Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin du Adierazi EHren larunbateko manifestazioa
Iraila 9, 2010 by otxandio
Filed under Euskal Herria
Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko aintzat hartu du Fiskaltzaren atzoko eskaera eta “bake sozialagatik” debekatu egin du Adierazi EH herri ekimenak larunbat honetarako “eskubide guztien” alde deitua duen manifestazioa. Azken batean, deitzailea Batasuna legez kanpoko erakundea dela uste du Morenok, hiru orrialdeko autoan -ordubiak aldera atera du-, eta ETAren estrategia babestu nahi dutela.
Fiskaltzaren iritziz, Batasunaren “oinordekoa” da Adierazi EH, eta “ETAren aginduak segitzen ditu. Erakunde terroristaren estrategia babesteko eta etakideen ekintzak justifikatzeko deitu du martxa”. Haren txostena ez ezik, AVTren bat ere hartu du aintzat Morenok.
Adierazi EHk gaur arratsaldeko bostetan prentsaurrekoa emango du, Bilbon.
Bilborako dago deituta manifestazioa, Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan lelopean (17:30, Aita Donostia plaza). Atxikimendua agertua dute, esaterako, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA, LAB, EHNE, AAM, Gazte Independentistak eta Gazte Abertzaleak eragileek.
Lehengo larunbatean bertan ekimenak babes handia jaso zuen, eta eskaera batzuk egin zituzten: bizitza eta askatasuna, euskal presoak Euskal Herrira, kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera, inkomunikazioa eta torturak gelditzea, adierazpen askatasuna (pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak), alderdi eta erakundeen legalizazioa, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.
Aurtengo urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten Adierazi EH eskubide zibil eta politikoen ekimen herritarra, Bilbon, Euskalduna Jauregian.
Aldaketa politikoa irabaz dezakegu Rufi Etxeberria Ezker Abertzaleko kidearekin HITZAk egindako elkarrizketa
Abuztua 1, 2010 by editorea
Filed under Euskal Herria
Aldaketa politikoa irabaz dezakegu Rufi Etxeberria Ezker Abertzaleko kidearekin HITZAk egindako elkarrizketa
Rufi Etxeberriak (Oiartzun, 1959) argi du ziklo politiko berria abiatu dela. Bide baketsu, zibil eta demokratikoetatik, aldaketa politikoa lortzeko garaia dela uste du.

Euskal Herrian ziklo berri bat abiatzen ari dela erakusten al du duela bi larunbata Donostian egindako manifestazioak?
Ezker abertzaleak azken hamar urte hauetan egiten duen irakurketa honakoa da: indarrean dagoen esparrua edo testuingurua agortuta dago. Ez da ezker abertzalea bakarrik azterketa hori egiten duena. Beste hainbat eragilek gauza bera egin dute. Ezagunak dira, esaterako, ELAk 1997 urtean egin zituen aldarrikapen haiek: ‘Estatutua hil da, esparru berri bat behar da…’. Gerora, urtetik urtera, ikusmolde horren baitan autonomismoaren alde egindako askok eta askok aipatu izan dute autonomismoaren zikloa ixtear dagoela. Azkenetarikoa da EAJk berak egin duen Ados? izeneko eskaintza. Esparrua agortu dela dio EAJk berak ere. Kontua da zergatik iritsi garen konklusio horretara. Esparru konstituzional espainiarrak euskal nazio izaera ukatzen du, geure etorkizunaren jabe izateko aukerak ukatzen dizkio eta gure nahiak asimilatzea izan da helburua. Hori lortu ez duenez, hortik etorri da ziklo berri baterako aukera hori. Beraz bai, ziklo berri baten aurrean gaude. Hala ere, egia da erresistentzia indartsuak daudela Espainako Estatuaren aldetik ziklo aldaketa hori eman ez dadin.
Manifestazioa deitzerakoan, Aralarrek atzera egin zuen. Zer gertatu zen?
Azalpenak Aralarrek berak eman beharko lituzke. Alternatibak, EAk eta guk esan dezakeguna da zer gertatu zen gurekiko, zer harreman izan zuten gurekiko. Ekimen horretan lehen urratsak asteazkenean eman genituen eta asteazkenean hasi ziren gure arteko harremanak. Ostegunean bilkura egin genuen eta denak joatekoak ginen. Azkenean Aralar ez zen agertu ezin zuelako, baina adierazi zigun beraiek manifestazioan parte hartzeko borondatea zutela. Bitartekari lana EAk egin zuen nagusiki, EArekin lotu zituen Aralarrek hainbat atal (edukiari dagozkionak eta teknikoak). Gurekin harremana ez zuen izan Aralarrek, baina Alternatibarekin bai. Biei adierazi zien manifestazioan egongo zela ostiral eguerdian. Ostiral ilunabarrean izan zen aldaketa hori. Zergatik? Azalpen hori barneko kontua da gure ustez eta Aralarrek azaldu beharko luke. Guk ulertzen duguna da protagonismo politikoa beste toki batetik ateratzen zuela Aralarrek, eta beste modu batera jokatu behar zuela uste zuela. Jokaldi politikoa bilatzen zuten, eta Bartzelonara joatea erabaki zuten. Baina azalpenak berak eman behar ditu.
Zer iruditu zitzaizuen Euskal Herriko alderdi askotako ordezkariek Kataluniako manifestazioan parte hartzea?
Katalunian egoteko beharra guk ere hasieratik ikusi genuen. Ezker abertzalearen hausnarketa izan zen hasieran, eta gero EArekin adostu, eta Alternatibari eta Aralarri transmititu genien. Argi geneukan lehen egunetik Kataluniara joan behar genuela, baina gure hausnarketa izan zen Kataluniako Estatutuarekiko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia, Espainako Estatuan indarrean dagoen marko ukatzaile baten isla besterik ez zela izan, eta ez zela bakarrik Kataluniari zegokiona, zabalagoa zela eta Euskal Herriari ere bazegokiola. Larunbata horretarako politikoki baliagarriena argazki bikoitza zela erabaki genuen. Azken finean, errealitate baten aurkako argazkia da. Ukazioaren aurkako argazkia, eta era berean, aldarrikapen berdin baten aldekoa. Aitortza baten eta eskubideen onarpenaren aldeko argazkia, finean. Eta hori izan zen Donostiako manifestazioa bultzatzeko arrazoi nagusia. Behar hori ikusi genuen. Hori jakinarazi genien Aralarri eta Alternatibari.
Baina hutsuneak egon ziren hemen, ez?
EAJri ere egin genion eskaintza bera eta ezezkoa eman zuen. Eurek ere baloratu zuten hori, baina Kataluniara joatea erabaki zuten eta hemen ez egotea. Guretzako nahikoa kontraesankorra da Kataluniara joatea eta han hemengo errebindikazio berberak egitea. Gainera, bai ezker abertzaleak eta bai EAk modu irekian planteatu genuen manifestazioa eta manifestazioaren edukiak ere irekiak ziren. Kasu horretan, esanguratsua izan zen EAJk izandako jokaera. Aralarrena korapilatsuagoa izan zen, egun gutxien buruan baiezkoa eta ezezkoa esan zituen.
Momentu honetan nola daude harremanak Aralarrekin?
Formalizatuta ditugu harremanak. Ezker abertzaleak denbora bat egin zuen Aralarrekin harreman handirik gabe, baina azkenaldian harreman horiek erabat formalizatuta daude. Une honetan, gainera, harremanen planotik beste estadio batera salto egitekotan gara. Kasu honetan, bai EA, bai Aralar eta baita ezker abertzalea ere. EAk eta ezker abertzaleak Euskaldunan adostutako akordioaren baitan, Aralarri eskaintza bat egin diogu hiruko akordio bat egiteko. Aralarrek, printzipioz, onartu du eta harreman dinamika bati ekitekotan gara. Harreman dinamika hori hiruren arteko akordioa erdiestera zuzenduko dugu. Hori da gure borondatea.
Hori udal hauteskundeetan islatuko da?
