OTXANDIO | Otxandio jaietan murgilduko da asteburuan

Uztaila 16, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Otxandioko Santamaña jaiak zapatuan hasi eta hilaren 25rarte iraungo dute. Asteburu honetan Esne Beltza, Trikizio eta Joselu Anaien kontzertuak, gazte bazkari eta olinpiadak, folk kontzertua, “Olympikas” antzerki obra, umeentzako jolas zein puzgarriak eta Mikel Goñi protagonista izango den pilota partidua izango dira nagusi.

Jaiak, uztailaren 17an, zapatuan, hasiko badira ere, barikuan 20:30etan bertso desafioa izango da. Arabarrak eta Bizkaitarrak leian jarriko dituen bertso desafio horretan Aramaioko eta Iurretako bertsolariak arituko dira.

Uztailaren 17an, zapatuan, jaiak oraindik hasi gabe egongo direla ere, Guraso Elkartekoek umeentzako jolasak prestatuko dituzte goizerako. Eguerdi aldera, gazteek testigua hartu, eta gazte bazkaria eta olinpiadak burutuko dituzte. Gaueko bederatzietan, orduan bai, jaiei hasiera emateko momentua iritsiko da. Ordu horretantxe, Urduri Dantza taldeak aurten 50.urte bete dituenez, jaietako txupinazoa jaurtiko du. Jarraian, urteroko danborrak herriko bazterrak zeharkatu ditu. Gauerako Esne Beltza eta Trikizio taldeen kontzertuak prestatu dituzte.

 Domekan, Santamaña eguna ospatuko da. Goizean zehar, txistularien eta herriko banderan kalejirak eta Urduri dantza taldearen ekitaldia izango dira. Arratsaldean berriz, Mainondoko frontoian kadeteen pilota partidua eta gero, Mikel Goñi protagonista duen partidua izango da. Hori bukatuta, herriko plazan Iñaki Plazak eta Ion Garmendiak “20 Hatz Proiekt” izeneko ikuskizuna eskainiko dute. Gauen Joselu Anaiak taldearen eskutik dantzaldia izango da.

 Astelehena, umeentzako eguna izanik, 11:00etan umeentzako parkea, 12:00etan Iluntxo pelota eskolaren partiduak eta 17:30etan Poxpolo ta konpainia pailazo taldearen “Segi jotzen” ikuskizun berria izango dira egitarauaren oinarri. Umeak alde batera utzita, gazte eta helduentzako, 20:00etan, Hortzmuga antzerki taldeak “Olympikas 2012” izeneko obra eskainiko du.

OTXANDIO | Euskal Herria desagerrarazteko gurutzadaren aurrean, herritarrek Euskal Herri handi bat marraztu dute jaietako kartelean.

Uztaila 15, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Nafarroako eta E.A.E.ko gobernuek zein estatu frantses zein espainiarrak, testu-liburu, ikastetxe eta orohar edozein lekutik Euskal Herria terminoa kendu nahi duten honetan, Otxandioko Jai Batzordeak Euskal Herria oinarri duen jaietako kartela aukeratu du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, herritarren nahien gainetik, ikurrinaren ondoan bandera espainiarra jarri dutela edota Euskal Herria terminoa ikuspegi sozial kultural huts batera mugatu dutela jakina da. Era berean ere, jakina da Nafarroa Garaian ikurrinaren eta euskal identitatearen aurka jotzen dutela, euskararen eremu geografikoa mugatuz eta Olentzero kalera ateratzeko trabak jarriz adibidez. Berdintsu Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, euskal nortasuna eta identitatea zuzenean folklorearekin lotzera mugatzen direlarik.

Errealitatea desitxuratzeko saiakera honen aurrean, eta Otxandioko jaiak hastear dauden honetan, herritarrek Euskal Herria terminoarengatik eta euskal nortasunarengatik apustu sendoa egin dute. Horretarako jaietako kartelean Euskal Herri handi bat marraztu dute. Era berean, eta euskal nortasunari dagokionez, jai batzordeak festetako egitarau guztia euskara eta euskal kultura oinarri izanda garatu duela ziurtatu du.

