ABADIÑO: 6 hilabeteko kartzela zigorra Abañar bati
Duela urte t’erdiko manifestazio batengatik 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 240 euroko isuna jarri diote Abañar bati.
2009ko otsailaren 14an, Demokrazia3miloi hautagaitzaren ilegalizazioa erantzuteko manifestazioa burutzekoa zen Bilbon. Garzonek berehala salaketa adierazpen hau galarazi zuen eta Aresen poliziak Madrildik jasotako aginduak jarraituz, kalean zegoen pertsona oro sakabanatzen, bultzatzen, jipoitzen eta atxilotzen hasi zen. Ondorioz hainbat zauritu eta 5 atxiloketa eman ziren, atxilotu eta zaurituetako bat Abadiñokoa izan zelarik.
Urte bat eta 5 hilabete beranduago, 2010eko uztailaren 14an, atxilotu hauek Bilboko epaitegian izan dira, fiskaltzak eskatzen zizkieten 4 urteko espetxe zigorrari aurre egiten. Azkenean 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 240€ko isunak ezarri dizkiete.
Abadiñoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere aldetik “Espainiar estatuaren eta bereziki zipaioen errepresio bortitza salatu du” honako arrazoiengatik:
- Helburu politikoen ondorioz manifestazioa galarazteagatik.
- Manifestatzaileen aurka indarkeria erabiltzeagatik, hainbat zauritu eta atxilotu eraginez.
- Abadiñar bat eta beste lau pertsona atxilotu eta salatzeagatik. Errealitatean salatu beharrekoak beraiek zirenean atxilotuei emandako jipoiengatik.
ABADIÑO:Kameraz grabatu nahi dituzte Matienako kaleak
Abadiñoko udal gobernuak Matienako kaleetan kamerak jartzeko asmoa azaldu du.
Abadiñoko Independienteek 2010erako aurkeztu dituzten aurrekontuetan 12.000 euro Matienako Zubibitarteko errotondan eta Juan Antoni Unzuetako kalean kamerak jartzeko aurreikusi dituzte. Kontuan hartzekoa da Abadiñoko udalak herritarren eguneroko jardunbidea grabatzeko hautua egiten duen lehen aldia dela eta aukeratutako kaleetan herritarren segurtasunaren ikuspegitik inolako arazorik izan ez dela.
Kameren bidez herriko kaleak grabatzeko aukeraz udaletxeko komisioetan hitz egin da emakumeenganako eta oro har herritarrentzako gune beltzak aztertzean, baina hala ere, kontrol sozialaren bidetik arriskua murriztuko ez zela ondorioztaturik beste erabateko neurriak ezartzea erabaki zuten.
Hori dela eta Abadiñoko zenbait eragileei ulergaitza egiten zaie erabaki hau segurtasunaren gainean hartutako neurri baten ondorio bezela ikustea. Hauen ustez, Matienan jende gehien izaten dituen kaleak dira grabatuak izango direnak, aldi berean argi eta segurtasun gehien dituztenak alegia, eta kontrol soziala areagotzeari erantzuten dion neurritzat ikusten dute.