Ez dugu hauteskundeen parametroetan kokatzen. Euskaldunan ere aipatu genuen, beste plano batean kokatzen genuela akordioa. Momentu honetan Euskal Herrian badago mugimendu independista bat, burujabetzaren aldekoa, indartsua dena, eta zenbait eragile politikok ordezkatzen duguna. Baina behar-beharrezkoa ikusten dugu aldaketara zuzenduta dagoen momentu politiko honetan independentistek protagonismo zuzena hartzea eta erabakior bilakatzea fase berrian. Horretarako, EAk eta ezker abertzaleak egoeraz gogoeta bera egin genuen, baita aplikatu beharreko bideaz. Zentzu horretan akordioaren oinarria zein da? Burujabetzaren eta independentziaren aldeko mugimendua artikulatzea. Artikulazio horretan, hainbat eragilek parte-hartze zuzena izatea, mugimendu hori koolideratzea, lidergo borrokak baztertzea eta independentismoaren eta subiranotasunaren esparru hori biltzea, hortan lehentasuna jartzea, eta esparru horri protagonismoa ematea, ziklo politiko berriari begira. Hori izan zen EAren eta ezker abertzalearen azterketa nagusia. Horrek gerora hauteskundeetan espresiorik beharko duen? Guk uste dugu baietz, baina azterketa hori eta akordio hori egiterakoan hori ez zen izan lehentasunezko puntua. Aralarri plano berean egin diogu eskaintza. Horrek ekar dezake hauteskundeekiko urratsik? Logika baten barruan, bai.
Alternatibak, esaterako, aipatu du datozen bozetan ezkerreko indarrekin batera aurkeztu nahi duela. Nola ikusten du ezker abertzaleak aukera hori?
Alternatibarekin gai hauetaz ere mintzatu izan gara, baina gai horretan ez dugu sakondu. Hauteskundeei begirako tresnak edo bitartekoak ez ditugu aztertu. Zintzoak bagara, esan behar dugu, ezker abetzaleak bizi duen egoeran, momentu honetan hauteskunde batzuei aurre egitekotan, badagoela aurretik egin beharreko lana. Eta ez nolanahikoa gainera. Ezker abertzalea ilegala da, ez dauka espresio legalik eta lehenik eta behin hori lortu behar genuke. Ez da ezker abertzalearen beharra bakarrik, behar orokorra da. Hori ezinbestekoa da hauteskundeekiko nola jokatu eta aliantza posibleetaz eta mintzatzeko. Hauteskundeei begira, ardatz nagusiei begira, garai politiko berri batean gaude, eta formula eta tresna berriak behar dira. Gu irekita gaude.
Indar soberanisten arteko akordioa euskal mapa politikoa alda dezakeen mugimendua da?
Bai. Aipatzen dugun ziklo politiko berrian, aldaketa politikoa izango da helburu nagusia. Eta aldaketa politikoarekin batera, etorri behar du aldaketa sozialak. Gu konziente gara aldaketa politiko horrek gauza progresiboa izan beharko duela, mailakatua. Baita sozialak ere. Guk hor mugimendu independentista-soberanista nahi dugu ardatz. Zertarako? Indar harreman berri bat sortzeko. Gure nahia da ziklo politiko berrirako indar harreman hori subiranotasunarena izatea. Pentsatzen dugulako aldaketaren ziklo horrek bidea egin behar duela esparru demokratiko baten bila eta gizarte justuago baten bila. Baina benetan herri honek bere nortasunari eusteko, ziurtatzeko, benetako eredu sozial berri baterako, guk uste dugu estatu propioa behar duela eta euskal estatuaren bila joan behar dugula. Zentzu horretan mugimendu independentistak estatuaren behar hori aldarrikatzen, gizarteratzen eta espazio berriak bereganatzen hasi behar du.
Gainontzeko eragileekin harremanak zein egoeratan daude?
Ezker abertzaleak eragile guztiekin ditu harremanak, PSE-EErekin, PPrekin, UPNrekin eta UPyD-rekin izan ezik. Gainontzeko eragile sindikalekin eta politikoekin baditugu. Egia da harreman dinamika horiek inoiz ez direla guztiz galdu, baina azken hilabeteotan ezker abertzaleak berak bultzatu duen giro politiko berriarekin ahalbidetu da harreman horiek biziagoak izatea. Ahalbidetu daitezke urratsak hainbat eremutan, baina guk argi daukaguna da, aldaketa politikorako ezinbestekoa dela gatazka gainditzea, eta bide horretan, hainbat eta hainbat eragilerekin adostasuna erdietsi beharko dugula. Uste dugu, gatazka konpontzeko bidean (guretzako lehentasuna da), ireki daitezkeela akordio berriak.
Euskal Herriarekiko eta euskal herritarrekiko duten jarrera ez du aldatu Espainiako Estatuak. Pasa den astean, esaterako, Udalbiltzaren kontrako epaiketa hasi zen, gazteen kontrako epaiketak… Egoera politiko honetan, zein eragin dute horrelako auziek, eta nola baldintza dezakete abertzaleek abian jarritako bidea?
Espainiako Estatuak momentu honetan afera bikoitz latza dauka. Arazo nagusia, lurralde ereduari dagokionean dauka. Autonomia estatuak ez du lortu Espainiako Estatuaren menpe dauden herriak asmilatzea. Eta bestetik, sekulako krisi ekonomikoa dago. Ardatz bitako krisi nabarmena bizi du Espainiako Estatuak. Lurralde antolaketan, begiratu behar da zergatik ematen den arazoa. Duela 30 urte errealitate nazionalen ukazioaren baitako Konstituzioa egin zuten. Gezur handi bat luzatu zuten, zioten Konstituzioak onartzen zuela Estatuaren izaera plurinazionala. Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi adierazi berri du mezu hori faltsua dela. Gure ustez Estatuak benetako izaera demokratikoaz jabetu beharra dauka. Egun ez dauka izaera demokratikorik. Lehen urratsean errealitate plurinazional hori onartu behar du eta horrela, nazionalitate bakoitzari dagozkion eskubideak onartu behar dizkio. Eskubide horien artean nagusiena, autodeterminazio eskubidea da. Soilik horrek sortuko luke beste giro bat, baina horretarako ezinbestekoa da Espainiako Estatua ikusten ez dugun plano berri batean kokatzea: benetako kultura demokratiko batez jabetzea eta horren baitan estatu barruan nazio ezberdinekin dauzkan afera horiei irtenbidea ematea. Hori egiteko, oraingoz, jarrerarik ez daukanez, zer egiten du? Blokeoan egiten du indarra. Kataluniari begirako blokeoan, han hartutako erabakiak gorteetan edo auzitegietan hankaz gora jarri dituzte azken urteetan. Euskal Herriari dagokionean blokeo hori beste modu batera ikusten dugu. Batetik errepresioaren bidea dago, etengabean ezker abertzalearen kontra erabiltzen dutena. Eta bestetik, itunak daude. Hegoaldeko bi esparru autonomikoetan naturalak ez diren itunak egin dituzte: UPN-PSN eta PSE-PP. Zergatik? Arrazoi bakarra dago: ihes egiten ari zaien errealitatea geldiaraztea. Ziklo berrirako baldintzak badaude, eta baldintza horiek agortzeko erabiltzen dute blokeo estrategia hori. Estatuari blokeoa interesatzen zaio, eta aldaketa politikoa nahi dugunok egoera berri bat eratu beharra daukagu. Ezker abertzaleak horregatik ekin dio bide berriari. Estatua eroso sentitzen da blokeo egoera horretan eta guk hori apurtu nahi dugu.
