Julen Arzuaga | Adierazi EHren bultzatzailea

Iraila 3, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

Adierazi Ekimen Herritarra, Adierazi Euskal Herria

Web honetan izkutatua dagoen artikulutxo honetara ailegatu bazara, ez dut zalantzarik ekimen hau bultzatzen duen iragarkia ere ikusi duzula. Bideotxo horretan hogei arrazoi topatu daitezke Bilboko kaleak okupatzeko; hitza eta ekintza alegia.

Beste 3 miloi arrazoi gehiago ere egon daitezkeela errekonozitzen da esandako “spot” horretan. Gure eremura ekarrita, zeintzuk izan daitezke 92.800 gora behera Durangaldeko biztanleen iritziak? Noski, portzentai haundienak ez du ekimena ezagutu ere egiten, eta gehienak ez dira Bilboko manifestaldira joango, ezta urrundik ere. Hala eta guztiz ere, interpelazioa guztientzat berdina da: zuzen zuzenean galdetzen bazaie zer pentsatzen duten Eskubide zibil eta politikoen urraketaz, ilegalizazioaz, bortxakeriaz… zein izango zen gizabanakoaren iritzia, norberaren adierazpen askea?

Bi parametrotan mugitzen da ekimen hau, lehenengoa negatiboki formulatua: “Ez bortizkeririk, ez inposiziorik”. Bigarrena, txanponaren beste aldea, oraingo honetan positiboan eta manifestazioaren leloa izango dena: “Denontzako  eskubide guztiak Euskal Herri osoan”. Nork ukatu dezake aldarrikapen xalo bezain boteretsu hauek duten birtualitatea? Nor ausartuko litzateke hau errefusatzera? Zergatik mantendu, beraz, inmobilismoan? Nola sostengatu, orduan, oraingo inpass egoera? Zergatik urratsik ez eman?

Ekimen hau bultzatzen dugunok, zinez pentsatzen dugu testuinguru politiko berri bat behar dela gure Euskal Herri honetan, Durangaldean, gure herri eta auzoetan. Urte luzetako saminak atzean utzi eta herriaren proiektu eta aspirazio guztiak positiboan errealitate bihurtzeko garai berri bat. Proiektu eta alternatiba guztiak mahai gainean, lejitimo, gauzagarri, egon ahal izateko.

Proiektu horien alde libre adieraztea eskubidea da dudarik gabe, baina adierazitakoak ere arduratsu jokatzera behartzen zaitu eta horregatik nahi dugu herritarrak ahalmentzea, eurek eta ez beste inor, euren etorkizunaren jabe izateko. Askatasuna egikaritzeko konpromiso osoz. Parte hartze demokratiko zuzenaz.

Datorren zapatuan, irailak 11n, Bilbo betetzea inportantea da zalantzarik gabe, oraindik mezu hau ezagutzen ez dutenengana heltzeko. Inork ezin dezala esan herri honetan adierazterik ez duenik.

Durangaldean hauteskunde-kanpainian gaude |

Uztaila 3, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

Joan den barikuan PNV hauteskunde-kanpainaren atal berri bat ikusi genuen. Gure eskualdean Bizkaiko ahaldun nagusia izan genuen, herri-lanen ahaldunak lagunduta eta alderdi bereko inguruko hainbat kargu publikoren koruarekin.

Oraingoan dakarkiguten oparia hainbat kilometrotako autobide, sahiesbide eta autopista dira, beraien arabera gure mugikortasun arazo guztiak konponduko dituztenak.

450 milioi euro baino gehiago gastatu nahi dituzte azpiegitura berriak eraikitzeko, zeinak amaituta egon bezain laister erakutsiko duten arazoa areagotzeko besterik ez dutela balio, holako bat egiten duten bakoitzean gertatzen den moduan.

Oraingoan ere, Aldundian ez da inolako hausnarketarik egin garapen ereduaren inguruan, ezta garraio ereduari dagokionez ere. Honen moduko azpiegitura erraldoiak herritarrei galdetu barik planteatzen dutenek ez diote inolako kritikarik egiten euren buruari.

Gure eskualdean 450 milioi euro baino gehiago gastatuko dituztela diote, baina ez dute bertoko udalekin kontsultatu, ia autobideen ibilbidearekin ados dauden. Edo konstulta egin dute, baina guztia erabakita zegoenean. Hori bai, aurkezpenerako alkate guztiak gonbidetu dituzte, txalo egin dezaten, baina iritzia emateko aukera barik.

Ez da hau gure eskualderako nahi dugun eredua. Ez dugu gura 450 milioko “konponbiderik”, ezer konpondu barik arazoa areagotuko duena. Guztion dirua gastatuta betikoen negoziorako nahiak asetzeko planteatzen diren azpiegiturak oinarri dituen eredua ez da gurea.