GREBA OROKORRA| Jarraipen zabala Abadiñon
Hauek dira Abadiñon egunean zehar gertatutakoak:KOMERTZIOAK: Muntsaratz eta Zelaietan %100 itxita eta matienan %90 itxita. Matienan 4 taberna eta 5 denda zabaldu dituzte (askoz gehiago daude) eta piketeen ondoren eroski txikia erkoreka eta taberna bi geratu dira bakarrik zabalik. Esan bezala herriko ia komertzio denak itxita. Oso balorazio positiboa. ENPRESAK: astolako industria gunean ia dena itxita, %90ek inguru bat egin dute grebarekin (alko, estampaciones IRU, aceros IMS, Dinalot, azterlan bezalako enpresa oso handiak guztiz itxita). Rotenbergerren bakarrik ofizinetako batzuk agertu dira. Metal performers izan da lan egin duen enpresa bakarra polígono honetan. Lebario auzoko poligonoan ere jarraipen oso handia (Estampaciones Bizkaian 500 lagun baino gehiago ez da lanera joan, ofizinetako batzuk bakarrik. Alga itxita eta Mecanizados Iketz piketeak sartu ondoren kalera irten dira. Zelaieta eta muntsaratzen fundizio biak irten dira (San Vicenten ez da jarduerarik egon eta Garbin piketeak pasa ondoren greba egin dute). Matienan Inyectametalek ez du ireki eta inguruko enpresek ere ez, Laip enpresak ere lanuztea egin du piketeak pasatu ostean. Carbureibar izan da Abadiño osoko enpresarik txarrena greban, jende askok egin du lan eta. Orokorrean ia denek egin dute greba enpresetan, oso balorazio ona. Eroski handia, Forum Sport eta Speedy ere itxita egon dira. BESTELAKOAK: BI pertsona identifikatuak izan dira Matienako Jata enpresan 25 pertsonako pikete informatibo bat burutzen ari zirenean.
ABADIÑO | Udal ikastaroen azpikontratazioa
Urte bi igaro dira Abadiñoko Independienteek udaletxeak eskeintzen dituen ikastaroak enpresa bati azpikontratatu zizkionetik. “Altzoan”ek zenbait herritarren iritziak jaso ditu.![lugar_yoga [800x600]](http://altzoan.com/wp-content/uploads/2010/06/lugar_yoga-800x600-300x216.jpg)
Ez da Abadiñoko udal gobernuak enpresa baten zerbitzuak azpikontratatzen dituen lehen aldia, ordurate eramandako dinamika ikusirik era honetako kudeaketaren aldeko apustua egiten duela esan daiteke. Herritarron artean baina, bada zerbitzu jakin baten ardura ente pribatu baten esku utzi izanak, ezinegona sortu izan diona, eta hori udal ikastaroena da.
Ikastaro hauetan parte hartzen dutenen hitzetan, duela bi urtetik hona ia bikoiztu egin da ordaindu beharreko diru kopurua eta gainera izena emateko aukera kurtso hasierara bakarrik geratu da mugatua. Lehen, jarduerak burutzeko tokia zegoen bitartean, posible zuten herritarrek urteko sasoi ezberdinetan ikastaroetan sartzea hau bukatu bitarteko diru kopuru proportzionala ordainduz.
Partaideek, kudeaketa mota honek desabantailak besterik ez dizkiela ekarri diote, eta baita jende askok ikastaroetara joateri utzi diola edota inguruko beste herriren batera joan behar izan dutela arrazoi ezberdinak direla medio (ikastaro batzuen desagerpena, garestitzea…). Ildo honetan, udal gobernuari gaitasun falta leporatu diote, eta horregatik jotzen duela azpikontrataziorantz.
Mobilizazioie dagokionez, haien desadostasunaren ohiartzuna udalbatzetara heldu izan da eta zenbait alditan idatzi izan diote udal gobernuko kultur arduradunari, ordurarte itxaropenerako jarrerarik jaso ez badute ere. Ikusteke geratzen da hortaz aurrera begira emango dituzten pausuak.
ABADIÑO | Haurrak barrakoietan eta Nagusien Egoitza eskola zaharretan
2008ko martxoan Osakidetzak Abadiñoko osasun zerbitzuak handitzeko asmoa agertu bazuen ere beste inbertsio batzuk lehenetsi ditu eta ondorioz ez da horrelakorik izango. Ordutik hona hainbat eztabaida eta aldaketa izan dira herrian.
Iazko martxoan Osakidetzak herriko bi osasun zentruetan mediku berriak jartzeko helburua zuela adierazi zion alkateari. Matienan 140 m2 aurreikusten ziren beharrezkoak, mediku, fisioterapeuta eta zirujau berri bana jartzeko, eta Zelaietan ere beste mediku bat gehiago jarduteko handipena ere beharrezkotzat jotzen zuen. Aurtengo udaberrian ordea egoera ekonomikoa dela eta Osakidetzak beste proiektu batzuk lehenetsi eta bertan behera geratu dira aipaturiko aldaketak.