Soilik bide politikoak, zibilak eta demokratikoak erabiltzearen aldeko hautua egin du ezker abertzaleak. Ezker abertzalearen ibilbide historikoa kontuan hartuta, nola ulertu erabaki hori? Hainbat iturrik diote ezker abertzalearen ahuldadearen adierazlea dela…
Ez. Ezker abertzaleak garai historiko bakoitzean askatasun prozesuaren egoeraren eta indarrean dauden esparruen azterketa egin izan du. Duela 30 urte, esparru autonomikoa abian jarri zutenean, ezker abertzaleak argi eta garbi esan zuen esparru hori herrien espetxea izango zela, Autonomien Estatutuak ez ziolako inolako irtenbiderik emango burujabetza nahiari. Nahi horiek asimilatzeko eredua besterik ez zen. Hasieran bakarrik, gero lagun gehiagorekin, eta azkenaldian era nahiko zabalean, funtsean gogoeta horiekin bat egiten duen errealitate batean gaude eta ziklo berri baten atarian. Ezker abertzaleak egin duen hausnarketaren baitan, ziklo berri horretarako ezinbestekoa da ahalik eta indar gehien metatzea eta horretarako argi daukagu bide zibil eta politikoen aldeko apustua ezinbestekoa dela. Apustu horrek aukera errealak irekitzen ditu euskal gizartean ematen diren baldintzak kanalizatzeko, indarrak metatzeko, eta bide horretatik aldaketa politikoa irabazteko. Alegia, Espainiako Estatuari aldaketa politiko hori irabazteko.
Adostutako urratsa da? Izan ere, ez dira gutxi ezker abertzalearen balizko banaketa zabaltzen ari direnak…
Ezker abertzaleak hilabete luzeetako eztabaida egin du. Oinarri sozial zabalak parte hartu du, milaka kidek parte hartu dute, eta eztabaida sakona izan da. Bertan, ikusmolde ezberdinak agerian geratu dira, eta ondorioak atera ditugu, gerora Zutik Euskal Herria ebazpen txostenean publiko egin genituenak. Horrek ez du kentzen, toki guztietan bezala, ikusmolde ezberdinak egotea.
Euskaldunako akordioaren ondorengo egunetan Berria egunkarian emandako elkarrizketan, zuk nabarmentzen zenuen ETA erakunde armatuak jakinarazi duela jada ezker abertzalearen eztabaida prozesuan harturiko erabakiekin bat egiten duela. Erakunde armatuak berak, halaber, Bruselako Adierapeneko sinatzaileei esan zien aintzat hartuko zuela adierazpen hori. Orduti hona, ordea, erakunde armatuak ez du ezer jakinarazi. Iturri ugari ari dira zabaltzen erakunde armatua prozesu berri honen kontra egon daitekeela.
Egoera urtarrileko eta Aberri Eguneko agiriek adierazi zutena da. Gure iritziz, agiri horiek ziotena positiboa da. Era interesatuan gauza asko esaten dituzte hainbat iturrik, baina begiratu behar dena da ETAk zer esan duen eta zer egin duen. Orain arte esan duena da, ezker abertzalearen eztabaidak emandakoarekin bat egiten duela eta gerora Aberri Egunean esandakoa da, era positiboan baloratzen dituela ematen ari ziren pausoak. Bruselako Adierazpenaren erantzuna emango zuela esan zuen. Gauzak bide horretan kokatu behar dira. Hilabete luze hauetan ETAk duen jokaera lagungarria da. Hurrengo urratsak publiko egitea ETAri dagokio.
Atentaturen bat egongo balitz?
Guk halakorik ez dugu aurreikusten. Ezker abertzaleak bide bati ekin dio, eta bide horretan behin eta berriro esan dugu, bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin dugula. Beraz, bide horrek ez du onartzen jardun armaturik, eta ez du onartzen Estatuaren errepresiorik. Ezker abertzaleari bere osotasunean dagokio bere apustua egitea, Estatuak ere badaki zer jokaera izango dugun eta prozesu demokratikoaren bidea nagusiki herri honetan egin beharreko bidea izango da. Horrek behartuko du Estatua irtenbideetan bat egitera. Prozesu demokratikoak indarrak bildu behar ditu eta indarrak biltzeko bide baliagarria, bakarra, bide politikoa eta demokratikoa da. Gainontzeko formulak ez datoz bat horrekin.
Indarrak bildu diozu. Euskaldunako akordioa, hitzarmen historikoa da. Baina zenbateko soka izan dezake? Noraino irits daiteke akordioaren emaitza?
EAk eta ezker abertzaleak adostutakoa hitzarmen historikoa da aurrekaririk ez daukalako. Horrek garapena izango du, horretarako egin dugu. Akordioa esparru bat da, eta egungo esparrua agortua dagoela diogu eta esparru berri baten beharra nabarmentzen dugu, beti ere, gatazka gaindituz. Esparru demokratiko horretatik estaturako bidea bide luzea da, eta bide horretan egunerokotasunean landu beharko ditugu akordio horretan finkatu ditugun ardatzak. Alegia, hor ez dago estrategia baten barneko ildo nagusi bat. Estrategia bat dago, eta estrategi horri gero, fase eta garai bakoitzean ildo zehatzak erantsiko dizkiogu. Horretan ari gara EA eta ezker abertzalea.
Nabarmendu duzue akordioa irekita dagoela. Baina hasieran bik bakarrik sinatu duzue.
EAk eta ezker abertzaleak harreman dinamika aspaldikoa dugu, eta hainbat eta hainbat gauzetan ados gaude. Besteekin ez geneukan ententea geneukan eta horrek ekarri du akordioa. Eta noski, bai EAk eta bai ezker abetzaleak oso argi daukagu, burujabetzaren aldeko eta independentziaren aldeko indarrak EAk eta ezker abertzaleak ordezkatzen ditugunak baino haratago ere badaudela. Gure nahia da guzti horiek batzea eta artikulatzea. Zentzu horretan diogu akordio irekia dela. Edukia ere zabalik dago. Akordioaren intentzionalitate politikoa zein den argi dago : mugimendu horiek, eta ahalik eta sektore gehienak batzea. Horregatik egin genion Aralarri eskaintza. Inorri ez diogu eskatuko akordio hori hitzez hitz onartzea. Hori EAren eta ezker abertzalearen artekoa da. Beste norbaiti zabaltzen badiogu ere, intentzionalitate politiko horri buruz hitz egiteko prest gaude eta akordio berritu bat eratzeko ere bai. Kontua ez da akordio baten inguruan hamar biltzea, egon daitezke akordio ezberdinak intentzionalitate politiko berdina dutenak. Guk bide hori egin nahi dugu, bai Aralarrekin eta baita beste edonorrekin ere.
Arnaldo Otegik esan berri du ezker abertzaleak duen indar politiko, ideologiko eta historiko guztia jarriko duela Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki dezan. Nola egingo du hori?
Momentu honetan ari garen bidean. Bide berriak urratzeko apustuari ekin diogu, ziklo politiko berri batean gaudela eta ziklo horretan gatazka gainditu beharra dagoela planteatzen dugu eta hori egiteko indarrak bildu behar ditugula eta eragile politiko, sozial eta sindikal ezberdinekin beste era bateko lanketari ekin behar diogula. Orain arte hori ez da egin. Horretan gaude, pauso batzuk eman ditugu, eta ez dugu zalantzarik bide horrek urrats gehiago egingo dituela. Ezker abertzaleak azken 50 urte hauetan batu duen kapital politiko guztia apustu horretan inbertituko du, konbentzituta gaudelako. Izan ere, aldaketa politikoa irabaz dezakegu.