Otxandioko Santamaña jaiak uztailaren 16an hasi eta uztailaren 25an amaituko dira.

OTXANDIO | Herriko urak izan dituzte eztabaidagai Herritarron Kontseiluan

Uztaila 8, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Demokrazia parte hartzailea ahalbidetuko duen Herritarron Kontseiluak lehen pausoa eman du asteon. Kontseilu horretan parte hartu duten hamarnaka herritarrek, herriko ur zikinekin eta batez ere araztegiarekin dagoen arazoaren inguruan eztabaidatzeko eta iritzia plazaratzeko aukera izan dute.

Horretarako, udalak bi araztegi mota proposatu ditu. Batak, biodiskoak eta sistema ekologikoa uztartzen dituenak hain zuzen, iraunkortasuna du helburu eta uraren kudeaketa udalaren esku gelditzea ahalbideko luke. Besteak, hau da, araztegi konbentzionalak, zuzenean Bizkaiko Ur Partzuergoan sartzearen aldeko hautua lehenesten du.

Bertara hurbildutakoak eztabaidan aritu eta gero, bi aukeren arteko lehenengo leheneste bat egin dute. Orain, udalak bertan hartutako erabakia bere egingo du eta erabaki hori muturreraino eramateko konpromisoa hartuko du.

Asteon, uraren arazoa eztabaidagai izan bada ere, geroan, Otxandioko garapenean inportanteak eta estrategikoak diren proiektu guztien inguruan eztabaidatzeko aukera emango duten kontseiluak etorriko dira.

OTXANDIO | “Zutik Euskal Herria” ebazpena aurkeztu da asteon

Uztaila 5, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Asteon, ezker abertzaleak martxan jarritako eztabaida prozesuaren ondorio izan den “Zutik Euskal Herria” dokumentuaren berri izan dute Otxandioarrek.

Jakina da, azken hilabeteotan ezker abertzalea egungo egoeraren eta euskal prozesu politikoaren azterketa egiten aritu izan dela.  Eta era berean, eztabaida horren ondorioak jasotzen dituen  “Zutik Euskal Herria” izeneko ebazpena plazaratu duela.

Hori horrela, Durangaldeko beste herrietan bezala, Otxandion ere ebazpen horren berri izateko aukera izan zuten herritarrek. Hitzordua ekainaren 30ean izan zen eta bertara hamarnaka herritar hurbildu ziren.

GREBA OROKORRA| Grebaren balorazioa Otxandion

Ekaina 29, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Espainiako Gobernuak onartu nahi duen lan erreformaren kontra euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrak, erantzun desberdina  izan du Otxandioko sektoreen artean.

Herriko industria arloko lantegi batzuk, Ulmak eta Aulasak, ez dute grebarekin bat egin. Enpresa hauetako ateak aldiz itxita egon dira goizean ateetako zerrailak silikonaz  busti dituztelako. Hala ere minutu gutxitara lanean zeuden berriro.

Amenabar eta  Vicinay lantegietako langileek greba sindikalarekin bat egin eta fabrikak guztiz itxi dira.

Tabernarie dagoekinez, hauek ez dituzte beraien lokalak egun guztian ireki. Dendariek, goizean ordu pare batez komertzioak ireki eta gero, egun guztirako pertsiana bota dute.

Administrazio eta zerbitzu publikoetan ere jarraipena % 50 koa izan da eta herriko igerilekuak guztiz zarratuak izan dira goizean goizetik.

Beraz, greba osoa ez bada izan ere oso nabarmena izan da grebak izandako eragina.

Herriko langileek Gasteizko eguerdiko manifestazioarekin egin dute bat. Hala ere, arratsaldeko 18:30etan, kontzentrazioa burutu da herriko plazan 80 pertsona bilduz.

Grebaren deialdia era batekoa ez bada izan ere, herriko kaleak hutsik daude goiz goizetik.

