ATXONDO | ESAITen mendi martxa helduko da ostegun honetan

Abuztua 1, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Egutegia, Herriak

abu
5

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak urtero antolatzen duen mendi martxak 10. urteurrena bete du. Aurten Atxondon ere geldialditxoa egingo dute abuztuaren 5ean partehartzaileek.

Uztailaren 31n hasi zen Ustaritzen eta Trebiñon bukatuko da abuztuaren 8an. Abuztuaren 4an Elgetan egun osoko jaia antolatu dute herri bazkari eta guzti. Hurrengo egunean Bizkaiara igaroko dira.

Ostegun arratsaldean datoz mendizaleak Atxondora eta Abiadura Handiko Trenaren obren nondik norakoak ezagutuko dituzte.

19:ooetan ekitaldia egongo da Apatako plazan. Ondoren, trikitilariekin poteoa egongo da herriko tabernetan zehar.

Azkenik, afaria egongo da martxa egiten ari diren guztientzat Apatako frontoian eta bertan lo egiten gelditzeko aukera egongo da hurrengo egunean Aramaiora gogotsu abiatzeko.

ATXONDO | Déjame entrar filma ikusgai

Uztaila 27, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Egutegia, Herriak

uzt
30
22:00

Bariku honetan Axpeko frontoian 22:00etan Tomas Alfredson zuzendari suediarraren DÉJAME ENTRAR (Låt den rätte komma in) beldurrezko filma egongo da ikusgai.

Sinopsia: Oskar eskolan gelakoen irainak pairatzen dituen 12 urteko mutil lotsatia da. Auzolagun berri bat du: Eli, bere adin bereko neskato misteriotsua; laster bihurtuko dira lagun onak. Baina Eliren etorrerarekin batera, azaldu ezineko heriotzak gertatzen hasiko dira. Oskarrek uste du Eli banpiroa dela, baina hala ere bere laguna izaten ahaleginduko da, beldur guztien gainetik.

2008an sari ugari lortu zituen film honek Suedian, baita Europa mailan ere.

ATXONDO Romanzo Criminale ikusgai Apatako frontoian

Uztaila 22, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Egutegia, General, Herriak

uzt
23
22:00

1980 hamarkadako Erroman kokatzen da istorioa. Gaizkile gazte batzuek aberats bat bahitu eta erreskatearen diruarekin heroinaren munduan negozioak egiten hasiko dira. Laster droga trafikoaren jaun eta jabe egiten dira, dena euren kontrolpean edukiz.

13 urtetik gorakoentzako izango da Apatako frontoian 22:00etan proiektatuko den pelikula hau.

ATXONDO Zine gauak uztailean

Uztaila 22, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, General, Herriak

Orain dela bi urte moduan, aurten ere filmak ematen ari dira barikuro Atxondoko txoko ezberdinetan. Uztailaren 9an izan zen lehen emanaldia Arrazolako frontoian. EUTSI filma ikustera 40 lagun hurreratu ziren.

Uztailaren 16an Clint Eastwooden INVICTUS eman zuten Apatako frontoian. 15 pertsona egon ziren bariku hartan.

Bihar, 23, Michele Placido zuzendariaren ROMANZO CRIMINALE filma izango da Apatako frontoian ikusgai.

Azken filma uztailaren 30ean emango dute Axpeko frontoian. Tomas Alfredson suediarraren DEJAME ENTRAR beldurrezko filma proiektatuko dute

ATXONDO | Arrazolarako proiektu estrategikoa aurrera doa

Ekaina 26, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Herriak

Ezker Abertzalea alkatetzara heldu zenetik, Arrazolarako proiektu estrategikoa mahai gainean dago. Baina ez da kontu berria, alkatetzara heldu aurretik ere asko hausnartutako gaia baita.

Udal gobernuak plana bere osotasunean aurkeztu zuen, inolako inprobisaziorik gabe. Hau da, lehendabizi helburuak zehaztuz eta gero bidea marraztuz.