EUSKAL HERRIA| EAk eta ezker abertzaleak akordio estrategikoa sinatu dute, euskal estatua helburu dutela
Ekaina 21, 2010 by otxandio
Filed under Euskal Herria
EAk eta ezker abertzaleak euskal estatu independentea lortzeko helburuarekin “akordio estrategikoa” izenpetu zuten atzo Bilbon, Euskalduna jauregian. “Bide zibil, politiko eta demokratikoak erabiltzeko behin betiko konpromiso irmoa” dutela azpimarratu zuten indar politiko biek. Elkarlan ituna Euskal Herri osoari begira egindakoa da, herrialde guztien berezitasunak kontuan hartuta. “Gaurko marko juridiko-politikoak agortuta” daudela esan dute eta “fase berri hau” herritarrekin eta eragileekin egiteko apustua dutela, independentisten indar metaketaren beharra eta hauteskundeetan lankidetzan jarduteko aukera aipatuz. “Herri mobilizazioaren” garrantzia ere jaso dute itunean, eta “ausardiaz jokatzeko garaia” dela uste dute. “Euskal estatua da aukerarik onuragarriena herritarrentzat”. Euskal estatua eskuratu aurretik “marko demokratikoa” behar da, EAren eta ezker abertzalearen ustez, “aukera denek berdintasunean” jokatzeko. Espainiako eta Frantziako estatuen “jarrera antidemokratikoa” salatu dute. Gatazka eta “indarkeria politikoa” gainditzeko tresnak elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa direla nabarmendu dute, eta Mitchell printzipioak gauzatu behar direla -”indarra erabiltzeari uko egiteko konpromisoa” izan behar dela, besteak beste-. Aipatutakoaz gain, gizarte arlo guztietan gutxieneko adostasun puntu batzuk jaso ditu akordioak; adibidez, garapen iraunkorrari buruz, edo euskara, hezkuntza eta parekidetasunari buruz. Lehentasunezko arlo edo gai horietan elkarlanean aritzeko irizpide batzuk finkatu dituzte bi indar abertzaleek. EAtik Pello Urizar idazkari nagusia, Koldo Amezketa, Santi Merino, Ikerne Badiola, Mariano Alava eta Maider Carrerek sinatu dute akordioa, eta ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Txelui Moreno, Idoia Aiastui, Karmele Aierbe eta Iñaki Olaldek. “Arduraz eta ilusioz egin dugu apustu hau”, esan dute akordioaren testua irakurri duten bi lagunek (EAko Elisa Sainz de Murietak eta ezker abertzaleko Miren Legorburuk). “Baina apustu hau ez da inoren kontrakoa, ez dugu harresirik nahi”.
2:10: EAko eta ezker abertzaleko ordezkari nagusiak aretora. 12:10etan sartu dira aretoan EAko eta ezker abertzaleko ordezkari nagtusiak: EAtik, kasu, Pello Urizar idazkari nagusia, Ikerne Badiola, Koldo Amezketa eta Santi Merino, ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Txelui Moreno, Karmele Aierbe eta Jone Goirizelaia.
12:25: Nazioarteko ordezkarien ustez, “erabaki ausarta” da eta “ekitaldi historikoa”. Nazioarteko hainbat ordezkari egon dira Euskaldunan eta, haien arabera, gaurko ekitaldia “historikoa” da, eta “pozik eta harro” daude bertan izateagatik. “EAk eta ezker abertzaleak estrategia bateratua adostea erabaki dute eta horregatik da historikoa da ekitaldi hau. Urrats garrantzitsua da”. Nazioartean elkartasuna landu beharra dagoela iritzi diote. “Zuekin batera lanean segituko dugu, bake prozesua bideragarria izateko”. Irlandako Sinn Fein, Flandriako N-VA, Salvadorreko FMLN, Palestinako FPLP, Europako Parlamentuko ALE talde parlamentarioko ordezkariak -lehendakariordea barne-, Kataluniako ERC, CUP eta Endavant taldeak, Galiziako BNG, NOS-UP eta FPG, Aragoiko BIC, Corriente Roja elkartea eta Gaztelako IZCA izan dira Euskaldunan.
12:45: Bideoan irudi esanguratsuak. Nazioarteko hiru kideren hitzaldien ostean, bideoa bota dute, une eta irudi esanguratsuekin: Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzan, intsumisioa, presoak, Ahotsak, euskal gehiengo sindikala, Lizarra-Garazi, Arnaldo Otegi, Gaztherria, AHTaren aurkako mobilizazioak, azken Aberri Eguna…
12:53: “Atzerapenik izan ez dezan sortu den itxaropenak”, bertso baten bukaera. Bideoaren ondoren, bertsolarien saioa hasi da: Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Aitor Sarriegi kantuan. Indar metaketaren eta euskal estatuaren aldarria egin dute, eta “atzerapenik izan ez dezan sortu den itxaropenak” esanez bukatu du Amurizak azkeneko bertsoa.
13:00: EAko eta ezker abertzaleko kide historiko eta ezagunen babesa. Sabin Intxaurraga, Tontxu Campos edota Nestor Basterretxea EAko kide historiko eta ezagunak igo dira oholtzara, eta Xabier Zubizarreta, Iñaki Antiguedad edota Inaxio Agirre ezker abertzaletik. Intxaurraga Jaurlaritzako kontseilari ohiak esan du “bide zibil, politiko eta demokratikoen aldeko apustua” dela gaur bi alderdiek sinatuko duten akordioa, eta “estrategia bateratua” gauzatu nahi dutela. Hori lortuz gero, beste eragile asko batuko direla uste duela adierazi du EAko kideak. Zubizarretak azpimarratu du “indarrak biltzeko garaia” dela eta independentziaren bideari heldu behar zaioa. “Nazio zahar hau berrizta dezagun, eta hori euskal estatuarekin lor daiteke”. “Aurrera bolie” esanez amaitu du Zubizarreta Arrasateko alkate izandakoak bere hitzaldia. Basterretxea eskulturgileak “kultura zaintzeko” dei egin die politikariei, baita Ipar Euskal Herriko jendearekin lan handiagoa egiteko ere.
13:20: Gizarte eragileen aldarrikapenak. Gizarte eragile batzuk ere izan dira oholtzan, eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute, Euskal Herriaren euskalduntzea, euskararen ofizialtasun osoa, laborantzaren garrantzia, beste nekazaritza eredu bat, Euskal Herriko “egitura instituzionala nahasia eta zaharkitua” dela aipatu dute, jendarte parekidea behar dela, euskal langileen gehiengoa kontuan hartzeko dei egin dute, ingurumena babesteko eta Euskal Herria ez eraikitzeko “zementuaren gainean”. Bukaeran, ezker abertzaleko eta EAko gazteen ordezkariak igo dira oholtzara.
13:40: Akordioa irakurtzen hasi dira. EAren eta ezker abertzalearen hitzarmena irakurtzen hasi dira Elisa Sainz de Murieta (EA) eta Miren Legorburu (ezker abertzalea).
14:10: Ituna sinatu dute seina ordezkarik. EAtik eta ezker abertzaletik seina ordezkarik sinatu dute ituna. Aurresku batekin amaitu da ekitaldia, 14:20etan.
EUSKAL HERRIA| Euskal gazteen aurkako errepresioa salatu dute Bruselako kaleetan
Maiatza 30, 2010 by otxandio
Filed under Euskal Herria, General
Euskal Herriko manifestazioetan ohikoak diren aldarriak entzun dira Bruselako kaleetan. GaztEHerriak deituta, manifestazioa egin zuten atzo ehunka gaztek. Euskal gazteriaren aurkako «errepresioa» salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde egin zuten, Freedom for the Basque Country. Civil and political rights for the basque youth lelopean (Askatasuna Euskal Herriarentzat. Eskubide zibil eta politikoak euskal gazteentzat). GaztEHerria ekimenak nazioartean eginiko kanpainaren emaitza da manifestazioa. Hori hala, nazioarteko hainbat gazte erakundetako ordezkariek hartu zuten parte.
GaztEHerriakoek jakinarazi dutenez, Euskal Herritik hamabi autobus joan ziren hara. Bruselara iritsi zirenean, han bizi diren hainbat euskal herritar eta nazioarteko hainbat eragile zituzten zain, eta txaloka hartu zituzten.
Manifestazioa 15:30 inguruan abiatu zen Roi Albert bulebarretik. Euskal presoen aldeko banderak, argazkiak, ikurrinak eta Nafarroako banderak ikus zitezkeen. Euskal gazteria aurrera; independentzia; utzi bakean euskal gazteria; gazteak gara, ez terroristak eta antzeko leloak oihukatu zituzten. Era berean, zenbait gaztek eskuorriak banatu zituzten Bruselako herritarren artean. GaztEHerriak nazioarteko eragileekin euskal gazteen eskubide zibil eta politikoen alde eginiko agiriaren edukien berri eman zuten orri horien bitartez.