Gure ustez eztabaida sakon eta zabala eman behar da, behar dugun gizarte eta garapen eredua erabakitzeko; garraio ereduaren ardatz nagusia garraio publikoa izango duena, berau benetan sustatuta, auzoak, lantegiak, ikastetxeak eta erosketa guneak behar dan moduan elkarlotuta. Berba baten, guztiok egunero erabiltzeko moduko garraio publikoa behar dugu, eta ez azpiegitura erraldoi gehiago, kotxearen erabilera pribatua sustatu besterik egiten ez dutenak, gure etorkizuna eta gure seme-alabena hipotekatzen dutenak. Eta eredu hori denon artean erabaki nahi dugu.

Durangaldea maite dugulako

Amaia Aurrekoetxea | Ikaslea

Ekaina 19, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

AGUR ETA OHORE JON IDIGORAS GERRIKABEITIA |

Bost urte paseu dire gure artetik alde ein zainunetik baina, ondiño be gugaz zauz, gure artean zauz. Borrokalari fina izen zinen, herriaren alde beti lan egiten. Gazteon eredu bihurtu zara, jarraitu behar dogun eredua, konpromisoaren eredua. Hori dalako momentu honetan behar doguna, bakotzak bere mailan, baina konpromisoa hartzea, eta lan egitea. Zuk esaten zainun moduan lan egiten baino ez doguleko lortuko. Geurkoz beste barik. Domeka honetan ein jakon omenaldien irakurri jakon olerkiegaz izten dotzuet.

1936ko maiatza zan

udabarriko lorak, loran egoazan

gerra usaia nabari

ideak argi, jaio zinen

prest gerra emoteko

gerra deklarau dozkuen horreri

prest gerra emoteko

Zezen zalea zinen

amorratua

eta danori erakutsi euskuzun

zezenari adarretatik hartzeko

ez zendukala billurrik,

geau erakutsi euskuzun

zezenari

adarretatik heldu behar jakola

inora heldu behar badogu behintzet

Gaztetatik hasi zinan lanean

eta azkar konturatu zinen

langile izateak zer suposatzen zeuen

eta geldirik egon ezin

lanean hasi zinen, fin

Sindikatua sortu zendun

eta badirau egun

ingurukoan alde egiten

eskubideak defendiduten

irabazi zendun herria

maitatuz zurea zana

aberria

Frankismoan ordea, garai baltzak Baina, inoiz ez zalantzak

sufritu zendun

kartzela eta tortura

herritar askok modura

erbestea be bai

bidean utzita

borrokan jauzitako hainbat anai

Eta gero Herri Batasuna

herriaren askatasuna

zendulako amets

nahiz eta jakin ez zegoala errez

Konpromezuaren eredu izan zara

eta bazara oraindik ere

laguntasunaren ispilu

eta borroka grinaren zigilu

2007ko ekainaren 3an

udabarriko lorak, loran egoazan

baina inguruko lorarik ederrena zimeldu egin zan.

Hartu zendun azken arnasa

Gelditu ziren birikak

Baina ez herri honen irrikak

Juanita Gerrikabeitiaren semea

Lagun eta burkide ezin hobea

Agur eta ohore JON

Galder Gonzalez |

Maiatza 12, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

BIGARREN ZATIA HASI ORDUKO! |

Mayor Orejak badaki zer esaten duen. Zakur zaharrak inperioko suak nola piztu aspaldian du ikasia. Partidaren deskantsuan gaudela dio, bigarren zatia prestatzen. Bakoitza bere txokoan (batzuk gerizpean). Berdinketak meritua zeukan baina luzeegi jo du antza (77tik bueltaka dabiltzanentzat batez ere), entrenatzaileek jokaldiak marrazteko arbelak zuritu dituzte, estrategia berria idazten hasteko. Hausnarketa: Orain artekoek, gaur egun, ez dute irabazteko balio.

Egigureni arbelean idaztea gustatzen zaio, bereak dira lerro gehienak. Azken urteetan gaiztoetan gaiztoena ez dela irudikatu digun arren, komisarietan bortxatzen jarraitzen dela badaki eta estatuko aparatuei darien kiratsak ez dio aurpegia aldarazten. Polizia txarra eta onaren teknika zaharra bezain efektiboa. Behar bada konponbideak seduzitu zuen behin, baina garaipenaz mozkortu nahian dabil oraingoan.

Konstituzionalistek argi dute alineazio berria. Zapaltzaileak ez ditu ordu luzetako hausnarketak egiten, zapaldu eta listo, erabaki erraza.

1.Lerroan. Errepresioa.

Hauek ez ditugu inoiz bankiloan eseriko! Beldurra zabaltzen, mehatxuekin eta traban daudenak erditik kentzen jarraitu behar dugu! Idatzi dute (Aresi lerdea dario, mendeku gosez ari da).

2.Lerroan. Espainoletan espainolenak ondoan.