Hala ere, handipen hori gauzatuko zela zihur jakin gabe, Jose Luis Navarro alkateak, Osasun zentuaren eraikin berdinean zegoen Nagusien Egoitza Trañako eskola zaharretan birkokatu du, eta lehengo egoitza hutsik eta inongo erabilerarik gabe geratu da. Erabakiak Abadiñoko ezker abertzaleko kideen ardura piztu du, izan ere, hauen esanetan “kokaleku berria egun barrakoietan dauden Haur Eskolei behingoz irtenbide duin bat emateko ezinbestekotzat” ikusten baitute.
Gaia udal komisioetan jorratzen hasi zirenetik proposatu izan dute ezker abertzaleko zinegotziek herriko nagusientzako kokaleku berria gainontzeko herri proiektuak baldintzatuko ez lituzkeen gune batera mugitzea. Horretarako alkateari aukera ezberdinak aztertzeko deia luzatu ziotela adierazi diote altzoani, hala ere norabide horretan inolako pausurik eman ez duela salatu dute.
Afera honetan Navarrok egin duen kudeaketa “tamalgarria eta herri proiektu argirik gabe diharduen udal gobernuaren ondoriotzat” jo dute ezker abertzaleko hautesiek. “laburbilduz: lehengo nagusien Egoitza hutsik eta erabilerarik gabe daukagu, eta Haur Eskolek barrakoietan jarraitzen dute etorkizun laburrean hauetatik irtetzeko aukera argirik izan gabe. Gainera, egoitza honetan egindako gastuak, herrian premiazkoak diren beste zenbait proiektu gauzatzeko aukerak murriztu ditu”.
ABADIÑO: Abadiñoko Iratxoak itzuli dira
Proiektu urbanistiko baten aurka jaio zen herri mugimendua bueltan da aisialdi eredu berri bat sortzeko helburuarekin
Herriko kuadrilen arteko futbito txapelketa batekin emango diote hasiera Abadiñoko Iratxoek, egun kontsumismoa oinarri duen, aisialdi ereduaren alternatiba izan nahi duen dinamikari. Apirileko azken larunbat honetan izango da hitzordua Matienako eskoletako futbito zelaian, eguerditik iluntzera arte luzatuko den maratoian.
Arestian aipatu bezala, herriko gazte ezberdinek osatzen duten kolektiboa duela lau urte jaio zen. Gantza-Zelaietako proiektu urbanistikoak interes partikularrei erantzuten ziela eta, etxebizitza sozial gehiago eta pribatu gutxiago edukiko lituzkeen beste aukera posiblea aurrera eramatea eskatzeko xedearekin hain zuzen ere. EAJ-PNV udal gobernuan zen hartan, herritarren 1.250 sinadura lortu zituzten baita Matienan inoiz izan den manifestaldirik jendetsuena burutu ere.
Estilo propio eta originala izan du beti taldeak, biztanleen arreta erabat erakartzeko ekintzak eginez. Horren lekuko dugu, Matienako txopoa jartzen den eguneko “prozesioa”, etxebizitza ordaintzeko hipotekak gazteei ekartzen dizkieten estutasunak plazaratzen duena. Jendartean eduki oi duten arrakasta ikusirik, taldekideek aisialdi eredu desberdina eta partehartzailea amesten duen herritar orori luzatzen diete haiekin batera jarduteko gonbidapena.
ABADIÑO: Umeen dantzari eguna Matienan
Abadiñoko umeen XIII. dantzari eguna ospatuko dabe domeka honetan Matiena auzoan
Urtero legez udaberriagaz
batera dantzariak plazara urtetzeko garaia iristen da, eta horren lekuko dogu Apirilaren 18an, Iluntze dantza taldeak antolatuta, Matienan izango dogun umeen dantzari eguna. Bertara eskualdeko herri ezberdinetako 250 dantzari inguru hurbiltzea espero dabe arduradunek. Berriz, Ermua, Elorrio, Atxondo, Zornotza, Abadiño eta Durango, bi dantza taldegaz, izango dira aurtengo partaideak.