OTXANDIO | Otxandio maite dutelako plaza bete zuten herritarrek

Ekaina 24, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Otxandio maite dugulako kanpainari ikasturte bukaera emateko, argazkia jendetsua atera zen pasadan zapatuan Otxandioko plazan. Honako hauek izan dira ikasturtean zehar, ekimen desberdinen bidez, Otxandio maite dugulako kanpainak egin dituen aldarrikapenak:
Mugikortasuna
-Gasteiz- Durango autobusa orduero!
-Kotxeak aparkalekuan utzi eta ibili herritik oinez eta bizikletan!
-Umeak eskolara oinez!
-AHT-rik ez!
Ingurumena
-Konpostatu!
-Otxandio subiranotasun energetikorantz!
-Arazgailu ekologikoa Otxandiorentzat!
-Atez ateko bilketarekin 0 zabor!
-Landa lurra antolatu!
-Motxotegin eolikorik ez!
-Otxandion tentsio altuko linearik ez!

OTXANDIO| Igor Garciak ongi etorri beroa jaso zuen bere herrian

Ekaina 23, 2010 by otxandio  
Filed under General, Herriak, Otxandio

Igor Garcia preso otxandioarra aske geratu zen asteartean. Larunbatean ongi etorria egin zioten herritarrek.

Duela urte eta bi hilabate, Otxandio herria Udaberriko jaietan murgildurik zegoela, espainiar polizia herrira hurbildu eta Igor Garcia (Motri ezizenez) atxilo hartu zuen. Asteon berriz, Igor Garcia, zein operazio berean atxilo hartutako beste bi Gasteiztar aske geratu dira 25.000€ bermea ordaindu ostean.

Astearte gauen Gasteiztarren artean ospatu bazuen ongi etorria Igorrek, larunbatean hamaika Otxandiotarren berotasuna jasotzeko aukera izan zuen. Eguerdi aldera, elizako erlojuan ordu bata jota zela, omenaldi xumea jaso zuen. Herriko bizilagunek, futbolean berarekin aritutako kideek, lagun minek… denek, kontseilupean harrera ezin hobea egin zioten “Motriri” zein bere familiarrei. Ondoren trikipoteoaz zein ehun pertsona inguru batu zituen bazkariaz, Igorren ongi etorriari pastelaren ginda jarri zitzaion.

Iazko apirilaren 18an, Espainiar estatuak bere ezintasunean itota, Igor Garcia Otxandiarra, zein beste zortzi euskal herritar atxilo hartu zituen. Hurrengo egunean, ohikoa bihurtu den bezala, estatuaren mesedetara dauden egunkari, irrati zein telebistetako titular nagusiek atxiloketa horiek izan zituzten hizpide.

OTXANDIO | Toponimia eta Auzolana lau haizetara

Ekaina 7, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Bakoitza bere aldetik eta bere kontestuan, gazteek auzolanaren aldeko aldarria zabaldu zuten bitartean, herriko gaztetxoenek Toponimiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Beroa lehendabizi eta geroan euria behar izaten ei da perretxikoak ateratzeko. Otxandioko kirol eta kultur taldeek berriz, badirudi kontrakoa behar izaten dutela. Urte guztian euria ikusi eta gero, beroa egiten hasi bezain laster beraien makinaria martxan jartzen baitute herrian hamaika ekintza antolatuz.

Ekainean zehar Otxandion izango diren hamaika ekintzetan lehena Guraso Elkartekoek antolatu zuten. Urtero bezala, ekaina heldu bezain laster, herriko haurrek beraien gurasoen laguntzaz, herriko Toponimia ikasteko aukera izan zuten zapatu goizean. Eskolan landutako toki izenak zeri lotuta dauden ikustera joan baitziren etxeko guztiak. Goizeko 10etan herriko plazan batu eta ibilaldiari ekin zioten. Ibilaldia egin eta gero, indarrak hartzeko txitxiburduntzia egin zuten.

