GREBA OROKORRA| 1.000 lagun inguru batu dira Durangoko manifestazioan
Arratsaldeko 17:30ean abiatu da manifestazioa Andra Maritik. Beroari aurre eginez, ordubeteko ibilbidea egin dute 1.000 lagunek, langileen eskubideen defentsan.
Andra Maritik abiatu eta Durangoko kale nagusiak zeharkatu ditu protestak. Oraindik lanean egon diren pare bat gunetan informatzeko aprobetxatu dute manifestariek. Manifestazioa amaitzean, gehiengo sindikalaren ordezkariek hitz egin dute, murrizketak gogor salatuz eta horiek gainditzeko borrokarako dei eginez. Gastu soziala murrizten duten bitartean, “lurra txikitzen duen AHTa bezalako proiektu zentzugabeetarako dirua inbertitzea” salatu dute.
Hain zuzen ere, AHT Gelditu Elkarlanak pankarta propioa eraman du, eta eskuorriak ere banatu ditu, grebarekin bat eginez.
Abadiñon, ia dena itxita
Jakin ahal izan dugunez, Abadiñoko Matiena eta Zelaieta auzoetan denda eta komertzio ia guztiak egon dira itxita. Matienan, Ercoreca dendak zabaldu du adibidez tarteka.
Enpresetan ere grebaren eragina nabaria izan da.
GREBA OROKORRA| Durangoko Udalbatzarra eten dute piketeek
Gau udalbatzarra deitua zegoen Durangoko Udaletxean, eta piketeak bertan izan dira Greba Orokorraz informatzen. Plenoa hasi denean, ohiuka hasi eta eten egin behar izan du alkateak.
Aitziber Irigoras alkateak udalbaztarra hasi du arratsaldeko 17:00etan, eta bertan zeuden 25-30 bat pertsonek Greba Orokarraren ohiuekin erantzun diote. 5 minutuz izan dira bertan, aurkeztu diren zinegotziak irten diren arte. Batzarra etetea lortu dute grebaren aldekoek.
GREBA OROKORRA| Goizeko balorazioa Durangon
Durangon piketean egondako kide batek Hala Bedi irratian egin du goizeko balantzea. Hemen entzungai duzue.
Alde zaharraren inguruak itxita izan dira goiz osoan, eta herriko kanpoaldean egoera desberdinak bizi izan dira. Pikete informatiboak lan egin behar izan du, eta Ertzaintzaren jazarpena nere pairatu dute. Bi lagun identifikatu ditu polizia autonomikoak.
Audioa gazteleraz:
GREBA OROKORRA| Durangoko komertzioan, gehiengoa itxita
Pikete informatiboak Durangoko komertzioetatik zehar dabiltza goizeko 08:00etatik. Guneen arabera egoera aldatzen den arren, gehiengoa itxita dago. Landako auzuneko komertzioetan daude orain piketeak. Ertzainen furgoneta bat dute atzetik.
Kalez kale dabiltza piketeak Durangon. Orain gutxi arte ez dute arazorik izan ertzainekin, baina orain ertzainen furgoneta bat agertu da, eta atzetik jarraika dute.
Aramotz auzoko Eroskin izan dira lehenago piketeak. Alde zahar ingurua itxita dago, eta herriko kanpoaldetik dabiltza piketeak informatzen.
DURANGO | Durango euskalduna eta Apartheida, Aralarren hipokresia agerian
Hona hemen, Durangoko Ezker Abertzalea eta Durangoko Ezker Abertzaleko zinegotzi eta zinegotzi ohiak, Aralarrek aurreko astetik komunikabideetatik dantzan izan duen gutunari egindako erantzuna. Berau, Durangoko Ezker Abertzaleko zinegotziek Euskara Planaren inguruan eta honek azaleratu zituen jarrera hipokritak salatzeko eginiko prentsaurrekoari “erantzuna” omen da.
Azaldu beharra dago Ezker Abertzaleak eginiko erantzun honek bi atal dituela, hau da, bi gutun ezberdinek osatzen dute: lehena “Errespetuz, bakoitzari berea” izenburua duena Ezker Abertzalea izenean egina eta bigarrena GUK DURANGO EUSKALDUNA!!! azken hiru legegintzaldietako Ezker Abertzaleko zinegotzien izenean eginikoa. Aralarrek bere “erantzunean” gai asko “jorratzen” zituelako, besteak beste Apartheidaren inguruan ironiaz jokatu eta euren gabeziak ezkutatzeko Ezker Abertzaleko zinegotzien ibilbidea zalantzan jarri, egin da erantzun bikoitz hau.