17:45 aldera bukatu zen manifestazioa, hiriguneko Albertinaplein plazan. Bertan, ekitaldi berezi bat egin zuten, eta Ogra Sinn Feineko kide batek eta GaztEHerriako ordezkariek hartu zuten hitza.
Andoni Rojok eta Itxaso Cuevasek, GaztEHerriaren izenean, elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten. «Denok lanean, bakoitza beretik, baina denok batera, elkarlanean lortuko dugu ametsa zena errealitate bihurtzea», adierazi zuten.
Salatu zuten independentziaren aldeko lana ez dagoela egiterik askatasun osoz. GaztEHerriako kideen arabera, Espainiako eta Frantziako estatuek independentziaren aldeko elkarlanari «beldur» diotelako «atxilotu eta torturatzen» dituzte gazte eragileak.
Ogra Sinn Feineko kideak, berriz, «autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria aurrera eraman duten eta daramaten herri txikien lana» nabarmendu zuen, eta bereziki euskal gazteriaren lana txalotu zuen. «Europan zehar gaitasun handiena duen gazte mugimendua» dela esan zuen. Eusko Gudariak abestuz amaitu zen ekitaldia.
Poliziak errepidean
Ehunka lagun irten ziren herenegun Hego Euskal Herriko hiriburuetatik GaztEHerriak antolatutako hamabi autobusetan. Bidaia luzea zuten aurretik. Gaua autobusean igaro eta eguerdian Bruselara iristea zen antolatzaileen asmoa. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugara iristean, baina, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak jarritako errepide kontrolekin egin zuten topo. Autobusak geldiarazi zituzten, eta horietako batzuk ordu eta erdiz eduki zituzten atxikita.
GaztEHerriako kideek jakinarazi dutenez, Espainiako Poliziaren kontrolean gazte guztiak jaitsarazi zituzten autobusetatik, eta, banan-banan, izena eta abizenak esanarazi zizkieten bideo kamerekin haien aurpegiak grabatzen zituzten bitartean.
Ezker abertzaleak uste du “ETAk prozesu demokratikoarekiko apustua” egin duela
Martxoa 23, 2010 by otxandio
Filed under Euskal Herria
Txelui Morenori “garrantzitsua” iruditu zaio erakunde armatuaren azkeneko agiria. ETAk dio “aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna” dauka.
Txelui Moreno ezker abertzaleako kideak adierazi du “oso posiitboa” dela ETAk atzo kaleratutako agiria, “prozesu demokratikoa garatzeko apustua” egin duelakoan erakunde armatuak. ETAk agirian dio “aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna” daukala. Ezker abertzaleak asteazkenean, egun bat lehenago ustezko etakideek Frantziako polizia bat hil ondotik, “prozesu demokratikoarekiko konpromiso argi eta zehatzak” hartzeko eskatu zion ETAri. Honen agiria, dena dela, Jon Anzaren gorpua agertu eta Frantziako tiroketa gertatu aurretik bidalitakoa da, martxoaren 10ekoa.
“Agiria garrantzitsua dela iruditzen zaigu”, esan du gaur Morenok Herri Irratia Loyola Median, “beste pauso bat da prozesua bukaerara iristeko”, eta “beste aldeari” gauza bera egiteko eskatu dio, “ETArena bezala mugimendu txikiak badira ere”. Espainiako Estatuari zuzendu zaio, batik bat, ezker abertzaleko kidea, eta errepresioa eta eskubideen murrizketa geratzeko galdegin dio. Hark dioenez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak “nahikoa baliabidea badu ezker abertzalearen pausoak oso garrantzitsuak direla jakiteko”.
Anoetako metodologia berretsi du Morenok: bi mahaikoa. “Horietako batean ETAk eta Espainiako Gobernuak segur aski armez eta presoez hitz egin beharko lukete”.
Haren arabera, Frantziako polizia hil izana “larria” da, baina berriro esan du ez direla halakoak gaitzesten hasiko, “ezker abertzalea kriminalizatzeko estrategia delako hori”.
Euskadi eta Askatasunaren agiria Euskal Herriari
Martxoa 23, 2010 by otxandio
Filed under Euskal Herria
Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde iraultzaile sozialistak, Agiri honen bidez gure herriak bizi duen egoeraz egiten duen hausnarketa politikoa helarazi nahi die euskal herritarrei:
Espainiar gobernuak azken prozesua ondoratu zuenetik erasoaldi orokor eta bortitza antolatu zuen Euskal Herriaren kontra. Konponbide demokratikoaren aukeraren atea ixteaz batera, ukazioa eremu guztietara hedatzeko eta mugarik gabeko oldartze errepresiboa garatzeko hautua egin zuen. Eraginkortasuna lehenetsi dute zilegitasuna eta ikuspegi demokratiko ororen gainetik. Espainiako legalitatearen mugak gora-behera, denak balio du Euskal Herria suntsitzeko ahalegin zahar berrian.
Etsipenaren mezua luzatu nahi diote Euskal Herriari, askatasunaren aldeko borroka alboratu eta Espainiak inposaturiko joko-arauetan murgildu gaitezen. Espainian Euskal Herriak arnas hartzerik ez duela jakinik, Espainiako amaraun juridiko-politikoan euskal herritarron etorkizun askea motzean kateaturik dagoela.
Ezker abertzalea bilakatu da erasoen helburu. Duela 30 urte Euskal Herria Frantzia eta Espainiaren menpeko asimilazioa ezinezko bilakatu zuen ezker abertzalea. Askatasuna eta independentziaren atea parez pare zabalik irautea lortu duen ezker abertzalea. Bada, ezker abertzalearen kontrako eraso bortitzean Euskal Herriaren etorkizuna lurperatu nahi dute. Ezker abertzalearekiko presioan Euskal Herriaren borondatea bortxatzeko bidea aurkitu.
Independentismoa neutralizatzeko eta zokoratzeko salbuespen egoera ezarri da Euskal Herrian. Antolakunde politikoen ilegalizazioak, militanteen atxiloketak eta jazarpen politikoa ohikoak bilakatu dira gure lurraldean. Eskubide zibil eta politikoak etengabe dira urratuak. Euskal preso politikoen kontrako krudelkeria areagotu dute, koherentzia zigortuz eta berrabiatu duten damutze politikan txantai gisa erabili nahian. Herritarren bahiketak eta itaunketa klandestinoak ugaldu egin dira.
Errepresio latza, ezker abertzalearen jarduera politikoa baldintzatu ez ezik, faktore psikologikoan eragin nahi duena.
Hamaikagarrenez saldu nahi dute irtenbide polizialaren ameskeria. Harrokeriaz mintzo den Perez Rubalcaba Barne ministroak ongi baitaki gaur, atzo bezala, Euskal Herriaren eskubideen ezagutza dela euskal erresistentziaren amaiera bermatzen dion bide bakarra. Ase gabeko euskal herritarron askatasun egarria dela inongo zulotan topatu ezingo duen arma.
Gezurretan eta gerra propagandan ohitua da Espainiako Barne ministeritza, esaldi ponposoen atzean errealitatea desitxuratzeko ahaleginetan, eztabaida desbideratzeko saiakeran. «Votos o bombas» da azken asmakeria. Eta ezker abertzaleak argi eta ozen erantzuten dio: «votos», euskal herritarrok, muga eta injerentziarik gabe, eta proiektu guztiak egingarri direla, gure etorkizuna erabakitzeko metodo demokratiko gisa. Eman hitza herriari. Hori da Espainiako gobernuak ukatzen duen aukera, gatazkaren oinarrian dagoena. Hori da euskal herritarron borrokak altxarazi behar duen topea.
Indar itxura guztien gainetik, Espainiaren ahultasunaren ispilu da erasoaldiaren tamaina, duela 30 urte zabaldutako ziklo autonomikoaren porrota estaltzeko ezintasuna. Ukazioaren marko politikoaren zilegitasun ezari ohiko ikuspegi demokratiko eskasaz erantzuten dio Espainiak, inposizioa eta errepresioa areagotuz.
