DURANGALDEA |Musikagaztetxeroko grabaketak hasten dira

Abuztua 29, 2010 by durango  
Filed under Egutegia, Gaiak | Durangaldea

abu
31
15:30
ira
2
15:30

Abuztuaren 31 eta Irailaren 2an burutuko dira Atxondoko gaztetxean 15:30etatik hasita.

Grabaketak zuzenean egingo dira eta talde bakoitzak abesti bera hiru aldiz joko dute.

Hauek dira taldeen ordutegiak:

ABUZTUAK 31

15:30 – 16:00: MIDNIGHT CREW
16:00 – 16:30: THE STRIKES
16:30 – 17:00: BIDEAN GALDUTA
17:00 – 17:30: TRASTORNO
17:30 – 18:00: DALTONDARRAK
18:00 – 18:30: LITTLE JOHN AND THE HOWLING DIABRUS
18:30 – 19:00: SHOCK – ASALTO
19:00 – 19:30: BEK
20:00 – 20:30: LARREGI

IRAILAK 2

15:30 – 16:00: JAIK
16:00 – 16:30: OLD GLORIES
16:30 – 17:00: HARRIKADA
17:00 – 17:30: PIXONTXIS
17:30 – 18:00: KRUDERS
18:00 – 18:30: KILAUEA
18:30 – 19:00: ARMY ARMA
19:00 – 19:30: DESPERDIZIO

DURANGALDEA| Amaitu dute udaleku ibiltaria

Uztaila 21, 2010 by altzoan1  
Filed under Gaiak | Durangaldea, General

Urbasatik Elizondorainoko bidea egin dute eskualdeko hainbat gaztek, Kimuak aisialdi elkartearen eskutik. Balorazio positiboa egin du talde honek.

14 gunetan zehar, tailerrak, parrilladak, bisitak eta beste pila bat ekintza egin dituzte etapen artean.

Kimuak aisialdi elkarteko begiraleek aurtengo udaleku ibiltariaren “balorazio positiboa” egin dute. Oso gustura geratu ome dira antolaturiko ekimenek izandako erantzunarekin, baita gazteek mendian izan duten jarrerarekin ere.

Gazteek eginiko balorazioetan, orokorrean gustura geratu direla adierazi dute. Horrez gain, hurrengo urtera begira, udalekuak hobetzeko hainbat ideia eman dizkiete. Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete publikoki egunotan egon diren herrietako biztanleei. “Sekulako harrera” egin diete guztiek. Eskerrak eman nahi dizkiete baita, ikastaro, tailer, hitzaldi etabarretan lagundu dietenei.

Besarkada bero bat  bidaltzen diete Eñaut Aiartzaguenari ere, hurrengo udalekuetarako euren artean izatea espero dutela gogoratuz.

DURANGALDEA| Musikagaztetxeroa proiektua abian

Uztaila 13, 2010 by altzoan1  
Filed under Gaiak | Durangaldea, General

Durangaldeko eta Lemoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladek ekimen berria jarri dute abian: Musikagaztetxeroa. Musika taldeen eta Koordinadoraren arteko truke bezala planteatzen dute. Bidean, azaroan egingo den maratoi bat eta Durangoko Azokan aurkeztuko den disko bat izango dira.

80ko hamarkadako garaiak gogoratuz, “musika taldeak inposatutako jendarte ereduaren kontra agertzeko tresna” izan direla azaldu dute oharrean. Baina horretarako hainbat arazo eta oztopo dituztela, musika komertzialari zabaltzen dizkiolako ateak bakarrik gaur egungo sistemak. Horregatik, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadorak laguntza eskaintzen die, truke eran. Hau da, disko batean parte hartzeko aukera ematen diete taldeei, baina bueltan kontzertu bat eskainiko dute Koordinadorak azaroan antolatuko duen kontzertu-maratoian.

“Proiektu honek musika estilo eta sormen guztiak onartzen ditu”, eta antolatzaileek parte hartzeko baldintzak azaldu dituzte:

“- Taldeko kideak Durangaldekoak edo Arratiakoak izan behar dute.

