IURRETA| Segurtasun neurri duinak eskatu dituzte
Kontzentrazioa burutu dute ezbeharra gertatu den Euskal Kataforesis enpresaren aurrean segurtasun neurri duinak eskatzeko.
Ostiralean emakume bat hil zen Iurretako Arriandi Industrialdean dagoen Euskal Kataforesis enpresan. Ezbeharra makina jasotzaile batek zeraman karga galdu zuenean gertatu zen, areatzako 39 urteko emakumea bertan hil zelarik. Hau horrela, astelehen goizean sindikatuek eta langieleek kontzentrazioa burutu dute enpresaren aurrean.

Sindikatuak bat datoz ezbeharra aspalditik gain produkzioagatik langileak jasaten ari diren lan erritmo gogorraren ondorio dela. LAB sindikatuak jakinarazi izan digunez, egoeraren larritasuna ikusita, iazko abenduan salaketa bat jarri zuen gizarte-segurantzako ikuskatzaileek enpresako arazoan esku har zezaten, egoera konpondu asmotan. Gizarte-segurantzako administrazioak ordea, ez zuen salaketa aintzat hartu, jasotako salaketan ez zirelako ordurarteko ezbeharren gertakariak aipatzen eta enpresako gehiengo sindikalak ez zuelako salaketa bideratu. Sindikatuaren arabera, “jarrera honekin administrazioa gertatutakoaren konplize ere bada”.
Bestalde, astelehen arratsaldean 25 lagun batu ziren Iurretan, prekarietateak hil egiten duela salatzeko eta era berean beharrezkoak diren segurtasun neurriak eskatzeko.
ZORNOTZA | AHTren aurkako akanpada, Leginetxeko baserri okupatuan
Badira ia lau hilabete AHTren aurkako zenbait ekintzailek Zornotzako Leginetxe auzoan dagoen baserria desjabetu bat okupatu zutela, protesta gisa. Bertan jarraitzen dute eta AHT Gelditu! Elkarlanak akanpada bat antolatu du irailaren 17, 18 eta 19rako. Hona hemen bidali diguten oharra oso-osorik: Read more
IURRETA| Langile bat hil da
Euskal Kataforesis enpresako emakumezko langile bat hil da gaur goizean.
Goizeko 11:00 aldera Iurretako Arriandi Industrialdean dagoen Euskal Kataforesis enpresan gertatu da ezbeharra. Makina-jasotzaile batek zeraman zama galdu egin du eta 39 urteko emakume areatzarraren gainera erori da bertan hil delarik.
Lab sindikatuak jakinarazi izan digunez enpresa batzordeak hainbat alditan salatu izan du enpresan ematen ari ziren lan baldintza gogorrak. “Langileek lan erritmo gogorrak pairatzen dituzte gain produkzio izugarriaren ondorioz eta bestalde prebentzio neurriak falta dira”.

Enpresa batzordeak datorren astelehenerako lanuztea deitu du eta 12:00etan kontzentrazioa burutuko da enpresa aurrean.
Arratsaldeko 19:00etan berriz, Iurretako Azkondo kalean kontzentrazioa burutuko da prekarietateak hil egiten duela salatzeko eta lan istripu gehiago gerta ez daitezen beharrezkoak diren neurriak eskatzeko.
ELORRIO | Aralarren azpijoko politikoa salatu du Ezker Abertzaleak
Pasa den abuztuan gehiengo osoarekin onartutako Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren (HAPN) inguruan EHA Udal taldea egiten ari den joko zikina eta talde horren baitan dagoen Aralarrek aurrera daraman azpijoko politikoa salatu du Elorrioko Ezker Abertzaleak bere azken Berrikoian.
Ezker Abertzaleak argitaratzen duen berri paperaren 56. zenbakiaren izenburu nagusia esanguratsua da oso; “Nahikua da”, diote letra larriz. Artikuluaren hasieran bertan azaltzen da zergatia: “Denbora asko daramagu “independienteen” gezurrak, irainak, mespretxuak, manipulazioak, iruzurrak eta era guztietako lelokeriak aguantatzen. Gure pazientzia agortu gura dute beraien gai bakarreko –Elorrio San Antonetik San Antonera iristen da- buletin errepikakorrekin. Lanean gabiltzalako egon gara isilik orain artean, erantzukizunak ditugulako, ez diegulako, beraien amarruan jausita, ez daukaten protagonismorik eman nahi… baina nahikua da!”