Hartara, adierazgarria da marko autonomikoa zuzenean kudeatzeko egin dituzten PSE-PP eta UPN-PSN estatu hitzarmenak, orain arte leiala izan den PNV baztertu behar izan badute ere. Jakin badakitelako eskuduntza berriak baino marko juridiko politikoa bera dagoela jokoan. Eta bide batez Euskal Herriaren eraikuntzan baliagarriak izan direla irizten dioten urrats guztiak indargabetzeari ekin diote.
Aldaketa politikorako gogoa dago Euskal Herrian. Espainiako gobernuaren itxikeriak eskaintzen duen etsipenaren aurrean horrela adierazi dute euskal herritarrek hamaika ekimen politiko, sozial eta kulturaletan. Horren adierazle argia da euskal eragileek antolatu dituzten elkarlan ekimenek jaso duten babesa.
Ilusio berri bat sortu da Euskal Herrian, zalantzarik gabe. Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatzea egingarri bilakatuko duen prozesu demokratiko bat abiatzeko espektatiba.
Alta, prozesu demokratikoak alde guztietako borondatea eta konpromisoak behar ditu. Baita egun jarrera itxiena erakusten duen Espainiako gobernuarena ere. Euskal eragile guztion zeregina izango da, beraz, ilusioa eraginkor bilakatu, prozesuak behar dituen baldintzak elikatu eta Espainiako gobernuak ezarri duen blokeoa borrokatzea.
Bide zaila eta arantzaz betea izango denaren zalantzarik ez du ETA-k. Baina askatasunak merezi du. Lortuko dugu!
ETA-ren Adierazpena:
1.- Azken hilabeteotan, errepresio egoera bortitzean eta presio politiko-mediatikoari aurre eginez, dinamika berri bat abiarazi nahian Euskal Herriaren alde urratsak ematen ari diren eragileekiko begirunea adierazi nahi du Euskadi Ta Askatasunak.
2.- Euskal Herria dugu erronka kolektiboa. Ukazio egoera gainditu eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzea. Bide horretan eragile guztion urrats sendoak eta konpromiso irmoak behar dira. ETA-k elkarlanerako eskuak luzatuak dituela adierazten du.
3.- Hartara, Euskal Herriko gizon-emakumei dei egiten diegu, nork bere alorrean eta dituen ahalen arabera, Euskal Herriaren alde borroka egin dezala. Herriaren aktibazioa baita Euskal Herriak aurrera egiteko berme nagusia.
4.- ETA-k, bere aldetik, dagokion eremuan aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna adierazten du.
5.- Gatazka konpontzeko borondatean berresten da Euskadi Ta Askatasuna. Euskal herritarrok gure etorkizuna inolako muga eta injerentziarik gabe erabakitzeko formulazio adostua eta horretarako bermeak ekarri behar dituen prozesu demokratikoa oinarri sendoen gainean eraikitzea da ETA-ren nahia eta zeregina.
6.- Toxikazio informatiboa Espainiako gobernuaren tresna politiko garrantzitsua bilakatu den honetan, herriari zintzotasunez eta gardentasunez hitz egiteko jarreran berresten da ETA.
7.- Azkenik, Euskadi Ta Askatasuna, Euskal Herria buruan eta bidean utzitako euskal gudariak bihotzean, duela 50 urte Euskal Herriarekin hartutako konpromisoan berresten da eta Euskal Herriaren aldeko borrokan tinko jarraituko duela aldarrikatzen du. Askatasuna erdietsi arte ez dugu etsiko!
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian, 2010eko martxoaren 10ean
Inposaketarik gabeko hezkuntzaren aldarria
Martxoa 14, 2010 by altzoan2
Filed under Euskal Herria
Jai giroan aldarrikatu dute milaka lagunek euskal hezkuntza sistema propioa Bilboko kaleetan.
Belaunaldi berrien erdalduntzea, Euskal Herria eskola liburuetatik ezabatzea, haur eskolak haurren aparkaleku bilakatzea eta beste «hamaika eraso» pairatzen ari da irakaskuntza azkenaldian. Hala azaldu zien Edurne Larrañagak, EHBE Euskal Herriak Bere Eskola ekimeneko kideak, Bilboko Arriaga plazan bildutako milaka lagunei. «Eraso gero eta larriagoei» erantzuteko deitu zuen EHBEk atzoko nazio manifestazioa, eta, termometroari aurre eginda, hiriburuko kaleak betetzera atera ziren ehunka ikasle, irakasle, guraso eta euskal hezkuntza sistema propioa eskatzen duten beste mila herritar.
Manifestazioa hasi aurretik ekitaldi labur bat antolatu zuten. Txalapartarekin hasi, eta, jarraian, Hodei Iruretagoiena eta Eneko Lazkoz bertsolariek euskal hezkuntza sistema kinka larrian dagoela irudikatu zuten. Hezkuntza legeen «inposaketak» salatu zituzten, eta hurrena D eredua debekatzea izango dela kantatu zuten. Elkarlana , alabaina, «erasoaldia» gelditzeko gai dela azpimarratu zuten, aurrean bildutakoen txalo luzeen artean.
Bertsolarien ostean abiatu zen, arratsaldeko seiak baino minutu batzuk lehenago, Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere hezkuntza lema zuen pankarta, eta, haren atzetik, Arriagan bildutako guztiak.
Ezohiko bidetik
Ohikoa baino ibilbide laburragoa egin zuen atzoko manifestazioak. Kale Nagusitik jarraitu beharrean, Plaza Biribilera heldu eta udaletxerako bidea hartu zuen. Bihurgune hartan, ikasle mugimenduko kideek irakaskuntzak pairatzen dituen erasoetako batzuk salatu zituzten. Errepidean jarritako aulkien gainean zutik, salatu egin zituzten jaiegun eta mapa arrotzak, «campus polizialak», kontrol soziala eta greba eskubidea urratzea.
Ibilbide osoan ez ziren falta itsasgarriak eta deialdiaren adierazpena banatzen zituztenak. Ez zen, aldiz, aldarrikapenik oihukatu. Manifestazioak, hala ere, jai giroan egin zuen aurrera. Trikitilariak lehenengo, joaldunak gero, eta, udaletxetik abiapunturako bidean, perkusio talde batek gorputza dantzan berotzeko aukera eman zuen.
Berrogei minutu inguruko martxaren ostean amaierako ekitaldia hasi zuten, norekin eta Txan magoarekin, gaztetxoen gozamenerako. Bertsolariak bueltatu ziren gero, eta, azkenik, ikasle baten, irakasle baten eta guraso baten ikuspegitik, azaldu egin zituzten Euskal Herriaren izaera eta euskara bera errespetatzen ez dituen hezkuntza sistemaren gabeziak.
EHBEko ordezkariak «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela esan zien Bilbon bildutakoei: «Mugarri bat jarri dugu bidean; beste bat gehiago Hezkuntza Sistema nazionalaren bidean». Larrañagak, halaber, eskatu zuen ez onartzeko administrazioetatik «euskara desagerrarazi eta Euskal Herria galarazteko inposatu nahi dituzten neurriak».
Manifestazioan euskal gizarteko jende ezagunak izan ziren. Besteak beste, Iñaki Antiguedad EHUko irakaslea, Jon Aritz Bengoetxea EAko kidea, Gazte Abertzaleak taldeko Maider Carrere, Tasio Erkizia ezker abertzalekoa, Sonia Gonzalez eta Jon Urrusolo LABeko kideak. Antiguedadek esan zuen nazio izaera aldarrikatzen duen ororentzat «hezkuntza funtsezkoa» dela. «Bi eleko sistema gorpuztu gabe, arriskutsua da hirugarren hizkuntza bat sartzea», iritzi dio. Erkiziaren irudiko, Gasteiztik eta Iruñetik euskal gizartea espainolizatzeko helburua dute. «Curriculumak bertako hizkuntza, historia eta izaera oinarri izan behar ditu». Urrusolok, berriz, inposizioa salatu zuen: «Hezkuntzan hartzen ari diren erabakietan langileak kontuan ez dituzte hartzen».