- Grabatu behar den abestia derrigor izan behar da euskaraz, haubaita gure hizkuntza.

- Grabatzen duen taldeak kontzertua eskaini beharko du azaroan Durangon, antolatuko den maratoian.”

Azaldu dutenaren arabera, uzatailaren 30a da proiektuan izena emateko azken eguna, eta musikagaztetxeroa@gmail.com helbidera bidali behar dira datuak (taldearen izena, partaideak, istorio laburra, herria, ze instrumentu eta argazki bat ere bai).

DURANGALDEA| Greba Orokorrarekin bat egin du Ezker abertzaleak

Ekaina 25, 2010 by altzoan1  
Filed under Gaiak | Durangaldea, General

Durangaldeko Ezker abertzaleak iritzia bidali digu, ekainaren 29ko greba deialdiarekin bat eginez.

Aldaketa politiko eta sozialaren alde: Zutik langileria! Zutik Durangaldea!

Egun bizi dugun krisi ekonomikoaren harira langileok inoiz ezagutu dugun erasorik bortitzena pairatzen ari gara. Aski ezaguna da egun indarrean dauden politika fiskal eta ekonomikoek jauntxoen zerbitzura egindako neurriak baino ez direla. Hau da, egun bizi dugun lan eskubideen inboluzio orokorra (“krisi ekonomikoa” izenez ezagutua) jauntxoen eta hauek ordezkatzen dituzten alderdi politikoen interesen arabera dagoela diseinatuta. Legeak gutxiengoa diren elite ekonomikoen interesen arabera daude eginak. Lege erreformaren kasuan, gehiengoa garen langileen beharrei erantzun beharrean, kapitalaren eta honen ordezkari diren elite politikoen interes eta helburuei baino ez die erantzuten

Gauzak honela, esku arrotzek euskal langileoi inposatu nahi diguten lan erreformak bi helburu nagusitan laburbildu ditzakegu.

1) Lan baldintza duinak dituzten langileak ordezkatu eta prekarietatean oinarritutako lanpostuak sortzea, helburu nagusi eta argi batekin: lanpostu prekarioen bitartez patronalaren etekinak nabarmen handitu eta kaleratze kostuak gutxitzea.

2) Lege erreforma honen bitartez patronalari aldebakarreko erabakiak hartzeko eskumena ematen zaio. Gehiengo garen langileon lan baldintzak aldatzeko gaitasuna ematen zaio, hitzarmen kolektiboen gainetik. Horrenbestez, lege erreforma honek, hitzarmen kolektiboak negoziatzeko dugun eskubidea urratzen du.

Ezker Abertzalean oso argi daukagu egun aurrera eraman nahi duten lege erreforma hau testuinguru zehatz batean kokatu behar dela: erabakitzeko eskubidearen ukazioan. Gure ustez, erreforma hau ez da krisiari aurre egiteko tresna eraginkorra. Alde batetik, egungo krisiak sorrera indarrean dagoen eredu neoliberalean duelako, eta ez kimatu nahi dituzten langileon oinarrizko eskubideetan. Eztabaidan jarri eta moldatu beharrekoa Euskal Herrian inposatu diguten eredu politiko eta sozio-ekonomikoa bera da, eta ez berez bortxatuak izaten ari diren oinarrizko eskubideak. Beste alde batetik, krisiaren sorrera, eraginak eta kudeaketa ereduak berriro argiki erakusten digute herri honek burujabetza beharrezkoa duela, arlo politiko zein sozio-ekonomikoan herri bezala dagozkigun erabakiak hartu ahal izateko, bai krisiari aurre egiteko bai berezko eredu politiko, ekonomiko eta soziala garatu ahal izateko.