Fatxak, manporreroak eta eliza ahal bada. Apustua estrategiko bilakatu da, epe luzera begirakoa, inork ez dezala kontrakorik pentsa. Bi urte barru seguruenik PP gobernuan. Bai, hobe gaurdanik bidea elkarrekin egitea.

Urkullu oraingoz bankiloan (holakorik hasieran ez genuen espero). Lasai egon, bere minutuak izango ditu eta. Partida borobiltzeko ezinbesteko pieza dela esan diote belarrira.

3.Lerroan. Deseraikuntza nazionala.

Nafarroako modeloa praktikan jarri. “Herri honetan ez da sekula gatazkarik izan”. Historia aldatzea posible da, beste era batera idatzi eta irakatsiko duen norbait badaukazu. Hormigoiarekin Europako herririk zaharrenetakoaren aztarnak estal daitezke, abertzaleek zeri heldu izan ez dezaten. Euskarari garrantzia kentzen joan behar zaio, Patxik jada euskaltegia utzia dauka.

Ajuria Eneako aldageletan “Hay que salir con la roja” entzuten da, euforia puntu batekin ari direnik ezin uka. Baina ez dituzu sekula mitin batean ¡Viva España! arro oihukatzen entzungo.

Diktadura batetik jaiotako “demokrazia” honek ez ditu bere arazo historikoak konpondu. Fusilatuen zerraldoen gainean lur nahikorik ez zuten bota. Hil zituztenen arrazoiek bere horretan diraute. Irabazleen bakeak agintzen duenean, beldurra ezagutu zutenen isiltasunaz eta inpotentziaz errealitatea desitxuratzen saia zaitezke, baina sekula ez duzu zure helburua lortuko. Irakaspen hau denentzat baliagarri.

Trantsizioan ezker abertzaleak, gizarteko sektore batzuetan gailendu zen inpotentzia eta inkonformismoari eutsiaz, bere ibilbidearekin jarraitzea erabaki zuen. Erregimen aldaketaren aurrean galtzaile sentitzeari uko egin eta aurrera jo zuen lanerako espazio ezberdinak sortzen jarraituz, herri honetan sinesten zutenei baliabideak eskainiz, borrokarako eremuak zabalduz eta territorio askeak sortuz. Horiek izan dira gure ezaugarriak. Konplexurik gabe, sistemak eskaintzen zituen goxoki pozoituei erreparatu gabe.

Garai hartan hartutako konpromisoaren ondorioz, gehiengoak Euskal Herriaren ideia burutik ken dezan zenbat belaunaldi beharko dituzten kalkulatzeko ez dira kapaz espainolak, ibilbide orria argi duten arren, asimilazioak zenbat denbora eramango dien ezin begitandu. Horratx gure garaipenetako bat!

Partida ez da bukatu. Irribarrea etsaiak ez digu sekula aurpegitik kendu, baina deskantsura nahiko zizko eginda iritsi garela ezin daiteke uka. Gure aldagela klandestinoan hausnartu dugu; pixka bat. Aspalditik ez dugula golik sartzen.

Jokaldien arbelean norbaitek idazteari ekin dio. Entrenatzailerik gabeko ekipoa da gurea, bada ezpada, ezen ez baitute asko irauten. Ezin izenik eman, alineazioa are gutxiago. Bankiloan nor geratu behar den argi dute batzuk, denek ez alegia.

SlowFood=Astiro jan: ez atragantatzeko filosofia oso interesgarria. Estrategia berri bat idazten duzunean kontsentsua ezinbestekoa da, bestela ez da ondo aterako. “Kontsentsuak denbora behar du ezinbestean”, dio ekipoko psikologoak, beraz goazen lasai ibiltzera.

1.Zutabea. Atezain berria; Herria.

Horrela ez digute golik sartuko. Logika dauka baina Katalunian ez du funtzionatu gehiengoa diren arren. Herri aktibazioa nola lortu definitua ez dutelako, beste gauza batzuen artean. Guk ere definitu beharko genuke. Herri aktibazioa, jarrerak, baliabideak, desobedientzia… noraino iristeko prest gauden argi erakutsi behar dugu ekipoan sartu nahi dugun guztiok. Kasik hau da denen artean definitu beharreko lehen gauza, egiteke duguna.

2.Zutabea. Errepresioa jokoz kanpo utzi.

Herri honetan tortura desagertzen denean joko zelaia goitik behera aldatuko da. Etsaiak badaki inkomunikazioak hezurretaraino beldurtzen gaituela, paralisia sortuz eta belaunaldi berriak zokoratuz. Beraz esfortzuak merezi du.

Presoen kolektiboari indarra eman, bisitaz bisita, etsaiak garaipenaren zirrikitua zabaldu nahi baitu barruan. “Divide y vencerás”; senideok behintzat ez gaitzatela honetarako erabili.