‘Nazioa gara, estatua nahi dugu’ leloa hartuta, Aberri Egunera deitu dute
Martxoa 14, 2010 by altzoan2
Filed under Euskal Herria
Bizkarra emanda dauden independentistak elkarri begira jarriko dituen ospakizuna iragarri dute.
Independentistak sarea pozik agertu da duela bi astetik -jendaurrean aurkeztu zenetik- gizarteak egin dion harrerarekin. Hori horrela, ekimenak aurkeztutako aurreneko erronka nagusiarekin bat egiteko deia egin diete atxikimendua adierazi dieten guztiei, baita euren burua abertzaletzat daukaten alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile eta banakoei ere. Nazioa gara, estatua behar dugu lelopean datorren apirilaren 4an Irun eta Hendaia artean egingo duten Aberri Eguneko ekitaldiarekin bat egitera gonbidatu dituzte guztiak.
Zelai Nikolas sareko kidearen esanetan, aurtengo Aberri Eguna ez da beste bat gehiago izango. «Jendetsua, koloretsua, esanguratsua eta independentziaren aldeko mugimenduaren ibilbidean gauzak aldatzen hasiko direla adieraziko duena izatea dugu helburu», azaldu zuen atzo Bilbon egindako agerraldian. Independentziaren aldekoak «bizkarra emanda daudenak elkarri begira» jarriko dituen ospakizuna izango dela ere iragarri zuen Nikolasek. Hala, «besarkadaren Aberri Eguna» deitu zion. Horregatik azpimarratu zuen aurten bereziki garrantzitsua dela «alderdikeriak eta bakoitzaren interesak alde batera uztea».
Iristear dagoen Aberri Eguna elkarlanean sortu eta egiteko asmoa agertu zuen, eta aurrerantzean jarraitu nahi duten bidea ere hori dela azaldu zuen. «Independentisten auzolan eguna izango da, eta etorriko diren auzolan berrien aitzindaria». Lortu nahi duten parte-hartze zabal horren harira, deitzaile kopurua gogorarazi zuen, eta pentsaera eta ikusmolde askotako milaka independentista direla ohartarazi.
Bereziki estatuaren beharra aldarrikatuko dute apirilaren 4an. Estatua, «gure arazoei demokratikoki eta inoren ezarpenik gabe aurre egin ahal izateko, mendeetako inposizioa baztertuz gure nortasuna babesteko eta munduko beste herriekin elkartasunean oinarritutako harremanak izateko». Alex Marañonen esanetan, Euskal Herria «naziotasuna ukatzen dioten nazio bat da». Horregatik, norabidea aldatu eta independentziara bidean jarri behar dela ohartarazi zuen. «Independentziaren aldeko lana egin behar da, jendea bilduz, eta independentistak euskal politikagintzaren subjektu aktiboena bilakatuz», nabarmendu zuen.
Ilusioa, aldaketarako hauspoa
Sarea aurkeztu zutenean, Ari Gara izeneko proposamena ezagutarazi zuten. Edukiaren berri izandakoan batzuek eszeptizismoa agertu dutela onartu zuen. «Baina denborarekin uste dugu horiek ere ongi ikusiko gaituztela, eta gurekin batera arituko direla lanean». Ateak zabalik dauzkatela ere gogorarazi zien. «Independentisten artean» oso ondo hartutako ekimena dela azpimarratu zuen. «Izugarria da jasotzen ari garen babesa, prestasuna eta ilusioa». Beren webgunean jasotako atxikimenduez gain, Facebook sare sozialean sortu duten taldeak lortutako lagun andana ere aipatu zuen.
Bidenabar, ilusio horren garrantzia eta indarra nabarmendu zituen. Haren irudikoz, ez da aski mundua aldatzeko, baina «mundua ezin da aldatu ilusiorik gabe». Hala, hainbeste lagunen interesa piztu izana eta horiengan guztiengan ilusioa sortu izana abiapuntu garrantzitsua dela azaldu zuen. Hori horrela, Aberri Egunaren ondotik urrats gehiago egingo dituztela iragarri zuen.
Aurretik, datorren martxoaren 23rako jarri zuen hitzordua. «19:30ean herri guztietako udaletxeetan elkartu eta Aberri Eguneko kartelak zabaltzera dei egiten dizuegu. Dagoeneko boluntario mordoa dugu, baina gehiago behar ditugu».
@Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.independentistak.net
Anzaren heriotza «gerra zikinaren» ekintza dela salatu dute Baionan
Martxoa 14, 2010 by altzoan2
Filed under Euskal Herria
Bertsio ofiziala ez dute ontzat hartzen, eta egia lortu arte «borrokatuko» dira. Mobilizaziorako deia egin du, gaur Donostian, bihar Tolosan eta apirilaren 17an Donibane Lohizunen.
Jon Anzaren heriotza ozenki eta irmoki salatu zuten atzo Baionan haren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek: «Gerra zikinaren ekintza baten aurrean gaude. Heriotzeraino eraman den ekintza». Jon Enparantza abokatuak egin zituen denen izenean adierazpenak: «Estatu afera bat dela» argi dute, «orain arte eman datuek baieztatzen dutena, hasieratik Jonen senideek, haren inguruak eta ezker abertzaleak esan eta salatu duguna da». Bertaratuentzat argi da: «Jon Anza bahitu, torturatu eta heriotzeraino eraman dute indar armatuek. Konbentzituak gaude Guardia Zibila izan dela». Oraindik, ordea, baieztaturik gabe dagoena, beren iduriko, espainola edo frantsesak izan diren: «Badakigu, agerian eta nabarmen utzi dutenez, urte betez frantsesen eskuetan izan dela». Enparantzak esan duenez, uste dute espainolek gaixo larri zegoela bahitu egin zutela. Hamar egunetan atxiki, torturatu eta heriotzera eraman zuten. Frantsesek bizirik aurkitu eta, ia urte betez atxiki dute gorpua isilpean. «Frantziak polizia operazio hori babestu egin du, eta Jonen gorpua politikoki erabili». Frantziaren inplikazio zuzena ikusten du: «Egin duena kudeaketa makabroa izan da».
Anne Kayanakys Baionako prokuradoreak auziari buruzko hainbat galdera pausatu zituen ostiralean eman agerraldian. Erantzunak aurkitzeko «Espainiako eta Frantziako estoldetan galdetzeko» esan dio Enparantzak. «Zerbitzu sekretuak murgiltzen diren eremuan». Argi dute, prokuradoreak egin agerraldian erranak erranik, bere gainetik pasatu dela afera: «Lehertu zaio dosierra». Arduradun nagusi, Frantziako presidente Nicolas Sarkozy eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero izendatu dituzte: «Estatu bakoitzaren ardura politikoak agerikoak eta maila politiko bertsukoak dira, ahantzi gabe Rubalcaba eta Alliot Marie, elkar babestu direnak». Bizkitartean, Alliot Marie, Jon Anza desagertu zelarik Frantziako Barne ministro zen, eta gaur egun Justizia ministro da. Horiek horrela, bi ministroei azalpenak eskatzeaz gain, Alliot Marieren berehalako dimisioa eskatu dute.
Gertakaria bera ez dela bakana, eta testuinguru politikoa gogoratu dute, eta ez dituztela ahanzten Jose Luis Moreno Bergaretxe Pertur, Jean Louis Larre Popo eta Joxe Migel Etxeberria Naparra oraindik desagertuak daudenak. «Frantzia eta Espainiaren estrategia errepresibo orokorrean» kokatzen dute. «Mugarik gabeko zapalkuntzan. Bahiketa eta galdeketa estrajudizialen testuinguruan». Alde horretatik, «Rubalcaba eta Alliot Marieren babespean Euskal Herrian diren milaka guardia zibilek alde egin dezatela» exijitu dute.
Exijitu, orobat, egia: «Egia jakin arte lanean eta borrokan segituko dugu». Hitzetan diotena mobilizazio bidez eskatuko dute. Apirilaren 17an finkatu manifestazio nazionala atxikitzen dute. Donibane Lohizunen eginen dute, Alliot Marieren hiria delako. Gaur bertan, berriz, manifestatzera deitu dute Donostiako bulebarrera 17:30ean: «Errepresioa eta gerra zikina amaitu!» lelopean.