Berrikoiak Alkateak Sprilurrekin izandako harreman guztiak argitzen ditu bere barneko orrialdetan, eta ez duela inoiz inolako konpromisorik hartu edo akordiorik egin eurekin. Halaber, Ezker Abertzaleak ez duela gezurrik esan azpimarratzen da.
Aralar taldeari buruz hitz egiteko “Baina hau guztia…zergatik?” izenburua erabili dute: “Aralarrek diseinatutako azpijoko politiko baten aurrean gaude. Azkarrak izan dira. Ezer ez izatetik EHAren zerrendan, satorrak bezala infiltratu, eta “koalizio” hori eurena egiten ari dira apurka apurka. Aurretik “Independiente duen zera guztia ezabatu, horrekin batera Ezker Batua. Eta azkenik, eurak apenas ezer jarri barik, koalizioaren jabe egin dira. Euren helburuak lortze aldera, Aralarrek ez du aurpegirik ipiniko, “marka zuriak” erabiltzen dituzte. Plataforma horiek dela Auzo Koordinadora dela San Anton Bizirik, Ezker Abertzalea ahultzeko, iraintzeko eta Niko Moreno gure alkatea zikintzeko erabili ditu.
Hori horrela, euren kalkulu elektoralak egin dituzte. Alde batetik, itxura batean, ez dute desgasterik jaso izan, eta bestetik, hainbeste amesten duten Ezker Abertzalearen ilegalizazioa gertatuko balitz, Elorrioko aukera herrikoi moduan aurkeztuko lirateke. Putreak!!! Igarrita dauz, baina. Harria bota eta eskua gorde… Iraindu, manipulatu, azpijokoan ibili. Aspaldiko estrategia. EHA ez da esistitzen. Bitartean eurak gerizpean gordeta, amurrusten, azeriak bezala. Aralarrekoak. Ez dira gauza izan, plenoetan euren iritzia emateko. Aurpegia emateko. Hori, aukera? Hori eta eskubete euli …!!!”
ELORRIO | Harrera beroa jaso du Urdin Ugartek bizikletan munduari bira eman ostean
Urte eta erdi luze behar izan ditu aspaldiko ametsa eta erronka bete ahal izateko. Urdin Ugarte elorriarrak munduari buelta eman dio bizikleta gainean eta pasa den larunbatean, biraren azken txanpan, senide eta lagun talde handiak harrera beroa egin zioten Elorrion. 1000 milla izena zuen bere ekimenak baina mila horiek baino askoz milla gehiago egin dituzte Urdinek eta Izaro neska lagunak.
Bidaia iazko neguan hasi zuen, Frantziatik Italiarako bidea hartuz. Elorriotik irten zenean, 2009ko urtarrilaren 10ean, dena elurtuta zegoen. Maiatza aldera Grezian zegoela bere neska laguna Izaro Martinezekin bildu eta elkarrekin jarraitu zuten Himalaiarantz. Urte bete behar izan zuten Nepalera iristeko baina han bertan erabaki zuten lurrari buelta emango ziotela. Hegazkina hartu eta Bangkokera iritsita, Thailandia zeharkatu zuten. Eta gauza bera egin zuten Zelanda Berriko hegoaldeko uharteetan.
Hegazkinez Kaliforniara iritsi eta Amerika osoan ibili ondoren Izarok Durangorako bidea hartu zuen. Urdin Kanada herrialdera abiatzen zen bitartean. Montrealen hartu zuen azken hegazkina. Lisboara heldu bezain pronto, ziztu bizian eta iparra galdu gabe, Portugal, Galizia, Asturias eta Kantabria zeharkatu zituen. Azken egunak Euskal Herriko beste herri batzuetako lagun eta senideak agurtu ondoren, larunbatean iritsi zen Elorriora.
Harrera goizeko 11etan izan zen. Bikoteak lore sorta jaso zuen eta txalo zaparrada ere. Ondoren hamaiketakoa egin zuten guztiek. Esperientzia izugarria izan dela eta une zoragarriak gozatu dituztela adierazi digu Urdinek. Hala ere, arazo latzak ere izan dituztela aitortu zigun, Indian esate baterako lapurren erasoa jasan zuten baina erasotzaileei aurre egin eta alde egiteko aukera izan zuten. Hurrengo egunetan materiala berreskuratu ahal izan zuten. Ia bidaia osoan kanpin dendan egin dute lo. Egun hauetan bere ohe gozo eta bigunean merezitako atsedena gozatzen egongo dela suposatzen dugu. Zorionak Urdin eta Izaro!