3.Zutabea. Eraikuntza nazionala.

Durangaldean, bihotza jarri ezkero, izerdia botatzeko nahikoa lan eremu daudela badakigu. Hamarnaka arlo estrategikotan eragiteko eta eraikitzeko kapaz gara, udaletxe barrutik zein kanpotik.

2011ko hauteskundeetan ez gara legalak izango. Arbelean idazteke geratzen da behingoz egoera honetan, instituzioak nola borrokatu. Azken urteotan legaltasunean baina Damoklesen ezpata alderik alde sartuta aritzeak ere zer pentsatua eman digu.

4.Zutabea. Estranjeruak fitxatu.

Sudafrikarrek asko omen dakite, mundiala antolatzen ari direlako akaso. Hasieratik zelairatu ordez azken jokaldia borobiltzeko balira, neure uztez, hobeto. Gutxienez penaltiak jaurti, faltak bota edo hesian jarriko diren argi esplika diezagula norbaitek. Hasia nago pentsatzen etsaia despistatzen saiatzea baino, etxekoei esplikazio guztiak ematea hobeto ez ote den. Motibazioaren asuntoagatik batez ere.

Jokaldiak denek berdin ulertzen ez ditugunean golak nork bere atean sartzea gerta daiteke.

Partida asten denean, seguruenik lehen gola etsaiak egingo duelakoaren sentsazioa daukat. Baina partidak jarraituko du deskantsu gabe. Aurrerago egonen dira gol psikologikoak, baliogabetuak eta antologikoren bat edo beste. Txartel hori eta gorriak asko eta non-nahi seguru. Baina luzea izango den bigarren zatian, pazientziaz jokatu behar dugu, epe laburreko jokaldiekin obsesionatu gabe. Eta hor, saio luze horretan, izan behar gara konstante eta nekaezin, arrazoiak ematen digun indarrak, irabazle eginen gaituelako.

Aitor Sarrionandia |

Maiatza 4, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

KONTSULTA INDEPENDENTZIAZ |Apirilaren 24an, domekan, Kataluniako milioi bat inguru lagunek aukera izan zuten Independentziaren inguruko kontsultan parte hartzeko. Komunikabideetan tarte handia eman zioten gaiari, eta behin eta berriro aipatu zuten ezker abertzalearen ordezkaritza Katalunian begirale zela.

2009ko irailean Areys de Munt izan zen Kontsulta antolatzen lehen herria. Ordutik hona hainbat herritan egin dute erreferenduma, Apirilaren 24ko deialdia izan zen orain arteko handiena. Parte hartzea, orain arte, %20 ingurukoa izan da, handiagoa herri txikietan eta txikiagoa hiriburutan. Ikusgarria izanten ari omen da jende nagusiaren eta aspalditxoan politikatik baztartutako jende baten parte hartzea.

Emaitzen inguruan, parte hartzearen gainetik garrantzia handia eman diote jende ezberdina biltzeko gaitasunari, eta antolaketan parte hartzeko bildutako jende piloari.

Euskal Herritik ikusita, eta Kataluniari buruz daukagun ezagutzarekin, hala ere, ez da erraza mobimendu hau bultzatzen duen indarra irudikatzea. Urte askotan politika instituzionalizatua eta ezker abertzalearen sakabanaketa izan dira Kataluniaren erreferentzia, eta herri mugimenduak indar handiz jarraitzen duen arren, kontsulta prozesu honen antolaketaren inguruko pista gehiago bilatzeko gogoz izan nintzen.

Tarragonako Montblancen urteetan zinegotzi independiente izandako David Vallverdúrengana jo nuen orain dela aste batzuk, bere herrian Otsailaren 28an izan zutelako kontsulta horietako bat. 5269 laguneko erroldan independentziaren aldeko 1278 boto (%96) jaso ziren bertan.. David Vallverdúri eskatu genion antolaketari buruzko azalpen bat, eta hau bidali zigun.

“MONTBLANC DECIDEIX”, CATALUNYA-KO INDEPENDENTZIAREN ALDEKO ERREFERENDUMA ANTOLATZEKO TALDEA.

“Montblanc Decideix” koordinadora 2009ko irailaren 13an Areys de Munten egindako independentziari buruzko kontsultaren eta Nazio Koordinakunde baten sostenguarekin 167 herri gehiagotan egindako kontsulten ondorioz sortu zen.

Kontsulta guzti hauek motibazio handiko jende eta erakundeek antolatu zituzten, beraien arteko alde eta haserreak alboan utzita elkarrekin helburu komun baten aldean lanean jartzeko: herriak Kataluniako Nazioaren etorkizuna era libre batean erabaki ahal izan dezala.

Montblanc-eko Udalak hauen antzeko kontsulta burutzeko borondatea erakutsi zuen, eta hala agertzen zen 2009ko irailaren 25ean onartutako mozioan. Bertan onartzen zen galdeketa antolatuko luketen erakundeei babesa ematea.