Bihar, Tolosara
Eta bihar goizean, Tolosara (Okzitania, Frantzia). «Samaldaka» joateko deia luzatu dute. Bihar egitekoa baitute Jon Anzaren autopsia. Hitzorduak, Baionako San Andres plazan 04:30ean, 05:00etan Saliesen eta 07:30ean Muret-eko ordainlekuan -Tolosatik oren erdira baitago-. Handik autopsia eginen den lekura joanen dira. Gorputzaren autopsia eragozten saiatuko direla iragarri dute, autopsian familiaren konfiantzazko mediku batek parte hartzeko baimena berriz ere ezeztatzen badiete. Izan ere, mementoko, ukatzen diote konfiantzazko mediku horren presentzia. Jon Anzaren abokatuek diote, alta, legeak ez duela debekatzen horrelakorik.
Heriotza salatzen duten guztien izenean mintzatu da Jean-François Lefort, eta hark esplikatu du presentzia hori ezinbestekoa dela: «Gertakariak ikusiz, ez diegulako konfiantzarik ematen». Enparantzak honako hau ere gehitu du: «Gerra zikinak gorpuaren gainean jarraitzen du. Senideekiko agintari frantsesek izan duten jarrera onartezin, miserable, krudel eta nazkagarria lekuko. Sortutako minaren gainean eragin asmo izan dute. Familia umiliatu asmo izan dute. Beste azalpenik bada, bestela? Zer da ezkutatzen dutena? Zeren beldur dira?». Alabaina, kolektiboak ez du ontzat hartu bertsio ofiziala, Enparantzak zehaztu duenez: «Ez dugu ontzat ematen Jonen gorpua agertu denetik erakutsi diguten kontakizuna. Inoiz ez ditugu ontzat eman bertsio ofizialak». Ez dute sinesgarritasunik: «Kontrastez, hutsunez eta manipulazioz beteak dira».
«Nork ezkutatu du, zergatik?»
Hasieratik daude hutsuneak. Jon Anza desagertu zenean bi galdera pausatu zituztela gogoratu du: «Non da Jon? Zer egin duzue?». Eta egunotako azken berriek egoera argitu ordez, galdera gehiago eta zehatzagoak ekarri ditu: «Non izan da bahitua hamaika egunetan? Noren esku izan da? Zer egin dute hamaika egun hauetan? Zergatik esan da gorpuak ez duela inolako markarik, erabat hondatua badago? Nola da posible ia urte betez ezkutatua izatea, ustez Baionako prokuradoreak, bere zerbitzura den polizia guztiarekin han eta hemen Jonen bila ibili ondoren? Nork? Nola? Eta zergatik ezkutatu du gorpua?». Guztiak erantzun ofizialik gabe daudela, beste galdera bati erantzunak aurkitzen ahaleginduko dira: «Zergatik orain agertu da?», argi baitute erabaki politikoa izan dela «interes politiko ilunen zerbitzura. Horrela kudeatu dute gerra zikina eta Jonen heriotza».
Dosierreko eta Prokuradoreak eraman inkestan dauden «itzalgunean» hurbiletik aztertzen dabiltza orain, eta aurki prentsaurreko bat emanen dute abokatuek, guztiak zehazteko. Izan ere, mobilizazioaz gain, inkesta ofizialetik at, abokatuek eta kolektibokoek inkesta paraleloa segitzen dute, «orain arte bezala» ahaleginak eginez «gure erantzunak aurkitzeko», Leforten hitzetan. Prokuradoreak aitortu ezintasunak gogoratu dituzte, eta prokuradoreak berak egin galderak: «Guk ez ditugu galderak behar, guk erantzunak ditugu behar».
Bizkaiko hainbat alkatek pairatzen duten kriminalizazioa salatu dute
Urtarrila 24, 2010 by editorea
Filed under Euskal Herria
Legegintzaldi erdian gauden honetan, hamaikatxo izan dira ezker abertzaleak udal desberdinetan izan dituen oztopoak bere eguneroko lana normaltasun osoz egiteko. Hauteskundeetan bizkaia erdia legez kanpo utzi bazuten, ondoren gure alderdiaren ilegalizazioa etorri zitzaigun, ostean mozio etikoen erasoa izan genuen. Oraingoan, guzti hauen porrota agerian gelditu denean, gure lan dinamika oztopatzera datozkigu.
Azken asteotan, herri desberdinetako hautetsiok, audientzia nazionala edota komunikabide desberdinetan gure lana desitxuratu eta errepresioaren jo-puntuan jarri gaituzte:
Markinan: elkartasun egun baten harira polizia autonomikoaren jarreraren ondorioz gure hautetsi bi izan dira auzipetuak
Igorren: jaien testuinguruan gure alkateak pairatutako jazarpen judiziala eta mediatikoa.
Atxondo eta Elorrio: komunikabide espainiarrek zabaldutako informazio, non azaltzen zuten AHTren inguruko txosten publikoak direnak baten baten esku utzi zutela gure alkateak.
Gernika: jai batzordeak era partehartzailean hartutako erabakiaren ostean eta udan bizitakoa bizita gaur da eguna noiz gure hautetsia Auzitegi Nazionalera jeitsi behar duen.
Azken eraso hauekin, ezker abertzalearen lan instituzionala zein gure iniziatiba politikoa baldintzatu nahi dute, izan ere gure eguneroko lanaren fruituak jadanik ikusten hasiak dira eta hori bai, inondik inora ere, ez dutela begiko.
Urduri daude eta lehen esan bezala gure lana partehartzean oinarritua dago eta beste alderdiek ez dute herritarren borondatea inoiz errespetatu, adibide franko ditugu, lemoiz, boroa, aht, coke, udal hauteskundeen emaitzak (ondarru, mendexa…).
Edozein disidentzia ahots isilarazi nahi dute, eta guk gure udaletan egiten dugun lana, ahots bakoei ahotsa ematea izan da nagusiki, hori besterik ez dute bilatzen, bestelako ahots guztiak isilaraztea.
Euskal Herriak garrantzi handiko momentua bizi du. Adaketa errealaren aukeran gauden honetan, guk gure udaletatik honen alde egiteko dagoen guztia egiteko prest gaude. Euskal jendarteak ardura exijitzen digu eragileoi. Eta eragileon ardura da herriaren behar eta interesak alderdikeriei lehenestea.
Hemen bildutakook, Elorrio, Igorre, Gernika, Atxondo eta Markina-Xemeingo hautetsiok Bizkaiko jendarteari ondoko hau adierazi nahi diogu.
1.Ezker abertzalea eta bere proiektu politikoa euskal gizartearen parte izan da, da eta izaten jarraituko du. Azken erasoek ere ez dute lortuko ezker abertzaleak proiektu independentista eta sozialista alboratzea, ez eta berau bururaino garatzeari uko egitea.
2.Udaletan daramagun politika, preso politikoen aldeko elkartasuna edota abiadura handiko trenaren aurkakoa, berez edozein gizartetan legitimoa dena, hemen kriminalizatu nahi dute.
3.Azken zitazio hauek, zein komunikabideetatik egindako erasoak ezker abertzalearen bazterketa instituzionala dute jomuga. Eraso guzti hauek adierazpen askatasuna, karguen hautaketa askea eta herritarren gehiengoaren borondatea dute jomuga.
4.Gure herrietan daramagun politika, demokrazia partehartzailean dago oinarritua, eta udaletatik egiten den lana herritarren babes osoa dutela, horren adibide da gernikako jai batzordearen pluraltasuna zein elorrion egin zen herri galdeketarena.
Argi gera bedi, gure lan instituzionalean jarraituko dugula, euskal preso politikoei gure babesa emanez, herritarron parte hartzea bultzatzen, eraiki nahi dituzten makroproiektuei oztopoak jartzen eta abar luze bat. Berriro berresten dugu, gure lanean jardungo dugula eta ez dugula etsiko amesten dugun Euskal Herri aske eta solidariago bat eraikitzen.