ELORRIO | Raimundo Amador Ferixa Nagusien atarian
Elorrioko Ferixa Nagusiak datorren barikuan hasiko dira eta Raimundo Amador kitarrajole eta abeslari ezagunaren kontzertua izango da, dudarik gabe, lehen jai egun honek jendetza gehien bilduko duen ikuskizuna. Jaiak irailaren 3an hasi eta hilaren 12arte luzatuko dira. Egitaraua zabala da eta denetarik izango dugu. Larunbatean mailaz igo den futbol taldeko jokalariek jaurtiko dute txupina.
“Urtero lez, burugogorrak eurak, beti gure zain eta gu beti euren zain, opor batzuk izan eta gero, hementxe dauzkagu Ferixa Nausikoak”. Modu honetan hasten da Elorrioko Udalak eta jai Batzordeak antolatutako jaien egitaraua. Igandean, irailak 5, XXVII. Abere eta Nekazaritza azoka izango da. Arratsaldean esku pilota partidak, musika eta dantza ikuskizunak, sardina jana, bilbainadak, mariachiak, suzko zezena…
Astelehenean koadrilen eguna da eta Aldatsekuako bazkarian parte hatzeko, mahai eta aulki banaketa goizeko 9etatik aurrera egingo dela ohartarazten du Jai batzordeak. Berdintasunaren eta jai parekideen aldeko aldarri berezia egin gura izan da aurten. Pinak eta antisorgailuak banatuko dira eta egitarauan preseski agertzen den bezala, “Jaiak denontzat dira, emakumeok ere gozatu gura dogu” aldarrikatzen da
Ferixa Nagusiotan kontutan hartzeko beste ohar batzuk eman ditu Udaleko Jai Batzordeak. Batetik, umeen jolas parkeak eta pilota partidak kiroldegian izango dira, euria egiten badu. Bestetik, sukalki egunean parte hartzeko izen ematea eta erreserbak goizeko 8etatik 10ak arte egin beharko dira.. Karrozen jaitsieran parte hartzeko, izena emateko aukera Iturri Kultur Etxean, irailaren 9a baino lehen. Jaietako zapia betiko denda eta tabernetan izango da salgai.
BERRIZ| Berriztar bat Lehn harrapatua.
Asko dira treking-a hartzen dutenak oporretako plana. Asko ere India aldera jotzen dutenak. Oraingo uda honetan joan direnak txango ederrekin baino, uholde itzelekin aurkitu dira. Indiaren menpeko Kaxmirren gertatutako hondamendiaren ostean, harrapatutako euskal herritarretako batzuek jada hartu dute etxerako bidea; beste zenbaitek nahiago izan dute han gelditu, uholdeen kaltetuei ahal den neurrian laguntzen, bai salbamendua antolatzeko, baita ahal den neurrian jendeak dituen behar izugarriak baretzen, botikak banatzen, edota errepideak garbitzen.
Euskal Herriko bi espediziok zuten Leh hiria jomuga, 3.500 metro inguruko altueran. Ganguren Galdakaoko mendi taldekoa, 46 kidez osatutakoa hiri horretatik hamabost eguneko txango bati ekiteko asmoa zuten, Himalaya mendikatean barrena. Zazpi kideez osatutako beste espedizio bat –tartean Javi Etxebarria “Estoper” berriztarra- Nun mendia (7.135 metro) igotzeko asmoz. Lehra heldu eta hiruzpalau egunetara, ordea, uholde eta lurjausiek haien helburua ito zuten, planak guztiz aldrebestuz.
Egoera tragikoa, ehunka hildako eta desagertuak, 30 kilometroko inguruan errepide edo zubien txikizioa… Horregatik, bigarren espedizioko kideek bertan gelditzea erabaki zuten. Euskal Herrira itzultzeko hegaldia abuztuaren 30erako zeukaten erreserbatuta, eta ez dute inolako asmorik lehenago itzultzeko: ahal duten neurrian lagunduko dute eta eguraldiak hobera egiten badu, mendiren bat igo.
