin Elorrioko herrian gune artistiko bat sortzea dugu helburu. Komertzioa, kultura eta ikusleak batu nahi ditugu. Udalerriko kale historikoak erakusketa gela bihurtuz eta komertzioak argazkien euskarri gisa erabiliz. Guztira 20 lan izango dira eta ibilbide berritzaile, zabal eta ezberdin bat sortuko dute denen artean”.

Herriko argazki taldearen asmoari baiezkoa eman zioten EMEko komertzio batzuk eta argazkilariak lanean hasi ziren. Gaia, librea zen baina emaitzak ikusita, egileek egokitutako dendarekin bikain uztartu diztuzte euren lanak . Ikusgai egongo diren argazkilarien lanetan, bakoitzaren ikuspuntu eta sentsibilitate ezberdinak nabari dira. Udal bulegoan, kultur etxean eta komertzio ezberdinetan mapa /gida bat egongo da eskuragarri. Gida erabiliz, ikusleak markatutako komertzioak aurkituko ditu. Bertan argazkien egileen izena eta argazkien izenburua ageri dira.

ELORRIO | Zabarte gogoan, mendi irteera Santamañazarrera

Ekaina 30, 2010 by elorrio  
Filed under Elorrio, Herriak

Jose Felix Zabarte Elorrioko presoa gogoan, adin guztietako lagun taldea abiatu zen pasa den igandean Santamañazar mendi tontorrera. Tolotoko lagunek izan ziren ordezkaritza gehien bidali zutenek eta pankarta handia atera zuten tontorrean bertan. Bizi osorako espetxe zigorrik ez , hori izan zen Santamañazarreko lelo nagusia, baina argazkian ageri denez, ez zen ikur aldarrikapen bakarra izan.

Jose Felixek 25 urte beteko ditu espetxean datorren uztailaren 2an eta egun berean, arratsaldeko 7etan manifestazioa egingo da Elorrioko kaleetatik.

GREBA OROKORRA| Elorrio itxita dago

Ekaina 29, 2010 by altzoan1  
Filed under Elorrio, General, Herriak

Eroskiko egoitza nagusia izan ezik, Elorrio guztiz itxita dagoela esan daiteke. Herrian komertzio eta taberna guztiak itxita daude.

Goizeko orduetatik Eroskiko kamioien sarreran izan da pikete informatiboa, eta goizeko 08:00ak aldera, lanera joan direnei eskuorriak banatzen egon dira. Ertzaintzak eta Eroskiko segurtasun zerbitzuek lanera joan direnak babestu ditu, nahiz eta piketeen jarrera guztiz lasaia izan.

Eroskitik alde egin ondoren piketeak herriko kaleetan ibili dira, eta banku pare batean sartu behar izan dute soilik ixteko eskatuz. Aurrezki Kutxan eta BBVAn gertatu da hori; udaletxeko langile bat ere atera behar izan dute bulegoetatik.

Gasolinera ere zabalik egon da ordu erdiz, baina greban daudenak joan direnean zerbitzua eten eta ateak itxi dituzte. Obra bateko beharginekin ere izan da eztabaida, baina azkenean utzi diote lan egiteari. Eroski Consuma itxita dago.

Hurrengo orrialdea »