MAÑARIA. Zalloventaren itxiera.

Uztaila 1, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Lakuak Zalloventa harrobiaren itxiera agindua eman du eta honen bestez, jarduerak guztiz uzteko agindua.

Ekainak 29ko greba egunean ezik, gaur arte, jo eta su aritu dira lanean. Egunotan, harrobian aspaldi egin gabeko estandak egiten aritu dira eta ugariak izan dira kamioien joan etorriak.

Eguerdian eman du Eusko Jaurlaritzak, Auzitegi Gorenak ekainaren 9an eman zuen epaia betearazteko agindua jasotzen duen ebazpenaren berri. Orduan, Ertzaintza eta harrobiaren jabea den Adrian Amantegi Zalloventa harrobian bertan bildu dira.

Itxieraren agindua jaso duten arren, dirudienez, langileak arratsaldez ere biharko beste estanda batentzako zuloak prestatzen aritu dira.

Ekainaren 28ko datarekin argitaratutako ebazpenean, “instalazioak eraisteko proiektua aurkeztea” ere eskatu dio Jaurlaritzak, Canteras y Hormigones Zalloventa S.A. enpresari. Hilabeteko epea eman dio proiektua uzteaz gain, gaur egun harrobiak hartzen duen ingurua lehengoratzeko plana aurkezteko.

MAÑARIA. Andra Mari Guraso Elkartearen 25.urteurrena

Ekaina 17, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

1985. urtean sortu zen Mañarian Andra Mari Guraso Elkartea eta jada 25 urte dira, ilusio handiekin eta horren urrutira begiratu barik proiektu hau martxan jarri zela.

Kirikiño Abesbatza 1985. urtean jarri zen martxan eta Andra Mari dantza taldea berriz, 1986an. Sorreran, herriko umeei denbora pasa bat eskaintzeko ideiarekin eman zen abesteko eta dantzarako aukera.

Gaur, abesbatza 16 ahotsek osatzen dute eta dantza taldean berriz, adin guztietako jendea dago, ume txikien taldetik hasi eta andreeneraino.

Elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko, Ekainak 19an Kirikiño Abesbatzak kontzertua eskainiko du Mañariako Eleizan eta Abuztuak 14an, Andra Mari dantza taldeak alardea.

Zapatu honetan, arratsaldeko 20:30etan eskainiko den kontzertuan, gaur egun Kirikiñon jarraitzen dutenek eta hasiera batean abesten zuten abeslariek parte hartuko dute. Urte guztia hauek gogorarazteko, abeslari diren eta izandako guztien artean abesti zaharrak eta berriagoak abestuko dituzte, tarteka, txistulari, trikitilari, piano-jole eta bideo baten laguntzaz.

Andra Mari Guraso Elkarteareak, parte hartzeko gonbidapena luzatzen die interesa duten guztiei.

MAÑARIA | Zalloventa harrobiaren inguruko ebazpena

Ekaina 8, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Eusko Jaurlaritzaren ebazpen batek Zalloventa harrobiaren zabalkundeari ezezkoa eman dio. Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, espedientea Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailean 2002an aurkeztu zuten eta eta ordutik erabakia hartzeko egon da. Bernabé Unda sailburuak Ingurumen Batzordean azalpenak eman ditu Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendi eta Energia eta Meategien zuzendari Oskar Zabalarekin.

Maiatzaren 30ean, Ebazpena izenburupean Jaurlaritzak, Zalloventaren zabalkundeari ezezkoa eman diola irakurri ahal izan dugu Anboto astekarian.

Zalloventa, S.A. enpresak ustiapen baimena dauka 1998ko maiatzaren 16tik. Ondoren, 2004an gaur egun indarrean dutena baimena erregularizatu zuten. Harrobiak bi proiektu ditu. Bata 1998an onartua dago eta ingurumen-inpaktuko aitorpen dauka: “Proiektu horrekin jarraitu ahal izango du harrobiak agortu arte”. Jaurlaritzatik diotenez, “ezin izango dute emakidaren luzapenik izapidetu edo baimendu, ezta baimendutako proiektuaren inolako aldaketarik ere”. Ustiapena amaitzen dutenean baimena duen enpresak ingurua berreskuratzeko proiektua martxan jarri beharko du eta bertako instalazio guztiak desegin, ustiaketa-jarduerarekin zuzeneko lotura dutenak nahiz ‘onurarako’ deritzenak.