Haurrei testigua hartuta, “herrixe auzolanaz eraiki” lemapean afaria eta kontzertuak antolatu zituzten gazteek gauerako.  Egitarauari hasiera afari batekin eman bazitzaion ere, ordubete beranduago kontzertuen ordua iritzi zen. Antolatzaileek adierazi dutenez, Gaztetxea jendez lepo egon zen momentu oro ikaragarrizko giroa izan zelarik. Jaian lortutako dirua zertarako izango den galdetuta, “herrian, azken aldian, gazte batek izan duen ezbehar bati aurre egiteko” erabiliko dela adierazi dute Gazte Asanbladakoek.

OTXANDIO | Herriko gaztetxoei kirolaren garrantzia erakutsaraziz, Vulcano eguna ospatu zuten asteburuan

Ekaina 2, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Kirola, eta konkretuki futbola Otxandioarren artean zabalduz, Vulcano Kirol elkarteak bere eguna ospatu zuen hilaren 29an.

Goizean goizetik Otxandio, Igorre, Areatza zein Durangoko haurrak Zelaietako futbol zelaian bildu ziren futbol torneoa jokatzeko asmoz. Jokoan onak eta hobeagoak egon baziren ere, ez zen irabazlerik izan. Parte hartzeagatik soilik trofeo txiki bat eskuratu zuten bertaratutakoek.

Kirola egin eta gero, indarrak biziberritzeko 110 pertsona inguru batu ziren herri bazkarian. Goizean goiz futbolean aritu ziren haurrek eta hauen gurasoek paellaz, biribilkiaz eta pastelaz osatutako menu ederraz gozatzeko aukera izan zutelarik. Bazkal aurretik, gurasoek trikipoteoan aritzeko aukera izan zutela aipatu behar da.

Arratsalde aldera berriz, Otxandioko plaza umeentzako puzgarriz bete zen. Hala ere, eguneko ekintzarik arrakastatsuena ordu batzuk beranduago etorriko zen. Konkretuki, arratsaldeko zortzietan burutu zen falta jaurtiketen txapelketak haur, gazte zein heldu batu zituen giro ezin hobean.

Vulcano Kirol elkartekoek adierazi dutenez, aurretik hau guztia antolatzeko ikaragarrizko lana eta konpromisoa egon da elkartekoen aldetik, baina guzti hau ospatzeko ikaragarrizko gogoa izan da herritarren partetik.

OTXANDIO | Salda Badago

Maiatza 12, 2010 by otxandio  
Filed under Herriak, Otxandio

Euskara Batzordeak garatu asmo dituen ekintza nagusien berri eman zuen 20 lagunez osatutako mintegi batean.

Aurreko hilabetean “Otxandion salda badago” izeneko mintegia burutu zuen Udal Euskara Batzordeak. Mintegiari Imanol Miner soziolinguistaren bideo batekin hasiera eman bazitzaion ere, mintegiaren helburu nagusia Euskara Batzordeak 2010ean garatu asmo dituen ekintza nagusien berri ematea zen. Bertaratutako 20 bat lagunek, euskararen udal ordenantza garatzea, jolasen bilketa amaitzea, Berbalagun egitasmoa sendotzea eta Inkernuz aldizkaria berritzea, Euskara Batzordearen aurtengo ekintza nagusienak izango direla jakiteko aukera izan zuten.

Horrekin batera, Otxandioko euskaldun eta euskalzaleen arteko koordinazioa eta kohesioa bultzatzea helburu izanik, Otxandioko euskaldunen sarea edo amaurana josteari ekingo diotela erabaki zuten bertaratutakoek. Beraien esanez, “emailen bitartez eta oso nozbehinka bileraren bat eginda lortu gura genduke helburu hori”. Euskaldunen arteko koordinazio eta kohesio hori hasi aurretik hala ere, proiektuari izena jarri asmotan herritarrei galdezka hasi dira. “Zein izen dozu gurago? AMARAUNA ala SAREA? Beste proposamenik bai?”. Dagoeneko, 40 lagun inguru daudela sarean azpimarratu dute. Baina kopuru horrekin konforme ez, eta Euskara Batzordearen jardunarekin edo euskalgintzarekin zelanbaiteko lotura duten herritarrak sarean ongi etorriak izango direla azpimarratu dute.

Hurrengo orrialdea »