2009ko azaroaren 5ean hainbat banakoen eta erakundeen ordezkarien arteko bilera egin zen, Montblanc-en galdeketa antolatzeko aukerak aztertzeko. Bertan erakunde eta jende gehiagorekin harremana izatea adostu zen, hala Montblanc Decideix Koordinadora eratzeko.

Azaroaren 20an Koordinadora eratu, eta lantalde bakoitzaren arduradunak aukeratu ziren, hala hasi zelarik 2010eko otsailaren 28ko kontsultarako bidea. Bileran Montblanc Decideix Koordinadoraren sorrera manifestua adostu zen, erabaki eskubidea:

* Herri eta nazio guztien oinarrizko eskubide kolektibo bat dela, Nazio Batuek Giza eskubideen inguruko itunetan zehazten duten bezala
* Gure Herriko banakoen eta taldeen bizitza baldintzak hobetzearekin lotuta dago.
* Gizarte ariketa demokratikoa da batez ere, elkarrizketa eta elkar laguntza prozesua irekitzea derrigorrezko bihurtzen da, eta dinamika ireki eta parte-hartzaileak bultzatu behar dira, sozialki integratzaileak eta erabaki eskubidearen ariketa librerantz bidean aurrera egiteko errespetuz gainera. Aldi berean demokraziaren ideian muturrik oso, bukatu eta beteena da.

Bildutako erakunde eta jende guztiak adierazten du Koordinadorak herritarren ordezkaritza osoena izatea garrantzitsua dela; ahots propioa behar du, alderdi politikoen koloreetatik, erakundeen interes partikularretatik eta protagonismo asmoetatik aldenduz. Protagonismo hau Koordinadorarena berea izan behar du. Arrakasta Montblanc-eko herritarrena izango da, eta garrantzitsua da ahalik eta erakunde gehienak eta ahalik eta jende gehiena komisiora sartzea, kontsulta parte hartze arrakasta izan dadin.

Komisioa herritarren parte hartze zuzena da. Argi dago ideologia anitzetatik habiatuta Kataluniako gizartearen beharrak eta etorkizunerako helburuak betearazteko gure herritarrek beraien bizitza kolektiboaren inguruko kontuen inguruan iritzia emateko aukera behar dutela.

Oinarri horietatik abiatuta kontsulta eguna otsailaren 28rako zehaztu genuen, eta antolaketa lana hasi.

Kontsulta zuzena izan zedin, serioa eta iruzurrik gabekoa, herriko batzorde elektoral bat izendatu zen, herrian izen ona duten 5 lagunek osotuta: abokatu bat, gestorea erretiratutako maisu bat, historialari bat eta apaiz bat. Bostak izan ziren 28ko kontsulta egunean bertan eta aurreratutako bozka emate guztietan kontsultaren funtzionamentua bermatzeko arduradunak.

Kontsulta honetan erroldako daturik ez dugu eskura izan, eta horregatik programa informatiko baten laguntzaz egin izan dugu lan bakoitzak boto bat baino gehiago ematerik izan ez dezan.

Kontsultatan herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edonork hartu dezake parte.

Kontsulta egunerako Montblanc Decideix-ek 73 erakunde, talde, alderdi politiko eta sindikatuk manifestuaren alde agertzea lortu du, eta horrela kontsultaren alde agertzea.

Onintze Oleaga | Elkarlanako kidea

Apirila 23, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

EUSKAL HERRIA GORRIA!!! |

“Bizimodu lasai bategatik idealak saldu,

bizitzaren gauz ederrenak dizkigute zapaldu”

Ezker abertzalea Euskal Herri aske eta ezkertiarraren bila borrokan aritzea ez da gauza berria, bere hastapenetik Euskal Herriaren independentziaren alde eta gizarte sozialista baten alde lanean aritu baita. Esku artean dugun erronka berria ez izan arren, garai zaharretako erronka horri muturretik heltzeko garai berri bat ageri zaigu aurrean.

Inoiz baino gehiago gure etorkizuneko herria eraikitzera goazela esan genezake, gaur atzo ez bezala herri berri baten bizitzen hasi gara: pixkanaka etorkizunean bizi nahi dugun herri txiki hau begi ninietan irudikatu beharra dugu.

Euskal Herria askea izango da, baina biharko askatasuna gaurtik edukiz, irudiz eta bizitzaz beteko dugu. Biharko egunean gure herriaren askatasun ederra ezin dezan kapitalak suntsitu. Izan ere, Euskal Herria, eta finean euskal herritarrok ez baikara inoiz kapitalaren menpe aske izango. Ezkertiarrok argi dugu herrien arteko eta gizakion arteko menpekotasuna babesten duen herria ez dela inoiz aske izango, orduan herri aske horretako herritarrak ihes egin ezin duten gartzela barruko uso zuriak izango direlako.