“Errespetuz, bakoitzari berea”
Azkenean ere, Aralarrek bere benetako aurpegia erakutsi digu, “zorionak”. Urteak daramatzagu proiektu politikorik ez daukazuela esanez, apartheid politikaren babesle zintzo zaretela eta marketing politiko hutsetik bizi zaretela salatuz. Eta azkenean ere, urduritasuna, ezinegona edo inbidia tarteko, ardiak otso aurpegia erakutsi digu. Baina lasai, sakondu dezagun esandakoetan…
Lehenengo eta behin, argi hitz egin behar dugu, Apartheid politikoaren eraginez “talde mistoa” osatzera pasa ziren gure 4 zinegotziak; baina, herritarrek Ezker Abertzaleari eman zizkioten bozkak eta, ondorioz, zinegotzi hauek Ezker Abertzalekoak dira eta izango dira. Gutuna idazterakoan erabili duzuen ironia zikin horren helburu bakarra herri honek bizi duen errepresio egoeran hatza sartu eta min gehiago eragiteko besterik ez da izan. Eta zuek horri deitzen al diozue “errespetua”? Bada, urteak dira horren gutun laburrean horrenbesteko errespetu faltarik ikusi ez dugula. Espainol auzitegietatik Apartheida inposatu eta zuek txalotu egiten duzue! eta etekina atera nahian ari zarete behin eta berriro.
Eta burura datorkigu, zergatik? Ez zaretelako gai proiektu politiko propio bat garatu eta aurrera eramateko. Ogi apurren truke eta karguren bat lortzearren edonorekin akordioak sinatzeko prest zaudete; “publiko zein pribatuak” noski. Erosoegi bizi zarete inposatutako marko honetan edonolako aldaketarik nahi izateko. Eta guri esaten diguzue ez dugula auto-kritikarako gaitasunik? Ezker Abertzaleak proiektu politiko propio, zehatza eta publikoa dauka; urtez urte moldatuz, eguneratuz eta osatuz joan dena. Eta hori guztia noski, herritarrekin batera eta, ongi egindakoak indartuz eta gaizki egindakoetaz ikasiz egiten da. Hain zuzen, Ezker Abertzaleak duen oinarri sozialak eta egoera kaxkarrenetan lanean jarraitzeko duen indarrak ematen dizue mina. Zuei Euskara Planak bost!
Zikin idatzi duzue gutuna, eskua joan zaizue, berotu egin zarete, baina berdin zaigu; guk lehenagotik ere baikenekien zuen benetako izaera zein den. Gure bideak aspaldi banatu ziren eta gu zuzen-zuzen Euskal Estatura goaz, zuek nora ezean jarraitzen duzuen bitartean. Argitu zuen ideiak, zuen proiektua eta zuen helburuak; eta utzi alde batera gu publikoki iraindu eta barnetik “pelota egiteko” praktika. Inolako baldintzarik gabe, gurekin edozein akordio lortzeko jarrera izan duzue sarritan, eta publikoki “utopikoegiak” garela aurpegiratu. Entzun pertsona handi eta hurbileko batek irakatsi ziguna “zuok utopikoak ekarriko duzue herri honen askatasuna”, Telesforo Monzon.
Liher Gonzalez eta Xabier Rojo Durangoko Ezker Abertzalearen izenean.
DURANGO | Udalbiltza eta Munduko Arrozak, nazio bat gara.
| eka |
| 12 |
| 12:00 |
Larunbat honetan ( Ekainak 12 ) bi zita izango ditugu Durangon, biak euskal nortasunari oso lotuak. Lehenengoa Udalbiltza, Euskal Herria aske! Lelopean egingo den kontzentrazioa izango da. Jakina da Uztailaren 15ean Euskal Herriko lehen instituzio nazionalaren aurkako epaiketa burutuko da.
“UDALBILTZA, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa, zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik sortu zuten, 1.999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Hamaika ekimen bultzatu, sendotu, babestu eta aurrera atera izan ditu UDALBILTZAk azkeneko ia hamaika urte hauetan.
Oztopoz jositako ibilbidea izan du. Horien artean, nabarmena 2.003ko udaberrian Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta erakunde nazionalaren aurkako polizia operazioa dugu.
Operazio honen ondorioz UDALBILTZAko hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta UDALBILTZAri suspentsioa ezarri zioten.
Operazio honen aurrean, udal hautetsi, ordezkari politiko, sindikal, kultural eta sozial ugari eta anitzek eta milaka eta milaka herritarrek erasoa salatu zuten Bilboko kaleetan, “Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari” lelopean.
Orain, zazpi urte beranduago, UDALBILTZAren aurkako epaiketa dator. Fiskalaren zein herri-akusazioaren eskaerak ezagutu ditugu, hautetsi eta langile izan diren 22 pertsonentzako 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak hain zuzen. Nabarmentzekoa da UDALBILTZA erakundearen beraren behin betiko ilegalizazioa eskatzen dela.
Elkartasuna adierazteko eta Udalbiltzaren aldeko apustua mantentzen dugula jakinarazteko 12:00etan Udaletxe aurrean egongo gara.