‘Zutik Euskal Herria’ ebazpenean jasotzen dugun bezala, aldaketa politikoari aldaketa soziala gehitu nahi diogu: aldaketa sozialik gabeko aldaketa politikoa hankamotz geratuko litzatekeelako, eta aldaketa politikorik gabeko aldaketa soziala ezinezkoa delako. Beraz, eredu neoliberalak ezartzen duen bidegabekeriari aurre egitez gain, garatu beharreko ezkerreko borrokak herri zein langile sektoreen indar metaketa ahalbideratu behar du, gure eredu politiko eta sozio-ekonomikoa burujabetzatik eraikitzeko.

Zentzu honetan sindikalgintza burutzen ari den lana funtsezkoa da. Eta Durangaldeko Ezker Abertzaleak pausu garrantzitsua deritzo ekainaren 29an gehiengo sindikalak deitutako Greba Orokorrari. Deialdia aldaketa politiko eta sozialaren norabidean eta herri eta langile bezala ditugun eskubideen defentsan beste urrats bat den heinean Ezker Abertzaleak bat egiten du deialdiarekin. Aldi berean, aldaketa politiko eta soziala ezinbestekotzat jotzen duten herri sektore orori, greba egunean zein Bilbon eta herrietan burutuko diren mobilizazio desberdinetan parte hartzera dei egiten diogu. Herri honek beharrezkoa duen aldaketa politiko eta sozialean beste urrats txiki bezain sendoa emateko.

Aldaketa politiko eta sozialaren alde: Zutik Langileria! Zutik Durangaldea!
Ekainaren 29an Greba Orokorra, Durangaldea kalera!

Durangaldeko Ezker Abertzalea.

DURANGALDEA| Ezker abertzalearen hitzaldiak

Ekaina 5, 2010 by altzoan1  
Filed under Gaiak | Durangaldea, General

Eztabaida prozesua amaitu eta gero, Ezker abertzaleak bere proposamena plazaratzen dihardu. Hitzaldiak antolatu dira Durangaldean datozen astetan.

Egoeraren eta euskal prozesu politikoaren azterketa egin du Ezker Abertzaleak. “Eztabaida egin du, eta ez gutxiren artean edo ezkutuko gelan”, azaldu dutenez. “Aitzitik, kidegoak eta oinarri sozialak osatzen duten batzar gela nagusira ekarri dugu eztabaida”, diote oharrean.

Eztabaidaren ondorioak jasotzen dituen ‘Zutik Euskal Herria’ ebazpena ezagutu nahi izanez gero, aukera ugari izango dira datozen egunetan. Hasteko, ekainaren 10ean Zornotzan izango da hitzaldia. 19:30ean izango da Zornotza aretoan. Ekainaren 17an Durangora joango da bira hau, 19:30ean Intxaurrondoko aretoan. Azkenik, Elorrion emango da edukiaren berri, 19:30ean Arriola aretoan.

DURANGALDEA| Sektore publikoko greba deialdiaren jarraipena eskualdean.

Maiatza 27, 2010 by otxandio  
Filed under Gaiak | Durangaldea

Gehiengo sindikalak “oso positibotzat” jo du eskualdean grebak izandako jarraipena. ELA sindikatuak adierazi duenez, herri handietan jarraipen altua izan zen, txikietan berriz, %50 ingurukoa. Horrela, Durangoko udaletxean %97ak egin zuten greba, Iurretan %70 inguru eta Berrizen jarraipen altua izan zen. Bestalde, Elorrio, Mañaria, Izurtza edo Zaldibarren esaterako, %50 inguruk egin zuten greba. ELAk dioenez, “hezkuntza arloan jarraipena altua izan zen, osakidetzan aldiz baxua, zerbitzu minimoak gehiegizkoak zirelako.”

Sindikatuek adierazi dutenez, “zerbitzu publikoak ahultzea gizarte osoan du eragina”. “Gizarte osoaren greba da, ez bakarrik funtzionarioena”. Mobilizazio hauek orain arteko “neurri atzerakoei erantzuteko, etorkizunean etor daitezkeenei erantzuteko eta sistema politikoan aldaketa eskatzeko” egin dute. Gehiengo sindikalak ekainaren 12rako manifestazio nazionala deitu du Bilbon.