Patxi Lopez lehendakaria edota Mikel Cabieces gobernu delegatuak goraipatu dute mendizale hauen elkartasuna. Espedizioko kideek, ordea, beste era batean ikusten dute auzia: «Berrietan irakurri dugunez, Eusko Jaurlaritzak hegazkin bat bidaltzeko asmoa dauka. Hemendik eskatuko genuke, hegazkina hutsik bidali beharrean, arropa, pala, piku eta karretilaz beteta bidaltzeko. Izan ere, lan egiteko baldintzak etxekoak baino negargarriagoak dira».
ATXONDO | ESAITen mendi martxa helduko da ostegun honetan
| abu |
| 5 |
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak urtero antolatzen duen mendi martxak 10. urteurrena bete du. Aurten Atxondon ere geldialditxoa egingo dute abuztuaren 5ean partehartzaileek.
Uztailaren 31n hasi zen Ustaritzen eta Trebiñon bukatuko da abuztuaren 8an. Abuztuaren 4an Elgetan egun osoko jaia antolatu dute herri bazkari eta guzti. Hurrengo egunean Bizkaiara igaroko dira.
Ostegun arratsaldean datoz mendizaleak Atxondora eta Abiadura Handiko Trenaren obren nondik norakoak ezagutuko dituzte.
19:ooetan ekitaldia egongo da Apatako plazan. Ondoren, trikitilariekin poteoa egongo da herriko tabernetan zehar.
Azkenik, afaria egongo da martxa egiten ari diren guztientzat Apatako frontoian eta bertan lo egiten gelditzeko aukera egongo da hurrengo egunean Aramaiora gogotsu abiatzeko.
ATXONDO | Déjame entrar filma ikusgai
| uzt |
| 30 |
| 22:00 |
Bariku honetan Axpeko frontoian 22:00etan Tomas Alfredson zuzendari suediarraren DÉJAME ENTRAR (Låt den rätte komma in) beldurrezko filma egongo da ikusgai.
Sinopsia: Oskar eskolan gelakoen irainak pairatzen dituen 12 urteko mutil lotsatia da. Auzolagun berri bat du: Eli, bere adin bereko neskato misteriotsua; laster bihurtuko dira lagun onak. Baina Eliren etorrerarekin batera, azaldu ezineko heriotzak gertatzen hasiko dira. Oskarrek uste du Eli banpiroa dela, baina hala ere bere laguna izaten ahaleginduko da, beldur guztien gainetik.
2008an sari ugari lortu zituen film honek Suedian, baita Europa mailan ere.

ABADIÑO: 6 hilabeteko kartzela zigorra Abañar bati
Duela urte t’erdiko manifestazio batengatik 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 240 euroko isuna jarri diote Abañar bati.
2009ko otsailaren 14an, Demokrazia3miloi hautagaitzaren ilegalizazioa erantzuteko manifestazioa burutzekoa zen Bilbon. Garzonek berehala salaketa adierazpen hau galarazi zuen eta Aresen poliziak Madrildik jasotako aginduak jarraituz, kalean zegoen pertsona oro sakabanatzen, bultzatzen, jipoitzen eta atxilotzen hasi zen. Ondorioz hainbat zauritu eta 5 atxiloketa eman ziren, atxilotu eta zaurituetako bat Abadiñokoa izan zelarik.
Urte bat eta 5 hilabete beranduago, 2010eko uztailaren 14an, atxilotu hauek Bilboko epaitegian izan dira, fiskaltzak eskatzen zizkieten 4 urteko espetxe zigorrari aurre egiten. Azkenean 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 240€ko isunak ezarri dizkiete.
Abadiñoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere aldetik “Espainiar estatuaren eta bereziki zipaioen errepresio bortitza salatu du” honako arrazoiengatik:
- Helburu politikoen ondorioz manifestazioa galarazteagatik.
- Manifestatzaileen aurka indarkeria erabiltzeagatik, hainbat zauritu eta atxilotu eraginez.
- Abadiñar bat eta beste lau pertsona atxilotu eta salatzeagatik. Errealitatean salatu beharrekoak beraiek zirenean atxilotuei emandako jipoiengatik.






![images [800x600]](http://altzoan.com/wp-content/uploads/2010/07/images-800x6001-300x140.jpg)







