BERRIZ| Berriztar bat Lehn harrapatua.
Asko dira treking-a hartzen dutenak oporretako plana. Asko ere India aldera jotzen dutenak. Oraingo uda honetan joan direnak txango ederrekin baino, uholde itzelekin aurkitu dira. Indiaren menpeko Kaxmirren gertatutako hondamendiaren ostean, harrapatutako euskal herritarretako batzuek jada hartu dute etxerako bidea; beste zenbaitek nahiago izan dute han gelditu, uholdeen kaltetuei ahal den neurrian laguntzen, bai salbamendua antolatzeko, baita ahal den neurrian jendeak dituen behar izugarriak baretzen, botikak banatzen, edota errepideak garbitzen.
Euskal Herriko bi espediziok zuten Leh hiria jomuga, 3.500 metro inguruko altueran. Ganguren Galdakaoko mendi taldekoa, 46 kidez osatutakoa hiri horretatik hamabost eguneko txango bati ekiteko asmoa zuten, Himalaya mendikatean barrena. Zazpi kideez osatutako beste espedizio bat –tartean Javi Etxebarria “Estoper” berriztarra- Nun mendia (7.135 metro) igotzeko asmoz. Lehra heldu eta hiruzpalau egunetara, ordea, uholde eta lurjausiek haien helburua ito zuten, planak guztiz aldrebestuz.
Egoera tragikoa, ehunka hildako eta desagertuak, 30 kilometroko inguruan errepide edo zubien txikizioa… Horregatik, bigarren espedizioko kideek bertan gelditzea erabaki zuten. Euskal Herrira itzultzeko hegaldia abuztuaren 30erako zeukaten erreserbatuta, eta ez dute inolako asmorik lehenago itzultzeko: ahal duten neurrian lagunduko dute eta eguraldiak hobera egiten badu, mendiren bat igo.
Patxi Lopez lehendakaria edota Mikel Cabieces gobernu delegatuak goraipatu dute mendizale hauen elkartasuna. Espedizioko kideek, ordea, beste era batean ikusten dute auzia: «Berrietan irakurri dugunez, Eusko Jaurlaritzak hegazkin bat bidaltzeko asmoa dauka. Hemendik eskatuko genuke, hegazkina hutsik bidali beharrean, arropa, pala, piku eta karretilaz beteta bidaltzeko. Izan ere, lan egiteko baldintzak etxekoak baino negargarriagoak dira».
BERRIZ| Badoaz txiliñek berriro ere!
Amaitu dira aurtengo Berrizko jaiak. Nekea eta biharamun apurrarekin batera, ondo betetako lanaren sentsazio atseginarekin geratu gara berriztarrok. Txiliñek etorri ziren lekutik, berriro joan dira.
Egitarau oparoari herritarren parte hartzeko grina gehitu behar izan zaio, ekimen herritar eta jendetsuak izan baitira aurtengo jaien adierazle bat: paella eguna, euskal erromeria eta herri bazkaria, eta betiko moduan, kontzertuak eta dantzak erantzun paregabea jaso izan dute berriztarren partetik. Txosna gunean ere egondako giroa ez da makala izan. Beraz, osagai guztiak balorazio ezin hobeagoa egiteko.
Aurten ere, ezin izan ditugu ahaztu jaietan gurekin batera ezin izan dutenak egon. Horien artean bereziki Berrizko Asier Virumbrales preso politikoa. Hala eta guztiz ere, bere lekua eduki ahal izan zuen jaietan. Ondoko testu hau Berrizko jaietako pregoiaren ostean irakurri zuten bere senideek, Asierrek irabazitako kartel lehiaketaren sari emanaldian hain zuzen ere.
Aupa lagunak!
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi nizkizueke zuoi, berriztarroi; ez horrenbeste kartela zuen gustukoa izateagatik edo saria irabazi dudalako, baizik eta lehiaketa honetan parte hartzeko aukera paregabea eman didazuelako eta, une batez bederen, herriko jaiak, lagunak eta zenbait bizipen oroitzeko aukera eskaini didazuelako. Aitortu behar dizuet zuekin batera herriko jaietan egon izanaren sentsazio gozoa dastatu dudala.