Egungo egoera politiko honetan eredu ekonomiko kapitalista españolaren inposaketa nagusiena Abiadura Handiko Trena da. AHTaren aurkako arrazoi pisutsuenetarikoa ingurumenaren babesa bada ere, ez da bakarra. Azpiegitura erraldoi honen kontra borrokatzeko ingurumena besteko garrantzia du gizarte eredu kapitalistaren amaierak, AHT kapitalismoaren irudi hutsa ere baita.

Munstroren batek ere ez du bilatzen ingurukoen ongizatea, herri xumearen baliabideak ostu eta lapurtutakoa berak jaten du, herritarren txirotasuna areagotuz. Erraza egin ohi zaigu ipuinak zinean ikustea, baina zaila errealitatearen gordintasunaz jabetzea.

Gaurkoz gure begiek Euskal Herria gorri dakusate, ez gizarte eredu ezkertiarra gailendu delako; baizik eta Mendiaratzek odola isuri duelako, Aramaio suntsitzen ari direlako, Mendiola apurtu dutelako, Tabira zulatu dutelako, Udalaitzek odola dariolako,… Herriaren etsaiak, diruaren lagunak euskal lurra odolusten ari direlako daukagu Euskal Herria gorri, malko gorriak isuri ditu.

Euskal Herria gorri daukusagu, odolez gorri; Mugarra eta Untxillaitz desagertarazten ari diren Mañariko harrobiak, Jaizkibel apurtu nahi duen superportua, Urdaibai hormigoiz bete nahi duen Guggenheim-a, Muskiz belzten hasi den coke planta, Araba zeharkatzeko asmoa duen tentsio altuko autopista, Hondarribiko aireportuaren handitzea, Zornotzari txapela jarri zion Boroa, eskualdea erdibitzen duen A-8, Debagoiena zulatu duen Durango-Beasain autobidea,…

Zorakeria guzti hauek bere osotasunean neurtu behar ditugu, potentzia ekonomiko desberdinek proiektu bakarra bultzatzen baitute: dirudunak gero eta aberatsago izatea, botere ekonomikoa gero eta indartsuagoa eginez aberastasuna talde txiki baten eskuetara mugatzea; erokeria guzti hauek, interes ekonomiko izugarri bakar bati erantzuten dieten pausu txikiak besterik ez dira.

Euskal Herria gorri daukagu, zibilizazioaren jaun goren direla uste dutenek beraien poltsikoaren interesetan, herritarrei, euskaldunei, askatasuna mugatzeko herri txiki hau odolusten ari direlako.

Euskal ezkertiarrok tinko aldarrikatu behar dugu gure Euskal Herria gorria geuk soilik egin dezakegula; Euskal Herria gorria izango da, baina ez odolez bustia, baizik eta gaurtik, AHT gabeko Euskal Herria sozialista bizitzen hasiko garelako izango dugu herri gorria.

“Ez, ez dut nahi ez ez ez

ez holako zibilizaziorik,

horregatik ez dut nahi gizonen kutsurik,

zibilizazioaren sasi jaun goikorik,

libre nahi bihotzez, libre loturetik,

basurdearen gisa hortzak estuturik”

Iñigo Etxebarria |

Apirila 12, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

KANTIÑEK!

Amatzako Etxanizek ekarteaben esnie gure etxera, egun birik behin etorten zan bere fariasa musturrien hartute, galbanizauzko bere kantiñekin. Etxien sei nebarreba, aitte ta ama. Kantinkadie izteaben bertan. Natillak, arroz esnie, ogi zopak. A! eta natak harrapetiarren egoten zien burrukak. Oin 20, 30 urte izengo zan hau. Durangaldien ehundik gora baserritar ibiliko zien esne banatzen etxerik etxe. Gaur egunien kaletik kantiñen bat ikusten bozue seguramente etarten baten guardasolak izteko ipiñite egongo da.

Baserri inguruko albisteei usein onik hartzie ez da bape erreza azken aspaldixen. Honi beste itxura bat emon guran, baserri munduen lanien hasi gure dabien gaztien topaketak izan doguz Durangon, martxuen 24tik 27ra. Bertan gure buruei sineztarazten saiatu gara biherrezkuek garela gizarte honetan, biherrezkuek gizartie osasunez elikatzeko, biherrezkuek ingurugirue babesteko, lan postuek sortzeko, gure herriko kultur ondarien zaintzarako…

Atara deiguzen ba guardasolak kantiñetatik eta kantiñek kalera. Jatekuaz jolasten ez dalako, indarberritu deigun Amatza.