DURANGALDEA| Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da larunbatean

Maiatza 26, 2010 by altzoan1  
Filed under Berriz, Gaiak | Durangaldea, General

Maiatzaren 29an, larunbatean, eskualdeko bertsolaritzak hitzordu garrantzitsua dauka Berrizen. Izan ere, Durangaldeko Bertsolari Txapelketa amaierara heltzen dabil, eta bi finalaurrekoen ondoren, txapelaren bila ariko dira sei bertsolari.

Beñat Ugartetxea mallabiarra, Eñaut Uruburu abadiñarra, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra, Gorka Lazkano berriztarra, Julen Sololuze ermuarra eta Miren Amuriza berriztarra izango dira burrukan. Gorka Lazkano da egungo txapelduna, orain dela bi urteko txapelketan berak irabazi baitzuen, Garain jokatutako finalean.

Durangaldeko Txapelketan finalaurreak egiteko ohitura dago. Aurten, Mallabian eta Iurretako Oromiño auzoan egin dituzte saio horiek, eta sei bertsolari hauek dira finalera sailkatutakoak. Kanpoan geratu dira Ander Salaberria, Unai Hormaetxea, Jon Ander Urkiaga, Garikoitz Sarriugarte eta Ander Aldazabal.

Amaia Ugalde, Asier Ibaibarriaga eta Maite Berriozabal ibili dira gai-jartzaile lanetan. Hain justu, azken honek aurkeztuko du finala. Epaileak, Iñaki Aurrekoetxea, Gorka Intxaurbe, Jurgi Fuentes, Asier Ibaibarriaga, Moises Enbeita eta Miren Itziar Basterretxea izango dira.

Lazkanok defendatu beharko du txapela, bere etxean, eta seguruenik, arerio gogorrena ere etxekoa izango du: Miren Amuriza. Euskal Herriko Txapelketa maila bikaina emanda dator berrizko gaztea. Dena dela, aukerak zabalik daude, eta baliteke sorpresarik ere egotea. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da bertso jaialdia, Berrizko pilotalekuan.

Historia

Durangaldeko Txapelketa 1959an egin zen lehen aldiz, Urkiolan, Euskaltzaindiak antolatuta. Bost bertsolarik hartu zuten parte, eta Jose Alberdi mañariarra izan zen garailea.

Irabazleak

Jose Alberdi (1959)
German Uriguen (1960)
Frantzisko Mandiola (1961)
Julian Martitegi (1962)
Julian Martitegi (1964)
Julian Martitegi (1966)
Beñat Ugartetxea (2000)
Beñat Ugartetxea (2002)
Beñat Ugartetxea (2004)
Beñat Ugartetxea (2006)
Gorka Lazkano (2008)

+ www.bizkaikotxapelketa.biz

Durangaldea | ASKATUROCK EKIMENA

Maiatza 11, 2010 by Atxondo  
Filed under Egutegia, Gaiak | Durangaldea

mai
29

Presoen eskubideen alde Durangaldean hainbat esparrutan mugitzen diren talde eta pertsonek jaia eta aldarrikapena uztartzen duten ekimen bat abiatu dute: Askaturock eguna.

Besteakbeste, musikari, errepresaliatu, senide, lagunek eta gazteek abiatutako auzolanaren bitartez sortutako ekimen honek elkartasuna adiraziko die Durangaldeko errepresialiatuei. Jaialdi, ekitaldi eta kontzertuak Abadiñon burutuko dira Maiatzaren 29an goizeko 10terdietan hasita.

Goizeko aldarrikapen eta eztabaida tartetxoaren ostean etorriko da mahaian jarri eta baba jan mundialarekin gozatzeko ordua. Baba janaren ostean hasiko dira askatasun doinuak lau haizetara zabaltzen.