Beste proiektua 2002tik tramitatzen dabiltza eta ustiapena zabaltzea eskatzen du. Proiektu horri ezetza eman diote. Jaurlaritzak azaldu duenez, martxoaren 11n onartutako Natura Babesteko Legeak “espazio naturalen mugetan meatzaritzako ustiapenik ezingo dela martxan jarri” onartu zuten eta horren arabera hartu dute erabakia.

MAÑARIA. XV. Nekazal eta Artisautza Azoka

Maiatza 24, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Atzo, Maiatzak 23, XV. Nekazal eta artizautza azoka egin zen Mañarian. Goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko 15:00ak arte, postu desberdinak egon ziren herriko plazan. Euskal Herri osotik etorritako jendea gauza desberdinak saltzen aritu zen goiz osoan.

Postuetan besteak beste, Bizkaiko baserriko ogi eta gazta, Gipuzkoako arotzak eginiko altxari eta apaingarriak, Iparraldeko foie eta pateak, Nafarroako Txakolina, ortuko produktuak, eskuz egindako bitxiak, loreak, kristalezko apaingarriak eta abar aurki zitekeen.

Ahuntz Azpigorrien XIII.monografikoa ikusi eta burruntzian erretako antxumea dastatzeko aukera izan zuten bertara hurbildutakoek.

Eguerdiko 12:30etan Mañariako Andra Mari Dantza Taldeko, ume, neska eta andrek osatutako taldeek dantzan egin zuten plazan.

Arratsaldeko 18:00etan berriz, Mañariko Pelota Eskolakoak antolatutako esku-pelota partiduak egon ziren. Lehenengo partidua, eskuz banakako 4 1/2koa, Esteban-Larunbe artekoa izan zen eta bigarren partidua berriz, eskuz binakakoa, Mendizabal-Mendizabal eta Gorka-Uriarte artekoa.

Eguraldia lagun, hainbat lagun izan ziren herrira gerturatu eta egunaz gozatzeko aukera izan zutenak.

MAÑARIA. Herri mailako esku pelota txapelketa.

Maiatza 17, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Badira bost bat urte Mañariako Pelota Eskolak herri mailako pelota txapelketa antolatzen duena.

Adin desberdinetako neska zein mutilek jokatuko dute aurten ere. Iaz, 14-57 urte bitarteko bikoteak osatu ziren eta guztira 20 bat bikotek hartu zuten parte.  7 izan ziren neskek osatutako bikoteak eta ostera, 13 mutilek osatutakoak.

Maiatza-Ekaina bitartean hasten dira esku-pelota partidu eta kanporaketak. Mañariako jaietan, Abuztuan, berriz, finala jokatu eta sari banaketa egiten da. Txapelketako neska zein mutil bikote irabazleak, bigarren geratu diren bikoteak eta txapelketa guztiko azken bikoteak saritzen dira, tamaina eta forma desberdinetako kopa eder, txanpan botila zein txapelez.

Orain arte, herritarrek ez ezik, inguruko herrietako jendeak ere parte hartu izan du. Oraindik apuntatzeko paperak jarrita daude eta interesa izanez gero, U2 Tabernan zein Dantzari Tabernan apuntatu daiteke.

Animatu eta parte hartu!

MAÑARIA | Lapurretak herrian

Apirila 13, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Lapurretak direla eta Mañariako herritarrak arduratuta daude.

Egunotan, herriko plazan dagoen parkingean aparkatutako kotxeetan lapurrak aritu dira.

Kotxeetako leihoak apurtu eta barrura sartzeaz gain, barruko gauzak lapurtu zituzten pasadan astean.

Guztira, lau kotxe izan dira kaltetuak eta herritarrak kezkatuta daude ez baita lapurretak gertatzen diren lehenengo aldia.

Orain arte, herriko tabernetan, udaletxean eta herriko dendan ere sartu izan dira.

Herritar zein kanpotarrei kotxeetan baliozko ezer ez uzteko eskaera luzatu zaie.