Dantzariak heldu, antolatu eta indarrak hartzeko luntxa jan ondoren, jaialdia eguerdiko 12etan hasiko da. Txistulariek alaiturik kalejira egingo dabe auzoko kaleetatik zehar, hainbat plazatan dantza saioak burutuko dabezelarik. Zenbait txoko eta etxeetan sabela berdinduta, arratsaldeko 5etan alardeari ekingo deutsie umeek.
Euskal kulturaren adierazle politenetakoa den egun honek baina, aurreko asteetako lana dakar berarekin, herri honen kulturarekin irmoki konprometituta daudenenak. Dantza talde guztietako arduradunekin koordinatu beharra, propaganda eskualdeko zoko guztietara zabaldu beharra, dantzariak garraiatu behar dituzten autobusak antolatu beharra eta udaletxearekin aurrekontua adostu beharra beste gauza askoren artean. Dantzari guztiek bazkaltzeko tokia euki daien egin beharreko aurrelanketa, eta egunean bertan dana ondo urtetea izaten dira arduraduneneri buruko min gehien sortzen deutsiezanak.
Eskerrik asko Iluntze!
ABADIÑO: Udalak Eneko Zarrabeitiaren berri eman die herritarrei
Lehen aldia da Abadiñoko Udalak herriko preso politiko baten egoeraren berri ematen duela.
Abadiñoko Udalak herriko preso politiko den Eneko Zarrabeitiaren gaineko informazioa helarazi die herritarrei. Udalbatzak Zarrabeitiari buruz informatzeko konpromisoa hartu zuen iazko maiatzeko Ohiko Osoko bilkuran, eta, bertan erabaki zen urtean bi aldiz haren egoerari buruzko oharra herritarrei etxeetan banatuko zaiela. Aipatzekoa da erabaki hartatik ia urtebete igaro ostean, Udalak, apirilaren 7an eman duela Zarrabeitiaren egoeraren berri lehendabizikoz.
Beste zenbait punturen artean dispertsio politikarekin bukatzea eskatzen zuen mozioak jarrera aldaketa ekarri zuen Abadiñoko independienteetako kideengandik. Ordura arte holako gaietan abstentzioarako joera erakutsi bazuten ere, kideetako batek proposamenaren aldeko bozka eman zuen talde erabakiaren aurka. Gauzak horrela, ezker abertzaleko lau zinegotzien aldeko bozkekin eta gainerako Independienteen abstentzioarekin baiezkoak gin zuen aurrera. EAJ-PNVk aurkako iritzia plazaratu zuen bilkurara hurbildutako herritarren artean haserrea sorraraziz.
Enekoren egoerari dagokionez, udaletxeak igorri duen informazioaren arabera bere etxetik 900 km-ra dagoen Parisko Osny espetxean dago gatibu. Egunean ordu erdi besterik ez du kirola, klaseak eta era horretako jarduerak burutzeko eta ikasketak euskaraz egin nahi baditu ere debekatua dauka EHU-n ikastea. Bis-a-bisak galaraziak ditu telefonozko deiak bezela eta senitartekoekin egoteko sei ordu besterik ez ditu hileko, igande eta Frantziako jai egunetan bisitarik jaso ezin duelarik.
Hendaiara autoz, Parisera trenez, eta ondoren metroa, trena eta autobusa barnebiltzen duen30 orduko joan etorriak 200 euro inguruko gastua suposatzen du gehienez ordubeteko egonaldia egiteko.
Abadiño |Baraualdiaren 3. egunaren kronika
Abadiñoko lagun taldeekin bildu eta elkarteratzea burutu ondoren, asteburu osoko irudiekin egindako bideo muntaiak eman zion amaiera aldarrikapen asteburuari.