Hasteko, Antton Elorrioko bakarlariaren emanaldia izango dugu bertsolariekin batera. Ondoren, gaztetxeko gunean Durangaldeko taldeen kontzertuek jarraituko dute arratsaldea girotzen. Eta azkenik, eguna borobilduz, probalekuko kontzertuei emango zaie hasiera. Bertan, Vendetta, Des-kontrol eta Iheskideak arituko dira oholtza gainean beraien instrumentuak astintzen.

Gogoratu, badirela bi urte Ihesbide taldeak golpe errepresiboa jaso zuenetik eta taldekide den Tronpi baxujole eta ahotsa espetxean dagoela. Hala ere, oztopoak oztopo, beraien hirugarren diskoa kaleratzea lortu dute kalean zein espetxean sortutako hitz jokoekin. Azken diska honen aurkezpena probalekuan egingo dute eta taldeak joko duen kontzertu bakarrenetarikoaz gozatzeko aukera izango dugu bertan.

Honela, kontzertu indartsu hauekin batera eta gauari amaiera emateko DJ Txo izango dugu gaueko asken astinduak emateko.

Durangaldea | Eskualdeko emakume gazteek Hernanirako deialdia egin dute

Maiatza 6, 2010 by durango  
Filed under Egutegia, Gaiak | Durangaldea

maimai
79

Asteburuan Hernanin ospatuko diren jardunaldi feministen harira Durangaldeko Emakume Gazteek deialdia egin dute jendea bertaratzeko. Topaketak Hernanin ospatuko dira, maiatzak 7,8 eta 9 bitartean. Deialdiarekin batera jarraian irakurri daitekeen oharra ere bidali digute ALTZOANera:

Oharra:
Eztabaidatu, ezagutu, sortu eta gozatu morea!!

Duela urte bete Euskal Herriko Jardunaldi Feministen harira emakume gazteok elkartu eta JAIKI dinamika sortu genuela. Asanblada bat burutu eta bertan topaketak antolatzea erabaki genuen. Hilabete batzuk beranduago berriro hasi ginen elkartzen Jaikiko asanbladan eta ordutik hona, Euskal Herriko neska gazte feministon III. Topaketak gauzatzeko ideiarekin buru belarri gabiltza. Euskal Herri handi eta zabalean feminismoaren baitan igeri gabiltzan neska, gazte, errebelde eta saltserak gara! Orotarikoak eta orotarako! Patriarkatuaren kontra jo eta su gabiltzanak! Bazter guztietako neska gazte ezberdinen ilusio eta elkarlanari esker iritsi gara hurrengo paradara, aste honetako 7, 8 eta 9ko asteburuan burutuko diren Euskal Herriko emakume gazteon III. Topaketen atari parera. Kuleroak burura eta egin salto mundura! Lemapean biltzen gaitu orainak. Kuleroak buruan jartzeak gure egunerokotasunean egiten dugun oro ikuspegi feminista batetik egiten dugula adierazi nahi du; feminismoan pentsatzen dugu, feminismoan bizi gara eta feminismoa borrokatzen dugu! Era berean ere, gainean jarri dizkiguten kapa guztiak kendu eta emakumearen irudi askatzailea hedatu nahi dugu.

Neska gazteok geureak egindako espazioak kudeatuz bagoaz aurrera. Egungo klabe feministaren erronkak, emakume euskaldun eta gazte ikuspegi batetik lantzeko aukerak eskainiz; hausnartzen, eztabaidatzen, harremanak estutzen… Besteengandik ikastea garrantzitsua dela uste dugu, horregatik nahi dugu bakoitzaren jakintza eta esperientziak guztion artean elkartrukatu. Bakoitzak bere more koloreaz marrazten ditu kaleak eta aniztasun hori da neurri batean aberasten gaituena. Beraz hire zain ere egongo gaitun! Falta barik etorri, ondo pasako dinagu eta!

Eztabaidatu, ezagutu, sortu eta gozatu morea!!
Asteburura arte!