Baliabideak ikusita, laburbilduz, ondorengo hau da pentsatutako proiektua:

1. Arrazolako udaletxe zaharrean etxebizitza sozialak egitea, batez ere, gazteei Arrazolan bizitzeko aukera emateko.

2. Arrazolan bertan lanpostuak sortzea.

3. Arrazolako biztanle ororentzat erabilera anitzeko taberna-denda bat irekitzea, azken finean, denen topagune izango litzatekeen eremua.

Lehenengo puntua aurrera doa eta laster obrak hasiko dira. Horrela, alokairuzko lau etxebizitza sortuz.

Bigarren punturako, hau da, lanpostuak sortzeari dagokionez, udaletxe zaharraren behe solairuan aterpetxe bat proiektatu da. Baina, aterpetxe horrekin batera, soldatak eta zerbitzua osatzeko, taberna irekitzea beharrezko ikusten da.

Hirugarren puntua korapilatu zaio Udalari: eskola zaharra izaniko eraikin publikoan sozietate gastronomiko pribatua kudeatzen duen elkartea (Amboto-pe) dago. Baina,1996az geroztik, Udalarekin inongo kontraturik gabe egon dira Atxondotar guztien eraikinaz gozatzen.

Udalak Amboto-pe elkarteari proiektuaren berri eman zion eta era berean, irteera data adosteko prest agertu zen. Elkarteak, baina, euren desadostasuna agertuz epaitegietara jo zuen Udalaren kontra.

Udalak bere aldetik, kaleratze demanda jarri zuen eta salaketa horren gaineko epaiketa irabazi berri du. Beraz, hilabeteko epea dute elkartekoek eraikina uzteko.

Azken finean, Arrazolak merezi duen proiektua bere osotasunean (aterpetxea, etxebizitzak eta taberna-denda) aurrera aterako dela ez dago dudarik, nahiz eta bide horretan oztopoak, jarrera berekoiak,… agertzen badira ere.

ATXONDO | Gobernu taldeko kideek EAJ-PNVk alkatearen aurkako salaketa gezurtatu dute

Apirila 27, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Herriak

Dabid Cobos Atxondoko alkateak eta Ezker Abertzaleko zinegotzi guztiek prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Batzar aretoa herritarrez bete da, alkateari babesa eskaintzeko asmoz.

Iragan apirilaren 22an El Correo eta Deia egunkarietan Dabid Cobosen aurkako salaketa gogorrak argitaratu zituzten Atxondoko EAJ-PNVko kideek. Bertan, alkatea udalaren kontura pisu tutelatu batean bizi zela zioten. Berri hura argitaratu orduko ez zuten inongo probarik aurkeztu, ez eta Dabid berari ezer galdetu.

Badira ia hiru urte EAJ-PNVk alkatetza galdu zuela Atxondon. Geroztik, oposizioa jarrera itxi eta ezkorrarekin egin dute beti, inongo ekarpenik egin gabe eta ahal duten guztietan gobernu-taldetik datozen proiektuei oztopoak jarriz. Ez da, beraz, lehenbiziko aldia jarrera zikin hau agertzen dutela. Baina oraingo honetan, udal teldearen iritziz, marra gorria gainditu dute, alkateari eta bere familiari min egiteko asmoz gezurrak esan baitituzte.

Honek erakusten du, EAJ-PNV edozer egiteko gai dela galdutako botoak berreskuratzeko, eta horrela, gezurrez betetako joku zikina erabiltzera ere iritsi dira. Elkarbizitzan oinarritutako politika osasuntsua egiteko gai ez direnez, jarrera oldarkor honetara jotzea erabaki dute, ustez, botoak irabaziko dituztelakoan. Baina, hau al da EAJ-PNVko oinarriak nahi duen oposizioa? Ez al lukete jarrera egokiagoa agertuko euren boto-emaileen aurrean partehartzaileago agertuz?