Hirugarren, eta aldi berean azken egunak goizeko saioa soilik izan zuen. Lehenego jarduera goizeko 11:30etan burutu genuen Zelaietako kultur etxean bertan. Abadiñoko lagun talde desberdinekin geneukan hitzordua eta aurreko egunean sindikatuekin erabilitako formatu bera erabili genuen: presoen inguruko egoeraren berri eman, tartean zuzenean kaltetuak diren zenbait pertsonen testigantzak jasotzen zituen bideoak zirelarik, eta ondoren konpromezuen txanda. Kasu honetan kuadrila askotako jendea falta zela ikusirik, datozen asteetarako erronka gisa finkatu genuen konpromezuen afera.
Eguerdiko 13:00etan elkarteratzea burutu genuen Txanporta plazan, “Dagozkien eskubideen jabe euskal presoak etxera” lemapean. Ordu erdiko enkarteladaren ondoren, asteburu osoko ekintza guztiak barnebiltzen zituen bideo muntaia izan genuen ikusgai. Azkenik, gose grebalarion baraualdia eten zuen salda beroarekin bukaera eman genion asteburuari.
Abadiño |Baraualdiaren 2.egunaren kronika
Baraualdiaren bigarren eguna era askotako jardueraz lepo etorri zen
Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko egin genuen baraualdiaren 2.eguna larunbata izan zen. Goizean, taldeka banatu eta hainbat jarduera eraman genituen aurrera. Zelaietako kultur etxean Abadiñon diharduten euskal sindikatu abertzaleetako ordezkariekin izan genuen hitzordua. Bertan, presoen eta haien inguruko egoeraren berri eman ondoren, zenbait konpromezu hartu zituzten sindikatuek: lan esparrura preso politikoen gaineko proiektu komunikatiboa hedatzea, eskualdeko delegatu sindikal guztiekin batera batzar monografiko bat egitea gaia sakontasunez hausnartzeko, eta LAB sindikatuak, bere hileroko aldizkarian deialdiez gain informazioa ere jartzea proposatu zuen.
Goizean bertan, talde batek Astolan, Eroskiko merkatalgunean eta Matienako kaleetan eskuorriak banatzen zituen bitartean, beste talde bat Matienako lokal batzuetako kideekin batzartu zen informazioa zabaldu eta hauen partetik konpromezuak jasotzeko asmoarekin. Hauek izan ziren adostutakoak: e-mail sarearen bitartez deialdi zein informazioa zabaltzea, lokaletan “euskal preso eta iheslariak etxera” banderola jartzeko kalaka sortzea…
Arratsaldeko lehen orduak herriko 3 auzo jendetsuenetan megafonia pasatzeko eta besteetan buzonada bat egiteko erabili genituen. Ondoren Abadiñoko azken emakumezko presoarekin mahai ingurua izan genuen. Bertan oso aberasgarriak egin zitzaizkigun pasarte eta aholkuak eskeini zizkigun.
Iluntzeko 7.30etan, triki eta panderoaren soinuak alaiturik,ur poteoari ekin genion Trañako tabernetatik zehar. Eskuorriak banatzeko probeztu genuen hartan, inguruko jendarten zer esana piztu genuen. 21:15 etan emakumeen aurkako indarkeria salatzen zuen elkarteratzearekin bat egin genuen eta azkenik, eguna amaitzeko, Abadiñoko gaztetxeko eszenatokira igo ginen, kontzertuak entzutera joan zirenei, gure aldarrikapenen berri ematera.


![images [800x600]](http://altzoan.com/wp-content/uploads/2010/07/images-800x6001-300x140.jpg)
![images [800x600]](http://altzoan.com/wp-content/uploads/2010/07/images-800x600-300x217.jpg)

![B1D80A34F4958391110F1B [800x600]](http://altzoan.com/wp-content/uploads/2010/04/B1D80A34F4958391110F1B-800x600-300x225.jpg)