Mañaria| Injustiziak

Martxoa 21, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Euskal Herrian hainbat injustizia ikusten dugu egunero. Lekuan-lekuko eta aldian-aldiko injustiziak izaten diren arren, Mañaria ere injustiziaz beteriko herria dugu.

Orain aste bete iragarri zutenez, Jabier Arteaga EAJren zerrendaburu aurkeztu da. Gaur egungo alkatea aurkeztuko dute 2011ko udal hauteskundeetan zerrendaburu.

Beste hautagairik ez dela alderdikideen bozketara aurkeztu azaldu dute jeltzaleek. Beraz, hautagai bakarra izan den eta 1995. urtetik alkate den Jabier Arteaga, aurkeztuko du bosgarrenez EAJk.

Beste alde batetik, otsailean ezagutarazi zen bezala, Urkiolan erauzketa jarduerak debekatu ditu Eusko Legebiltzarrak. Ondorioz, Zallobenta harrobiko ustiapena galarazi dute erabaki honekin.

2009ko urtarriletik dauka enpresak epaitegietan ustiatze eskaera. Debekuak debeku, urte bete beranduago ere, harrobietan nahi dutena eta gehiago egiten jarraitzen dute. Gainera, ezin ahaztu, alkatea bera ere, harrobietako langilea dugula.

Hau guztia gutxi balitz, herriko alde zaharrean eraikitzen ari diren, Batzoki berriak, ez ditu legeak ezarritakoak errespetatzen. Lehenagoko eraikina baino altuagoa eta zabalagoa egin dute, alboan duen udaletxe bera baino handiagoa.

Herrian jendea kexatzen hasia egon da, hori egiteko baimenak izango ote dituzten… Diotenez, udaletxekoek orain altuera txikiagoa emateko eskatu omen diote. Lehengo astean batutako langileen txabola, asteburuan, berriz jarri dute eta teilatua eta goiko solairua bota beharko dituzte.

Baina kasu honetan, zer gertatu da, zerbait eraiki orduko eskatu beharreko baimenen eta erakutsi beharreko proiektuarekin, arkitektoen planoekin…?

Injustizia guzti hauen aurrean, lege eta zigorrak, ez ote dira guztiontzat berdinak?

Mañaria / Hileko azken barikua

Martxoa 2, 2010 by mainari  
Filed under General, Herriak, Mañaria

Otsailak 26, hilabeteko azken barikua izan da eta Euskal Herriko hainbat bazterretan bezala Mañarian ere kontzentrazioa egin da iluntzeko 8etan.

2010. urtea hasi denetik, hots, bi hilabeteotan, 30 atxilotu baino gehiago egon da. Atxilotuak inkomunikatuta egon dira eta epaileaurretik pasa ostean, tortura gogorren salaketak egin dituzte.

Mañariako herritarrek ere badute egoera larri honen aurrean zer esan eta Euskal Preso Politiko eta senideei elkartasuna eskaintzeko, hogeita hamar lagun batu dira plazan. Gaur arte, batu den talde handiena.

Azken aste hauetan egon diren atxiloketa guztiak salatzeaz gain, herritarrek, inkomunikazioa torturak babesteko bitarteko bat baino ez dela salatu nahi izan dute.

Mañaria | Ingurumena

Otsaila 22, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Durangaldea Maite Dugulakok gure ingurumen naturalari erreparatu eta honi eragiten dioten hainbat arlo landu ditu. Mañariaren kasuan esaterako, harrobiak dira eragin handiena sortzen dutenak

Gure inguruko harrobiak ustiatzeko gaur egungo eredua interes espekulatiboetan eta monetaristetan dago oinarrituta. Errentagarritasuna jartzen da harrobien ondorio suntsigarrien gainetik. Harrobiko ustiategian eta inguruan ere hustu eta gero erliebearen itxura samingarria ikusten dugu, ingurumenean harrobiak albo-ondorioak ditu, esaterako akuiferoetan eta lur gaineko uretan, nekazaritzan eragin negatiboak ditu, eta inguruko herritarrek eragina jasaten dute, berbarako arnasa- gaixotasunak eta nerbio-sistemako gaitzak, gasek, aireko hautsak, zaratek, makineriaren bibrazioek, eztandek eta abarrek eraginda.