Alkateak eta zinegotziek prentsaurrekoan argi utzi dute EAJ-PNVko lau zinegotziek ez badute euren akusazioa publikoki aste beteko epean ezeztatzen, Dabid Cobosek beharrezko neurri legalak hartuko dituela. Era berean, dei egin diete Atxondoko EAJ-PNVko oinarriei euren desadostasuna ager diezaieten udalean beraien alderdiko ordezkariak direnei.

ATXONDO | Elkartasun egun ederra Baionan

Apirila 24, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Herriak

Atxondoko Bentamotz elkarteak urtero legez, irteera bat antolatu zuen. Aurten Baionara egin dute oseteratxoa. Iragan Martxoaren 10ean, 40 lagun abiatu ziren autobusez. Pasaian geldialdia egin ostean, Baionako Sagarmuin sagardotegian bazkaldu zuten. Sagardo ona eta txuleta ederrak dastatu zituzten aspaldiko lagunekin batera. Egunpasa polita izan zen denentzat. Iluntzean bueltatu ziren eta eguna behar bezala amaitzeko, gazteenak Elorrion gelditu ziren Erreka kaleko jaixak zirela eta.

ATXONDO | Suteen aurkako mangeren ikastaroa

Apirila 17, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Egutegia, Herriak

mai
15
11:00

Baserri eremuetan sor daitezkeen suteen aurrean nola jokatu azalduko dute maiatzaren 15ean goizeko 11:ooetan Arrazolako plazan. Horretarako Iurretako suhiltzaileak etorriko dira eta, besteak beste, Udalak ezarri berri dituen mangeren erabilera egokia azalduko dute, ikastaro praktiko baten bidez. Baserrian bizi diren herritar guztientzat oso gomendagarria izango da, beraz, animatu zaitezte!

Atxondoarren aspaldiko eskakizuna aurten beteko da

Martxoa 31, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Herriak

Apata erditik igarotzen diren kamioiak herri-gunetik aterako dituzten obrak aurki hasiko dira.

Ekonomia sustatzeko estatuko fondoak baliatuko ditu udalak obra hau burutzeko, azken plenoan horrela erabaki baitzen EAJ-PNVko partaideen abstentzioarekin.

Gobernu taldeak bere harridura erakutsi zuen EAJren jarrerarekin, proiektua EAJ-PNV alkatetzan zegoen garaikoa baita.

Egingo den bidea behin behinekoa izango da eta Urkuzu eta Cemosa enpresaren bitartean kokatuko da. Plan orokorra burutzean, industrialdera joango den behin betiko bidea herri-gunetik urrunago igaroko da.

Dagoeneko, onartu dute ekonomia sustatzeko estatuko fondotik proiektu hau eta lanak aurten hasi eta amaitzea aurreikusten da. Estatuko fondoetatik ordainduko dena eta, beraz, Udalari ez dio kosturik suposatuko.

Atxondo |Herritarren artean zuhaitzak banatu dira

Martxoa 15, 2010 by Atxondo  
Filed under Atxondo, Herriak

 Zuhaitzak bertoko espezieak dira jatorrizko landaredia sustatzeko.

Bizkaiko foru aldundiak 300 arbola eman dizkio Atxondoko udalari. Zuhaitzen artean pagoak, gaztainondoak, haritzak, lizarrak, gereziondoak,… daude.

Aurrez Udaletxean izena eman dutenen artean banatu dira.

Iazko zuhaitz egunean soberan gelditutako arbolak mintegi batean sartu ziren eta aurten bertan hazitakoak udalaren lur eremuetan landatuko dira.

Igaro berri den ziklogenesiak  Arrazolako Zabalandiko herri-basoan kalte handiak eragin zituen, hainbat pago sustraietatik atera baitzituen. Kalte horiek guztiak nola konpondu aztertzen ari dira udala eta Urkiolako parke naturala.

Hurrengo orrialdea »