Beraz, espetxeak inposatzen duen monotonia irabazi eta gainditzea izan da niretzako benetako saria. Kartel bat egitea baino haratago doan ariketa bat izan da hau; elkartasun ekimen bat izan da; dispertsioa eta espetxe politika gainditu dituen ekimena, eta hori izan da niretzako benetako saria. Dagoeneko denok ezagutzen baituzue estatu frantsesaren eta espainolaren espetxe politikaren helburua : euskal presoen kolektiboa osatzen dugun kidegoa herritik urrundu, deserrotzea eragin eta militante moduan deuseztatzea. Baina ekimen xume honi esker, hain zuzen ere, jaietako kartel lehiaketan parte hartzeari esker, bertan behera gelditu dira saiakera eta asmo horiek guztiak. Alde batetik, ehunka kilometrora urrundua egon arren, herrian igaro ditudalako egun batzuk, eta bestetik, batzuen gustukoa izan ez arren, euskal preso politikook jaietan ere presente egongo garelako. Ares eta bere aginduetara dauden gizon-emakumeek gure argazkiak bahitu eta desargertaraziko dituzte, gurekiko elkartasun ekimenak oztopatu eta zigortuko dituzte, baina ezin izango dute benetako errealitatea ezkutatu, eta behin eta berriz agerian geratuko dira herri honek presoekiko duen maitasuna eta elkartasun adierazpenak.
Ez naiz oso trebea horrelako idazkiak egiten, beraz, ez naiz gehiegi luzatuko. Hala ere, bukatu aurretik gorantziak, lehendabizi, egunez egun presook pairatzen ditugun bizi-baldintza latzak eta gure kontra zuzendutako erasoak lau haizetara salatu eta lan egiten duzuen guztiontzat, traba eta kriminalizazioaren gainetik. Jakin gurekiko adierazten duzuen elkartasuna ezinbestekoa dela guretzat, aurrera egiteko. Mila esker bene-benetan.
Sari hau zuentzat da.
Bukatzeko, gorantziak ere herriko jaiak antolatzen dituzuenentzat. Bereziki, jai alternatibo eta herrikoia lantzen duzuenoi. Lan gogorra bezain atsegina zuena, nahiz eta kriminalizazioaren atzaparrak ere inguruan dituzuen. Argi izan pentsamendu bakarrekoek herri baten alaitasuna, parranda eta borrokarako gogoekin ez dutela bukatuko. Castelloneko ziega honetatik guztiontzat animoak, eta segi aurrera, jai alternatibo koloretsu, parte-hartzaile eta herrikoiak antolatzen. Eta ez ahaztu gure partes parranda ederrak botatzeaz !
Beste barik, jaso besarkadarik sentikorrena, Gora euskal preso, iheslari eta errepresaliatu politikoen kolektiboa!
Gora Berrizko Sanpedroak !
BERRIZ| Azkenean hasi dira txilinek joten
Pasa den barikuan hasi ziren Berrizko San Pedro eta Santa Isabel jaiak txupinazoarekin, honen ostean kartel lehiaketako irabazleari saria eman zitzaiolarik. Urte honetan, Asier Virunbrales euskal preso politikoa izan da irabazlea, bere senitartekoek Asierrek idatzitako eskutitz bat irakurri zutelarik udaletxeko balkoian. Ordu berean “euskal presoak Euskal Herrira” zioen pankartaren atzean jende mordoxka balkoi azpian.
Barikuan rock taldeen eguna izan zen eta jende ugari gerturatu zen Berrizera. Zapatuan berriz, paella lehiaketarekin eta gaueko kontzertuekin ikaragarrizko jendetsa bildu zen, ordu txikietako euriak ere ez zuen inor etxera bidali. Domekan, euskal erromerixa egunean, trikitixak eta euskal dantzak nagusi Berrizen; oso giro polita gauerarte iraun zuena. Astelehenak resaka egun kutsua zekarren, arratsaldean pailazoek giroa alaitu zuten arte; beranduago, iluntzeko 8tan Euskal Presoen etxeratzea eskatzen duen Donien Atxa jarri eben plazan, orain bai, ofizialki jaixetan gauz!