Amaia Aurrekoetxea | Ikaslea

Martxoa 25, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

GAZTE HERRIA |

Gazte herria, independentziaren aldeko bidean lehen ekimen bateratua Durangon

Baliteke zure arakatzaileak euskarria ezin irudikatzea Bizi dezagun ametsa eta eraiki independentzia! Lema horren pean garatuko da Durangon aurtengo aste santuko gazte ekimena! Apirilaren 2an izango da eta independentzian sinistu eta berau eraikitzeko prest dagoen gazte oro dago bertara gonbidatuta.

Urte asko daramatzagu independentziaren aldarria lepoan hartuta bidea eginez. Urte asko Euskal herriko kaleak gure aldarrikapenez betez eta urte asko amesten dugun hori errealitate bihurtu nahian.

Independentzia da euskal gazteon hautua, berau baita gazte moduan hazi eta hezteko nahi dugun eredu bakarra. Euskal herri libre batean bizi nahi dugu, eta horregatik goaz etorkizuna eraikitzera.

Euskal herria osatzen duten zazpi lurraldeak errespetatuko dituen etorkizuna eraikiko dugu. Parekidetasunean oinarritutako etorkizuna eraikiko dugu. Sistema patriarkar hau gainditu eta emakume eta gizonek aukera berdintasunean jardun dezaten. Esparru orotan euskaraz mintzatzea posible izango den etorkizuna eraikiko dugu. Gazteon sorkuntzan oinarritutako etorkizuna eraikiko dugu oraingo aisialdi estereotipatu eta indibidualistei alternatibak bilatuz. Euskal hezkuntza sistema nazional eta publikoa praktikan posible egingo duen etorkizuna eraikiko dugu, infantilizatu eta Europartu nahi gaituzten ereduak albo batean utziz.

Hori delako guretzat independentzia. Inposatzen dizkiguten marko eta kateak apurtu eta gure herria eraikitzea. Gazteon eskubide zibil eta politiko kolektibo eta indibidualak errespetatuko dituen herria.

Geu gara etorkizuna eta gure esku dago geroa. Goazen beraz, denok batera elkar harturik independentziaraino eramango gaituen gazte olatua sortzera. Jar dezagun elkar lanerako lehen harria eta has gaitezen eraikitzen. Ametsa bizitzeko lan egin behar baita. Eraiki egin behar baita.

Animo orduan, eta aurrera!!

Gora euskal gazteria!!

Aritz Otxandiano | Otxandioko alkatea

Martxoa 4, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

HAZKUNDEA vrs. GARAPENA |

Politikari guztien ahotan dabiltzan hitzak dira hazkundea eta garapena. Hazkundea daukate denek beren jardun politikoaren ipar, hazkundea bailitzan garapenerako baldintza beharrezkoa. Hazkundea behar dugu lanpostuak sortzeko, hazkundea gure pentsio sistemaren oreka mantentzeko, eta hazkundea baita erakunde publikoen kontuak osasuntsu mantentzeko. Azken finean, badirudi hazkundea behar dugula garatu ahal izateko.

Eta ni ez nago ados. Hazkundea gauza bat da, eta garapena beste bat. Hazi daiteke garatu gabe, eta garatu daiteke hazi gabe. Eta are gehiago esango nuke, iraunkortasunaren paradigmak hazkunderik gabeko garapen eredu baterantz bidea egitera behartzen gaitu erremediorik gabe. Ingurune naturalaren degradazio azeleratuak eta erregai fosilen ahitzeak eragingo duen energia urritasunak gaur egunean imajinatu ezin dezakegun mundu baterantz garamatza ezinbestean.

Nola eta noiz egin hazkunderik gabeko garapenerantz trantsizioa, hori da egin dezakegun hautu bakarra. Eta hori 2 eratara egin daiteke: Modu planifikatu eta antolatuan, edo modu inprobisatu eta kaotikoan. Hazkundearen apologia egiten duten politikari profesionalek, sistema kapitalistaren gidari direnekin batera, egina dute beraien hautua. Erantzukizunez jokatu eta arazoari aurre egin beharrean, gaur egunean indarrean dagoen garapen ereduak ematen dizkien pribilegioak mantentzearen alde egin dute.

Guk ezin dezakegu berdin jokatu. Guk hazkunderik gabeko garapenerantz trantsizio ordenatu eta antolatua planifikatu behar dugu, gaur egunean bizi dugun errealitatetik abiatuta, ingurune naturalarekiko oreka helburu izango duen etorkizuneko eszenatoki batera iritsi ahal izateko.

Zeregin horretan gauza asko daukagu egiteko gure herri eta auzoetan. Pertsonaren garapen integrala helburu duen bizitza kalitate duin bat hazkunderik gabe posible dela frogatu behar dugu. Eta horretarako gure herriak antolatzeko moduak birpentsatu behar ditugu, landa lurrarekiko loturak indartuz, errekurtso natural eta energetikoen kudeaketa lokalaren aldeko apustua egin eta herritarren behar oinarrizkoak asetzera bideratuz, sortzen ditugun zaborrak berriro erabili eta birziklatuz, etxebizitza merkatuaren logika basatitik babestu eta propietate mota komunitarioak bultzatuz, kalitatezko zerbitzu eta ekipamendu publikoak garatuz, edo mugikortasun beharrak gutxituko dituen lurralde antolamendu eredu ezberdin bat bultzatuz.