Informazio gehiagorako:

http://www.gaztefeministak.blogspot.com/

SPOTA: file:///watch%3Fv=F2vXIbHh6XA

Durangaldea| Zutik Euskal Herria eztabaida

Martxoa 31, 2010 by otxandio  
Filed under Gaiak | Durangaldea

Ezker Abertzalea azken hilabeteotan eztabaidan buru belarri murgildua egon da eta   eztabaida abiapuntu hartuta, Altzoanek Durangaldeko Ezker Abertzaleko arduradun bati elkarrizketa egin dio, eztabaida honek emandako emaitzak argitu nahian.

Zergatik eman duzue maila horretako eztabaida?

Eztabaida sakon baten beharra agerikoa zela iruditzen zitzaigun. Borrokaren bitartez, aldaketa politikoa termino demokratikoetan erdiesteko baldintzak irabaziak izanda ere askapen prozesua estatuak blokeatua zeukala aztertu genuen. Hau da, baldintzak politikoak egon arren,  aldaketa politikoa erdiesteko zailtasun handiak genituen, ez genuen aurrera egiten eta beraz eztabaida beharrezkoa genuen. Ondorioz, momentu politikoak eskatzen zuen mailari erantzunez, eztabaida burutzeko txosten sakona, autokritikoa eta perspektiba historikoduna idatzi genuen. Txosten eta eztabaida bat independentziari eta herri honi bide emango dion eskenatoki demokratiko bat irabazteko eginak.

Zeintzuk izan dira eztabaidaren oinarriak?

Eztabaida txostena banatu ostean Altsasuko agerraldia burutu genuen, bertatik euskal gizarteari, eragile politiko eta sindikalei eta nazioarteko komunitateari eztabaida prozesuaren oinarriak aurkeztu genizkielarik. Honako hauek izan ziren abiapuntuan jartzen genituen hiru oinarriak:

1) Borrokaren bitartez, Euskal Herria, Estatu Espainolean asimilatzeko duela 30 urte abiarazitako operazio politikoa oztopatu dugu eta horrekin batera aldaketa politiko eta sozialari  ateak zabalik mantendu dizkiogula.

2) Borroka luze honen hurrengo urratsa aldaketa politiko eta soziala eskuratzea dela.

3) Azken 30 urteetan lortutako baldintza politiko horietan oinarrituta estrategia eraginkor bat diseinatu eta martxan jarri behar dugula, eta ondorioz, estrategia horrek egungo ukazio eta eskubideen urraketan mantentzea jasangaitza egin behar diola estatuari.

Aurrera egiteko baldintzak aipatzen dituzu, zein da zuok gaur egungo errealitateaz egiten duzuen azterketa?

Egun, aldaketa politikoa termino demokratikoetan burutzeko hainbat baldintza egoki daudela iruditzen zaigu. Baldintza egoki hauek, gure ustean, honako puntu hauetan laburbildu ahal dira:

  • Trantsizioan hasitako ziklo politikoaren agorpena. Hau da, egungo marko politiko juridikoa agortuta dagoela argi eta garbi daukagu.
  • PNV eta UPNren gestioaren agorpena. Eredu neoliberalean oinarritutako gestio ereduak topea jo duelakoan gaude
  • Konbentzituta gaude Erabaki eskubidearen aldeko gehiengo zabal bat dagoela gure herrian.
  • Independentziaren aldeko oinarri sozial garrantzitsu bat dagoela ere ukaezina da (estatistikoki %33)
  • Bere gora behera desberdinekin, gehiengo sindikalak  mantentzen duen posizio politikoa ere aipatzekoa litzateke

Eta Euskal Herrian ematen diren baldintza hauei, nazioartean ematen diren beste zenbait ere gehitu behar dizkiegu…

  • Gaur egunean, Europa barnean,  estaturik gabeko nazioek gehiengoa lortuz gero jasotzen duten aitorpena.
  • Azken urteetan sortu diren estatu berriak

Estatu mailako baldintzak ere aztertu ditugu eta oso positiboak ez diren arren onartu beharra daukagu :

  • Estatua egonkortzeko eta nazio ezberdinak asimilatzeko zabalduriko estatutuen erreformak ezin itxirik dabiltza, krisi politikoa zabalik daukatela oraindik.
  • Euskal Herrian lorturiko baldintza politikoak ekiditeko pentsaezinezko paktuak (UPN-PSN eta PSE-PP) egitera behartuak ikusi direla, agerian utziz Euskal Herriko arazo politikoa.