Gaur asteartea, Greba orokorra da euskal herrian, Berrizen komertzio guztiak itxita egon dira San Pedro eguna delako, eta tabernak ere errespetatu dute grebaren deialdia, goizean 2 orduz itxita egon dira eta arratsaldean beste bi orduz, sindikatuetatik eskatu zaien bezalaxe.
Egun asko daramagun arren jaietan, oraindik beste 3 egun gelditzen zaizkigu; eta guztiok gonbidatuta zaudete gurekin bat egiteko Berrizko plaza , txosnagune, taberna…halaber, jai giroan.
GREBA OROKORRA| Berrizen jaiak direnez, greba beharrean geldialdiak egin dituzte
Berrizen Sanpedro eta Santaisabel jaiak ospatzen dabiltza, eta gaur San Pedro eguna denez, ordu biko geldialdiak egin dituzte goizez eta arratsaldez.
Jaiekin batera kointziditu du gaur Greba Orokorrak Berrizen. Festa eta aldarrikapena uztartu dituzte bertan. Horretarako, goizean ordu biko geldialdia egin dute eta arratsaldean beste bi ordukoa. Dendak eta enpresak, jai eguna izanik gainera, itxita egon dira, eta tabernek egin dute batez ere geldialdi hori.
Egitarauko hainbat ekintzari eutsi diote; iluntzean, adibidez, bertso saioa antolatu dute plazan, 19:00etan.
BERRIZ| Badatoz txiliñak!!
2010eko San Pedro eta Santa Isabel jaien atarian gaude etat xilinen soinua be
entzun daiteke jada. Aurten ere egitarau oparoa antolatu du Jai Batzorde
herritarrak, gustu guztietarakoa: sardina jana, txosna-gunea pintxoekin
zabaltzen den bitartean; biharko paella lehiaketa, euskal erromeria…
hainbat eta hainbat ikuskizun eta jai izango ditugu Berrizen egunotan.
Kontzertuen aldetik ere aukera ederra: ekainak 25, barikuan Estricalla,
Tres41, eta Dinero taldeek joko dute, eta ekainak 26, zapatuan Esne Beltza
eta Trikizio taldeek berotuko dute giroa.
Jakina da gehiengo sindikalak deitutako greba eguna, ekainak 29a, San
Pedro egunarekin bat datorrela. Errebindikazioa eta jaia lekua edukiko
dute, izan ere 10etatik 12ak bitartean greba mantenduko da eta
arratsaldean berriz, 17etatik 19etara. Orduan Balkoitik Balkoira Bertso
saioarekin jarraituko dugu jai giroan, Miren Amuriza, Gorka Lazkano eta
Igor Elorza bertsolariekin.
Aurtengo pregoian Jabi Azpitarte alkateak eta Karmen Amezua Kultura,
euskera eta jaien batzordeburuak jai zoriontsuak opa dzkigu berriztar
guztioi. Hitz bereziak eduki dituzte kartel lehiaketa irabazi duen
Asier Virunbralesentzat ere , “batez ere guregandik urrun dagoen honetan”.
Berriztik 540 kilometrotara dago Asier preso politikoa, Castellóko
Albocasser kartzelan. Agurrean esaten den moduan, “aurten gurekin batera
jaiak ospatu nahi izan ditu, hemen, gure artean, “Txiliñak” kartelaren
bitartez bere presentzia ziurtatuz. Haraino joan dadila besarkada handi
eta sendo bat, irabazlea zoriontzeko”.
Finean, osagai guzti horiekin, jai alaiak, zoriontsuak, parte-hartzaileak
eta hoberenak izan daitezen, guztiok zeregin handia dugu. Animo ba!
Berriz| Bai udalbiltzari, bai Euskal Herriari
Udalbatzan, aho batez onartutako mozioaren harira, eklarretaratzea egin zen Berrizen.
Udalbitza, Euskal Herriko historia garaikideko lehen instituzio nazionalaren epaiketaren aurrean, mozioa aurkeztu zen Berrizko udalbatzan. Bertan, 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa ezezik zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo erabaki zen. Onetsitako testuaren arabera “helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla”.