Guzti hau, herritarren parte-hartzea oinarri izan behar duen epe luzerako eraldaketa proiektu baten baitan soilik da posible. Erronka handia da, baina erronkari ekitea beste erremediorik ez daukagu. Gure erantzukizuna delako, gu ez garelako beraiek bezalakoak, ekin diezaiogun bideari. 

Peru Magdalena | Idazlea

Otsaila 26, 2010 by editorea  
Filed under Iritzia

KULTURAZ PATATIN ETA PATATAN |

Aupa ekipo. Hemen gaude. Ta poztutzen naiz. Ta ziur baten bat ezetz, baina bueno.

Aitaren etxea defendatzea esker gutxiko lan gogorra da. Amaren sua bizirik mantentzeaz berba egin gura dizuet, ordea. Altzoan lau berba ixteko eskatu zidaten. “Kulturaz, ahal bada”. Eta orduan pentsatu dut, baldin eta karta jokoan hasiko bagara, karta denak ahoz gora eta argi erakutsi beharko direla. Orduan, “kultura” horretaz jardun gura nuke. Zer den argi utzi, hasieratik. Edo neuk behintzat zelan ikusten dudan.

Argi esateko: kultura ez da egunkarietan “kirolak” eta gero datorren sail hori. Kultura ez da Ruperren kontzertu bat, Sarriren liburu bat, Abarkas bertsotan entzutea. Kultura ez da “capital de Perú: Lima”, “Pepitoren altxamendua ekainak 31n gertatu zen”, “Shakespeareren idazlumak ahate brasildarrenak ziren”. Ez da kultura, noski, eusko jaurlaritzaren kulturarako aurrekontua, kultura zinegotziak bultzatu dezakeena, edota zutabe hau idaztea bera ere. Ez Orixe. Ezta Axular.

Kultura da guzti horren atzean dagoena. Kultura da herri baten iruditeria elkarbanatua. Imaginario kolektiboa, esan nahi bada. Kultura da herri edo arraza moduan bizirauteko behar izan ditugun jakintzen multzoa. Orokorrean garenak bakoitzarengan eragiten duen portaera. Denok egiten dugun hori, gero berak denok egingo gaituena. Esan nahi dut, ahalik eta argien, euskal kultura dela gu denongandik euskal izaera zantzuak sorrarazten dituena. Ze bada bertokoa izateko modu bat. Badaude euskaldun moduan identifikatzen gaituzten ekintzak. Ez oso argiak banaka. Nahiko agerikoak denak batuta.

Adibidez, kondorrarekin andeetan ibili ginenean, zergatik konektatzen genuen askoz benetakoago jatorriz kontinente hartakoak zirenekin? Andinoekin, esan gura dut. Ikaragarri argia zen. Beraien estatuetako hiriburuetakoak joaten ziren, latinoak, eta gu baino askoz urrutirago zeuden andinoengandik. Gu, nolabait, onartu egiten gintuzten beraien kodigoetan. Ez era erraz batean, baina azkenean bai. Izan ere, badago hor zerbait jatorrizko herrietakook amankomunean duguna. Guk geuk hemen gero eta gutxiago, Babiloniaren bihotzean bizi izanik. Baina oraindik ere baditugu zantzu batzuk, eta su txiki hoien inguruan egin beharko genuke dantza. Dantza eta “bota surtara egurre”.

Gainera, baldin eta oraintsu armak isilduko badira zati baterako, kulturaren su hoien inguruan dantzan gabiltzanon benetako txanda heldu da. Inoiz baino garrantzitsuagoa izango da orain begi jaioberrietan arbasoak landatzea, gizarteen noraez honetan lurraren taupada sendo eta freskoak entzunaraztea, espiritualki indepentziarekin askoz ere sanoago biziko ginatekeela konbentzitzea. Bai herri moduan eta, noski, baita norbanako moduan ere.

Politikoki ekologikoa da euskal independentziaren alde egitea. Alineazioaren garaiotan, euskaldun izatea (edo ezein nazio eta jatorrizko kulturaren defendatzaile) gauza sano eta abangoardiakoa da. Gure betebehar historikoa, nolabait. Traszendentzia nahia, epe-laburreko erosotasun lelo inposatu hauen artean. Traineruen eran atzeruntz begira aurrera doan herria, Oriokoak esango lukeen legez. Edo, aisialdi tontoaren garaiotan, denbora librea sortzearen artea. Horruntz apuntatzen dugu. Horra goaz. Indarrez.

Hurrengo orrialdea »