Larria da Mañarian dagoen egoera: 1,5 km-ko eremuan, hiru harrobi daude, eta urtean 3 milioi tona produzitzen dituzte. Gainera, orain Eusko Jaurlaritzak lurpeko beste hiru harrobi zabaldu nahi ditu gure herrian, eta beste bat Abadiño eta Atxondo artean, produzitutakoa gurean egiten ari diren makro-obretan erabiltzeko (AHTak 5 milioi tona agregakin baino gehiago erabiliko ditu; Pasaiako Portuak, 42 milioi, eta autopista-kilometro bakoitzeko 30 mila tona behar dira…). Harrobien zabaltzea jasota dago jadanik Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak egindako Kareharrizko Agregakinen Arlokako Lurralde Planean.

Kasu askotan, lege aldetik zalantzazko lizentzia eta baimenekin egiten da ustiapena. Neurri batean horren zergatia zera da, politika, instituzio eta pentsamolde jakinen esku dagoela harrobien promozioa, eta honela ikusten dute “garapena”: tokiko komunitateei eta oro har interes kolektiboari, goitik behera inposatzeko ekimena.

Eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen birziklapena.

Harrobiek eta hauek eragindako ondorioek badute alternatibarik: eraikuntzako hondakinak eta materia bizigabeak birziklatzea.

Gaur egun posible da eraikuntza-sektoreak planteatzen dituen beharrizanei aurre egitea, obra berrietatik, eraisteetatik eta abarretik hartutako materialak berriz erabilita, eta material horien tratamendua arautu, bultzatu, eta horren inguruan gizartea kontzientziatuz.

Esaterako, Herbehereetan eta Danimarkan ez dago harrobirik, eta material birziklatuarekin eraikitzen dute. Hauetan, materialen %95a birziklatzen da eta Euskal Herrian %5a baino ez.

Mañaria| Santa Ageda eguna

Otsaila 1, 2010 by mainari  
Filed under Herriak, Mañaria

Otsailaren 6an Santa Ageda eguna ospatuko da Mañarian eta animatzen diren herritarrak goizeko 9tan batuko dira plazan koplak kantatzen joateko. Egunean zehar batutako diruarekin bazkaria egingo da herriko txoko batean eta sobratzen dena Nikaraguara bidaliko da.

Aurten, Nikaraguako Diriamba udalerriko AMS elkarteari emango saio diru laguntza. Mañariako herritar bat bi urtez izan da bertan lanean eta hango premiak ikusita eskaera egin du udaletxean. Udaletxeak aurten diru laguntzarik eman ezin duenez, Santa Ageda egunean batutakoak eramango dira bertara.

AMS elkarteak 1998.urtetik, udalerriko andrazko eta gizonezkoekin elkarlanean dihardu. Kaleko ume, gazte zein helduekin edota hezkuntza premia bereziak dituztenekin egiten du lan.

“Nosotros tambien podemos” edo “Guk ere ahal dugu” proiektuaren bidez, zentro bat ireki zen 98an eta ordutik, beharrezko premiei erantzuten ahalegintzen dira bertan lan egiten dutenak.

Besteak beste honakoak eskaintzen zaizkie:
- Garraioa (joan eta etortzeko)
- Jangela (askok ez daukate egunerokotasunean zer janik)
- Laguntza eta autonomia gelak (beraien gaitasunak indartzeko)
- Artisau, piñata eta hamaka tailerrak (denda “solidario” bat daukate eta irabaziak ikasleen artean banatzen dituzte)
- Orientazio psikologikoa ikasle zein senitartekoei
- Pertsona hauen bizi-baldintzen salaketa publikoa (irteerak, kalejirak, hitzaldiak…)
- ….

Hau guztia lortzen laguntzeko, Nikaragua bertako zein Euskal Herriko udaletxe batzuen diru-laguntza jasotzen dute. Gainera, Arrasateko Elkarhezitzen deituriko, garapenerako heziketan oinarrituta dagoen elkartearekin elkarlanean ari da AMS.

Honez gain, bertako langile eta ikasleen gogo eta indarrak guztia posible bihurtzen du.

Hurrengo orrialdea »