Baita ere “demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea” azpimarratu zen adostutako mozioan.
Hori kontutan hartuta, erabaki zen “Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea eta Estatuko Gobernuari Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala eskatzea”.
Ez bakarrik deklarazioaren onarpena, baizik eta dauden protesta mobilizazioetan parte hartzeko deialdia ere luzatu zen. Horregatik, zapatu goizean 40 bat berriztarrek, tartean Jabi Azpitarte alkatea eta Rosa Mari Ostogain alkatesa ohia ere, udaletxearen aurrean burutu zuten kontzentrazioan parte hartu zuten.
BERRIZ| Ari naizela, ari naizela/ hor ikusten det Amuriza…
Durangaldeko bertsolari txapelketaren final mundiala ospatu zen Berrizko frontoian. Miren Amuriza eta Gorka Lazkano berriztarrentzat lehenengo bi postuak izan ziren.
Pasa den larunbatean, maiatzak 29, Durangaldeko bertsolari txapelketaren finala jokatu zen Berrizko frontoian. Jende andana, giro paregabea eta 6 gazte artista eskenan.
Seiak leia gogorra izan zuten 2 orduz, beraien arteko konfidantza, konplizitate ta laguntasuna ere nabari utzi zituztelarik haien ekinean.
Seikotean neska bakarra, Miren Amuriza Berriztar gaztea, azkenaldian plaza ugaritan aritutako neska; ta Euskal Herriko finalean gertatu lez, oraingoan ere estatistikei aurre hartuaz, neska garaile ta txapeldun. Zorionak Miren!
Bigarren saria ere herrian bertan gelditu zen Gorka Lazkanok eraman baitzuen, Mirenen puntuaziotik oso gertu gelditu zelarik.
Hurrengo sailkatua, Durangaldean hain ezaguna den Eneko Abasolo, Abarkas. Saio polita eta dibertigarria Abarkasena, benetan. Hauen atzetik ordenan, Beñat Ugartetxea, Eñaut Uruburu eta Julen Solozabal gelditu ziren. Azken hauek ere maila ona erakusteaz gain, publikoaren babes itzela jaso zutelarik.
Honekin ba, Durangaldeko txapelduna Bizkaiko txapelketarako sailkatuko da zuzenean, beste eskualdeetako txapeldunekin batera; gainontzeko partaideak puntuazioz gehituko dira.
Mañariko harrobia baino indartsuago gaur egun Durangaldeko bertsolarien harrobia, segi horrela gaztiok eta zorixonak danoi!
BERRIZ| Asier Virumbrales preso politikoak irabazi du jaietako kartel lehiaketa
Asierrek aurkeztutako “Txiliñek” izeneko kartelak iragarriko du aurtengo Berrizko jaiak.
Urtero legez, Berrizko jai batzordeak antolatzen duen leihaketan 12 kartel aurkeztu dira aurten. Batzordearen partaideek gehiengoz aukeratu zuten “Txiliñek” deitutako kartela. Bertan neska batek txintxarriak ekartzen dizkie dantza egiteko prest dauden dantzariei. Txopoan, ikurrinarekin bat, ohikoa den beste banderola bat igartzen da. Gezi gorri batek, mezu subliminal bezala, herri honetan zabalduta dagoen aldarrikapen bat iradokitzen du.
Egilearen datuak agertzen zuen gutun-azala zabaltzean ikusi ahal izan zuten Asier Virumbrales zela egilea.
Berriztik 540 kilometrotara bakartuta dago Asier, Castellóko Albocasser gartzelan. Baina aurten gurekin batera jaiak ospatu nahi izan ditu, hemen, gure artean, kartel honen bitartez bere presentzia ziurtatuz.
Haraino joan dadila besarkada handi eta sendo bat, irabazlea zoriontzeko.
DURANGALDEA| Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da larunbatean
Maiatza 26, 2010 by altzoan1
Filed under Berriz, Gaiak | Durangaldea, General
Maiatzaren 29an, larunbatean, eskualdeko bertsolaritzak hitzordu garrantzitsua dauka Berrizen. Izan ere, Durangaldeko Bertsolari Txapelketa amaierara heltzen dabil, eta bi finalaurrekoen ondoren, txapelaren bila ariko dira sei bertsolari.