Eta aipaturiko baldintzak nahikoak al dira aldaketa politikoa gauzatzeko?

Bai. Aurreko galderan aipatu ditudan baldintzak bidea abiarazteko nahikoak direlakoan gaude. Baldintza horiek gainera gero eta ageriagoak izan dira eztabaida prozesuan zehar izandako hainbat momentutan. Adibidez, herri honek azken hilabeteetan pairatu dituen erasoen aurrean masa kritiko bat prest agertu da bat-batean erantzuteko edota gero eta nabariagoa den Independentistak biltzeko nahia eta beharra. Eta Nazioarteko eremuan gatazkaren konponbidean urratsak emateko prestutasun handia dagoela ahaztu gabe.

Beraz, gure ustetan aldaketa politikoa gauzatzeko baldintza egokiak ditugu aurez aurre, baina jakin badakigu ere, baldintza horiek ez direla betirako hor egongo. Are eta gutxiago bloke espainolista buru belarri dabilenean egungo ukazio egoera mantendu nahian, salbuespen egoera toperaino eramanez, disidentzia politikoa eremu guztietatik desagertarazteko: kaleetatik, komunikabideetatik, instituzioetatik, errepresioa areagotzen, presoen egoera, debekuak, inputazioak, bahiketak, hilketak edota arlo estrategiko nagusietan bereziki kolpatuz, hezkuntzan, hizkuntzan, lurraldetasunean…

Ondorioz, mahai gainean dauzkagun erronkak izugarriak dira, eta ezker abertzaleak sinesmen osoa dauka baldintza horietatik abiatuta eta eguneroko lan eta borrokaren bitartez, beste fase berri bat ireki dezakegula. Indar metaketa eta herri aktibazioaren bitartez gaztaka konfrontazio politikoaren eremura bideratzeko, finean autodeterminazio eta lurraldetasunaren korapiloei  irtenbidea emango dien fase berri bat artikulatzeko.

Ze fasetan aurkitzen gara gaur egun?

Dudarik gabe agortutiko fase politikoan gaude, egungo baldintza politiko estrukturalak hori bera adierazten dutelako. Aldaketa politikoaren fasea da beraz gaurkoa eta aldaketa termino demokratikoetan gauzatzea dugu helburu, hau da, lurraldetasuna eta erabakitze eskubideari erantzungo dion aldaketa lortu beharra daukagu.

Gu independentistak eta ezkertiarrak gara, gure helburua euskal estatu independiente eta sozialista lortzea izanik ere argi dugu fase honetan proiektu politiko guztiak gauzagarriak izango diren marko demokratiko bat dela helburua.

Horregatik esaten dugu askapen prozesuan aldaketa politikoaren fasean gaudela, aldaketa politiko eta soziala egitea dela helburu, baina nola planteatzen dugu aldaketa burutzea? Zer egin behar dugu hori lortzeko?

Ondo diozun bezala, nola gauzatu aldaketa?

Lehenik eta behin, aldaketa politikoa gauzatzeko proposatzen dugun lanabesa prozesu demokratikoa da. Bide honen bitartez, aldaketa lortzeko indar metaketa eta herri aktibazioa lortzea da gure helburua. Honek eramango gaitu euskal eragile ezberdinak adostu eta estatuak errespetatu beharko duen akordio erresolutibora.