Izango dugun bigarren zita Munduko arrozen II. Edizioarena da. Bertan Ezker Abertzalea ere parte hartuko du gure nazio txiki honetaz arro gaudela ikus dadin eta aldi berean guren bizi diren beste nazionalitate ezberdinetako hartu emana sendotzeko.
Nazioartean Euskal Herria bere tokia baduela erakutsi nahi da, berdintasunean eta errespetu osoz, zilegitasun guztiarekin nazio bat garelako.
Arroza prestatzen eta dastatzen animatu zaitezte eta Intxaurren jarri den zerrendan apuntatu barikuko 22:00ak arte aukera duzue eta! Apuntatzen den pertsona kopuruaren arabera arroza eta tropezoiak erosiko dira, beraz dohainik izango da dena. Edo besterik gabe giroaz gozatzeko 13:00etan Ezkurditik pasatu.
ANIMATU ETA EUSKAL HERRIAREN NAZIO IZAERAREN ALDE PARTE HARTU.
[ KONTUZ!!!: Eguraldi eskasa dela eta, antolakuntzak Munduko Arrozen tokia aldatu du. Azkenean Landako erakustazokan izango da, hirugarren blokean ]
DURANGO | Gaztetxea berriro ere martxan
Durangoko gaztetxeak hiru hilabete eman ditu berrizten. Behin hau bukatuta egitarau oparoa antolatu du hurrengo egunetarako.
Zine kluba hilabete honetan zehar, mendi martxa ekainaren 19an edota kontzertua ekainaren 25ean.
Hona hemen egitarau desberdinen kartelak.
DURANGO: Plan B Ttipi-ttapan
| eka |
| 11 |
| 22:00 |
Azken aldiko ohiturari jarraituz, ekainrako ere kontzertuak antolatu ditu Ttipi-Ttapa tabernak. Bariku honetan, hilak 11, PLAN B donostiarrek punk-rock kontzertua eskainiko dute 22:00etatik aurrera.
info +:
DURANGO | “Gazteok sortua gazteontzat!”
Pausoz pauso, Durangoko gazte konpartsaren proiektua bere ibilbidea egiten hasi da. “Gazteok sortua eta gazteontzat!” lemapean sektore honentzako eskaintza gabezia bete asmoz hasi dira batzen gazte ugari. Maiatzean egin zuten lehendabiziko bilera, eta ordutik aurrera etengabea izan da ideia zaparrada. Herriko gazte koadrila ezberdinen topagune honen lehendabiziko ekimena ere kalean da jada: uda ostean konpartsa martxan jarri ahal izateko, izen eta logoa bilatzeko lehiaketa abian jarri dute.
Konpartsaren izaera gaztea, biltzailea eta sortzailea erakutsiko dituen izen eta irudia bilatu nahi dute gazteek. Proposamenak erakutsi ahal izateko, hainbat lekutan (arkarazo, alpino, ttipi-ttapa, intxaurre) kutxak baliatuko dituzte gazteek. Posta elektronikoz ere entregatu ahalko dira lanak; horretarako propio sortu dute gazteoksortuagazteontzat@hotmail.com helbide elektronikoa.
Proposamenak entregatzeko azken eguna uztailaren 22a izango da. Behin lanak aurkeztuta, asanbladan aukeratuko dira konpartsaren izena eta logoa. Ikasturte hasieran egingo den aurkezpenean egingo dira publiko izena eta logoa. Konpartsa sortzeko deialdiak izaniko erantzunarekin pozarren daude gazteak, alta, oraindik animatu ez direnei hurrengo 18 an, arratsaldeko 18:00etan pinondora hurbiltzeko deia egiten diete.
DURANGO:Itsasoaren alaba dokumentalaren aurkezpena
| eka |
| 10 |
| 19:30 |
Ostegunean, hilak 10, Itsasoaren alaba dokumentala aurkeztuko da Durangoko San Agustin aretoan. Arratsaldeko 19:30ean emango zaio hasiera ekimenari.Ostean, mahai-ingurua egongo da.
“Aita hamabost urte dituzunean hiltzen badizute baduzu berarekin bizi izandako zerbait eta aurrerago ere esan dezakezu, `bizitza honelakoa izango zen berarekin´, baina nik bi urte ere ez neuzkan eta nire kasuan ez da posible… ez daukadalako minimorik…. ez daukat ezer.”
Haize Goikoetxearen hitzak dira. Bere aita, Mikel Goikoetxea, “Txapela”, 1984an, GALek hil zuen. Hogeitabost urte beranduago, Haize haren arrastoaren bila hasten da, Itsasoaren Alaba dokumentalean.
Trailerra:
http://www.youtube.com/watch?v=lFhaFHMxXd8
