Beñat Ugartetxea mallabiarra, Eñaut Uruburu abadiñarra, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra, Gorka Lazkano berriztarra, Julen Sololuze ermuarra eta Miren Amuriza berriztarra izango dira burrukan. Gorka Lazkano da egungo txapelduna, orain dela bi urteko txapelketan berak irabazi baitzuen, Garain jokatutako finalean.
Durangaldeko Txapelketan finalaurreak egiteko ohitura dago. Aurten, Mallabian eta Iurretako Oromiño auzoan egin dituzte saio horiek, eta sei bertsolari hauek dira finalera sailkatutakoak. Kanpoan geratu dira Ander Salaberria, Unai Hormaetxea, Jon Ander Urkiaga, Garikoitz Sarriugarte eta Ander Aldazabal.
Amaia Ugalde, Asier Ibaibarriaga eta Maite Berriozabal ibili dira gai-jartzaile lanetan. Hain justu, azken honek aurkeztuko du finala. Epaileak, Iñaki Aurrekoetxea, Gorka Intxaurbe, Jurgi Fuentes, Asier Ibaibarriaga, Moises Enbeita eta Miren Itziar Basterretxea izango dira.
Lazkanok defendatu beharko du txapela, bere etxean, eta seguruenik, arerio gogorrena ere etxekoa izango du: Miren Amuriza. Euskal Herriko Txapelketa maila bikaina emanda dator berrizko gaztea. Dena dela, aukerak zabalik daude, eta baliteke sorpresarik ere egotea. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da bertso jaialdia, Berrizko pilotalekuan.
Historia
Durangaldeko Txapelketa 1959an egin zen lehen aldiz, Urkiolan, Euskaltzaindiak antolatuta. Bost bertsolarik hartu zuten parte, eta Jose Alberdi mañariarra izan zen garailea.
Irabazleak
Jose Alberdi (1959)
German Uriguen (1960)
Frantzisko Mandiola (1961)
Julian Martitegi (1962)
Julian Martitegi (1964)
Julian Martitegi (1966)
Beñat Ugartetxea (2000)
Beñat Ugartetxea (2002)
Beñat Ugartetxea (2004)
Beñat Ugartetxea (2006)
Gorka Lazkano (2008)
BERRIZ | Koldo Mendez PSEko zinegotzia atxilotu dute Borboiak iraintzeagatik
Berrizko PSEko zinegotzi den Koldo Mendez atxilotua izan zen maiatzaren 25ean Bilbon, Felipe Borbon eta bere emazte den Letizia Ortizi irainak botatzeagatik Bilbora egin zuten bisitan.
Gazteak lan munduan sartzeko Fundación Novia Salcedok antolatzen zuen ekitaldira etorri ziren Borboiak eta ekitaldia hasi baino pixka lehenago atxilotu zuten, bere ilobarekin pasioan zihoala hauei irainak botatzeagatik. “Chupones” eta “muerte a la monarquía” moduko esaldiak esaten hasi, ertzainak hurbildu, identifikatzeari uko egin eta atxilo eraman zuten. Bere kontrako karguak Etxe errealaren kontrako irainak eta autoritateari erresistentzia egitea dira.
Gauerdi inguruan aske geratu da, epaitegitik deitzen diotenean bertaratzeko beharra duelarik.
Hala ere, Kode Penalak Koroaren kontrako irainak larriki zigortzen ditu, sei hilabete eta bi urteko kartzela zigorrarekin hain zuzen ere. Aurrekinak badaude ere, isun altuak jarri direla. Horretaz gain, PSEko bozeramaileak, José Antonio Pastorrek azaldu duenez, alderdi horren Batzorde Exekutiboaren aurrean deituko dute Berrizko zinegotzia “urgenteki”, behar diren neurriak hartzeko.
Koldo Mendez, herrian Tyson moduan ezaguna dena bere jarrera oldarkorragatik, agian arazo larri batean sartu da, oraingo honetan. Goregi jo du. Jakin beharko luke herri honetan gauza batzuk libre adieraztea ezinezkoa dela.