Bide honetan, gure ustez, Euskal Herria eta euskal herritarrak izan beharko dira erreferentzia bakarrak. Beraz, urratsak emateko ordua da, ezin gara beste batzuen zain egon, guk geuk egin dezakeguna eta egingo duguna da baldintza bakarra. Horregatik diogu gure erabakia dela prozesu demokratikoa abiaraztea, sinesmen osoa dugulako askapen prozesuan aurrera egiteko bide eraginkorrena.

Era berean ezker abertzaleak hiru geltoki edo eszenatoki aurreikusten ditu prozesuaren garapenean:

1) Gutxieneko oinarri demokratikoak. Prozesu demokratikoa garatu ahal izatea ahalbidetuko duten oinarriak lirateke. Indar politiko guztien aukera berdintasuna eta salbuespen neurriak gainditzea.

2) Akordio demokratikoa. Azken negoziazio prozesuan landutako eduki politikoen baitako akordio garatua litzateke. Hau da: Nazio izaera aitortuz, proiektu politiko guztiak gauzagarri izan daitezenari ateak irekitzea.

3) Marko demokratikoa. Akordio demokratikoaren gauzapen juridiko-politikoa litzateke, erabakitzeko eskubidea luketen autonomiak

Ikusi dezakezunez, guk prozesua  era dinamikoa eta gradual batean ulertzen dugu. Konbentzituta gaude emango ditugun urrats bakoitzak baldintza berriak sortuko dituela eta horiek hurrengo urratsak ahalbideratuko dituela.

Prozesu honek euskal jendartearen hitza eta erabakia izan behar du oinarrian eta inolako biolentzia eta injerentzia gabe garatu beharko da.

Horrenbestez prozesuak izango dituen berme bakarrak indar metaketa, indar korrelazioen aldaketa eta herri aktibazioa izan beharko dira.

Zer egiten ari da ezker abertzalea prozesu demokratikoa abiarazteko?

Lehenik eta behin gogoratu nahiko nuke, prozesua abiarazteko erabakia ezker abertzalearen aldebakarreko erabakia dela.

Burutu berri dugun eztabaida prozesuaren ondorioak argiak dira eta “Zutik Euskal Herria” ebazpenean jasoak daude. Ezker abertzaleak bere bitarteko guztiak jartzen ditu indar metaketaren eta apustu honen zerbitzura. Eta erabiliko ditugun bitartekoak masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar korrelazioa aldaraztea eta nazioarteko laguntza bilatzea izango dira.

Argiki esaten dugu fase berri hau zabaltzeak aldaketak dakartzala eta estrategia eta lanabes berriak beharrezkoak izango ditugula estatua ahulen den konfrontazio eremura eramateko, eremu politikora.

Eta fase politiko honetan herritarron parte hartzea zein mailatan kokatzen da?

Eztabaida prozesuan hainbatetan esan izan dugu zabaltzen den fase politiko hau, borroka eta lanerako fase bat dela eta beharrezkoa dela guztion konpromezua. Jakitun gara arriskuz beteriko fase bat dela oraingoa, eta ez da bide xamurra izango, momentu gogorrak egongo dira eta estatuak ziur asko emandako urrats guztiak  blokeatu nahi izango dituela, baina argi dugu momentu horiek gainditzeko bidea herri aktibazioa dela. Estatuari aurre egiten jarraitu behar dugu, indartsuagoak garen eremutik, eremu politikotik

Argi dugu ere, fase honen oinarria indar metaketa eta herri aktibazioa dela, baina akatsa izango litzateke pentsatzea hori soilik nazio mailan eman behar dela, herriz herri eta auzoz auzo eman beharreko aktibazioa ezinbesteko da prozesua bide onera eramateko. Lan eta konpromiso eskaintza zabalak eta mota anitzekoak egin beharko dizkiogu euskal jendarteari, norbanako bakoitzak bere ekarpen zehatza egin dezan; hezkuntzan, hizkuntzan, sozio-ekonomian, lurralde antolaketan, etab….. Gure herriak aurrera egingo du soilik guztion inplikazio eta bultzadarekin.

Hurrengo orrialdea »